Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Txertoa hartzen hasi dira Gipuzkoako foru suhiltzaileak

Txertoa hartzen hasi dira Gipuzkoako foru suhiltzaileak

Aurreikuspenen arabera, 147 lagunek jasoko dute txertoa datozen egunetan

2021/03/10

Goizeko 9:00etan hasi da Gipuzkoako foru suhiltzaileen txertaketa-prozesua eta, gaurko egunean zehar, 30