Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Turismoaren etorkizunari buruz eztabaidatu dute berrehun profesional eta agente inguruk, Gipuzkoan egindako Turismo Industriaren Lehen Topaketan

Turismoaren etorkizunari buruz eztabaidatu dute berrehun profesional eta agente inguruk, Gipuzkoan egindako Turismo Industriaren Lehen Topaketan

«Turismoaren etorkizuna birdefinituz» izenburupean egin den topaketa honetan, erakundeetako eta eskualdeetako ordezkariek, sektoreko eragileek eta profesionalek turismo sektoreak etorkizunera begira izan behar dituen erronkak kontrastatu ahal izan dituzte aditu ezagunekin.

2024/02/08
Azahara Domínguez diputatuak Rosana Morillo Espainiako Turismoko Idazkaria, Javier Hurtado sailburua eta Cristina Laborda alkatearekin,...

Azahara Domínguez: «2023an marka guztiak hautsi ditugu maila guztietan, eta albiste bikaina da hori, turismoak aberastasuna baitakar Gipuzkoara. Baina gure helburuak ez du izan behar hazteagatik haztea, baizik eta helmuga turistiko jasangarria bihurtzeko lan egitea. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan plan estrategiko bat lantzen ari gara, datozen urteetarako gure politiken gidalerroak ezarriko dituena. Eta sektorearekin batera egin nahi dugu hori. Izan ere, gure ustez, ezinbestekoa da turismo industriako eragileak entzutea eta kontuan hartzea turismo politikak garatzeko orduan. Eta biltzar hau agertoki bikaina da elkar topatzeko eta gure turismo estrategia definitzeko urratsak egiten jarraitzeko».

Gipuzkoako turismoaren sektoreko ia 200 profesional eta agentek parte hartu dute ostegun honetan Gipuzkoako Turismo Industriaren Lehen Topaketan. Topaketa hori Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak antolatu du, eta Ficoban egin da. «Turismoaren etorkizuna birdefinituz» izenburupean egin den hitzordu honetan, aitortutako adituek turismo industriak lurraldean dituen etorkizuneko erronkei buruz daukaten ikuspegia eman diete erakundeetako ordezkariei, eskualdeko eragileei eta sektoreko langileei. Izan ere, erronka horiek ez dira nolanahikoak, 2023a maila guztietan sektorerako historikoa izan dela kontuan hartuz.

Hainbat profesionalen arteko hitzaldien eta elkarrizketen bitartez, etorkizuneko gakoak landu dira, hala nola negozio eredu berriak, estrategia turistiko puntakoenak edo jasangarritasuna, Gipuzkoak turismo industrian erreferentziazko helmuga jasangarri gisa duen posizionamenduari eusteko eta hori indartzeko helburuarekin. 
Irekiera instituzionalean, Azahara Dominguez diputatuaz gain honako hauek parte hartu dute: Irungo alkate Cristina Labordak; Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, eta Turismoko estatu idazkaria den Rosana Morillok. 
Hitzaldiaren antolatzaile gisa, Azahara Domínguezek gogora ekarri ditu Gipuzkoak 2023an izan dituen datu bikainak: 1,5 milioi bisitari erregistratu dira, Hondarribiko aireportuak marka guztiak hautsi ditu milioi erdi bidaiarira gerturatuz, eta sektoreak BPGaren % 7,1 sortzen du gaur egun. «Ezin dugu ahaztu horrek guztiak aberastasuna dakarrela Gipuzkoara», gogorarazi du diputatuak. Azaldu du, baita ere, turismoaren sektoreak 60.000 lanpostu sortu dituela azken urtean; horietatik 20.000 mugagabeak izan dira eta ia 40.000 lanaldi osokoak. 
Horiek horrela, diputatuak azpimarratu du Gipuzkoako turismo jarduera urte sasoi guztietara eta lurralde osora zabaldu behar dela etorkizunean. «Izan ere, gure helburua ez da izan behar hazteagatik haztea, baizik eta helmuga turistiko jasangarri jarraitzen izateko lan egitea», nabarmendu du Azahara Domínguezek. 

Eta, azkenik, Gipuzkoara erakarri nahi den bisitarien profilean jarri du arreta: «Nor garen eta nondik gatozen ulertzeko interesa duten pertsonak, gure kultura, gure tradizioa, gure ingurunea eta, jakina, gure jendea errespetatuko dutenak». Ildo horretan, Azahara Domínguezek gogorarazi du Gipuzkoa helmuga turistiko jasangarri eta bikain gisa mantendu behar dela klima larrialdiko garai honetan. 

«Turismoa gorabidean dagoen sektore ekonomiko bat da Gipuzkoan. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan plan estrategiko bat lantzen ari gara, datozen urteetarako gure politiken gidalerroak ezarriko dituena. Eta sektorearekin batera egin nahi dugu hori. Izan ere, gure ustez, ezinbestekoa da turismo industriako eragileak entzutea eta kontuan hartzea gure turismo politikak garatzeko orduan. Eta biltzar hau agertoki bikaina da elkar topatzeko eta gure turismo estrategia definitzeko urratsak egiten jarraitzeko», adierazi du.

Cristina Laborda Irungo alkateak eskerrak eman dizkio Aldundiari topaketa hau egiteko Ficoba aukeratzeagatik. "Urteak daramatzagu gure posizionamendu turistikoan lanean, eta gaur egun esan dezakegu Irun hiru alderditako helmuga dela: kulturala, naturala eta negozioetakoa; beraz, kongresu honen egoitza bertan egiteak zentzu osoa du". "Irunek indargune handiak ditu bere alderdi guztietan, eta horren erakusgarri da Europako Funtsek Irugurutzetako terma erromatarrak eta labeak berreskuratzeko lortutako finantzaketa. Gure ondarea eta haren kontserbazioan eta balioan jartzeko gure lan-ildoa nazioartean aintzatestea, eta hori zaintzen eta indartzen jarraituko dugu ", gaineratu du.

Bestalde, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak eta gainerako erakundeek "apustu sendoa" egin dutela  turismo-hazkunde orekatu eta iraunkorreko agertoki honetan mugi gaitezen". Era berean, sektoreari eskerrak eman dizkio eredu hori bultzatzeko erakutsitako "profesionaltasunagatik, erantzukizunagatik eta konpromisoagatik". "Ez dugu ahaztu behar Euskadin aitzindariak izan garela Turismoaren Kode Etikoa ezartzen, Turismoaren Mundu Erakundeak bermatua, eta dagoeneko 700 enpresa baino gehiago daudela bertan atxikita. Kode Etiko horri atxikitzea ez da izapide hutsa, auditoria, lana eta prestakuntza eskatzen ditu, eta horrek gure profesionalen konpromiso hori islatzen du ", amaitu du.

Amaitzeko, Rosana Morillo Estatuko Turismo idazkariak, Azahara Dominguez diputatuaren hitzak errepikatu ditu: "Gipuzkoa une historikoa bizitzen ari da", eta eskualdeko datu turistiko onek lurralde osoan korrelazioa dutela gogorarazi du. "Nazioarteko bidaiarien etorreraren eta gastu turistikoaren zifrek sektorearen erabateko susperraldia ez ezik, Espainiako BPGren % 13 inguru eta enplegu osoaren % 13 inguru osatzen duen industriaren indarra ere berresten dute, gaur goizean ezagutu diren Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuek berresten duten bezala", nabarmendu du.

Eskualdeko turismoaren ibilbide-orriari dagokionez, Morillok bat egin du diputatuarekin: “Erronka da desestazionalizatzen eta dibertsifikatzen jarraitzea da, turismoaren aberastasuna lurralde osora eta urteko 365 egunetara irits dadin”. Ildo horretan, Estatuko Idazkaritzak Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean aurreikusitako 3.400 milioi euroak nabarmendu ditu, helburu horiek lortzen laguntzeko.

Estatu mailako eta nazioarteko adituak
Irekiera instituzionalaren ondoren, Claudio Milano Gizarte eta Kultura Antropologiako doktoreak abiarazi du jardunaldia, bere hitzaldian turismoak tokiko, estatuko eta nazioarteko mailan dituen joera nagusiak aztertuz. 

Ondoren, Caroline Couret aholkulariak sormenezko turismoaren gakoak eman ditu, puntako helmuga turistikoen estrategietan gero eta presentzia handiagoa duen joera bat baita, eta, hitzaldiaren ondoren, mahai inguru bat egin da, sektoreko profesionalen parte hartzearekin. 

Jarraian, Snorri Valsson Islandiako Gobernuko komunikazio eta harreman publikoetako arduradunaren txanda izan da, eta Europako iparraldeko herrialde horrek mundu mailan erreferentziazko helmuga turistiko bihurtzeko jarraitu duen estrategia azaldu du. 

Era berean, tokiko eragileek beren proiektu turistikoak eta gure lurraldean sortu diren ekimen turistiko originalak azaltzeko aukera izan dute. 

Jardunaldiari amaiera emateko, Emilio Duró aholkulariak hartu du hitza; herrialdeko lehen enpresetan prestatzaile lanak egin zituen eta hainbat artikulu idatzi izan ditu komunikabideetan. 

  

1947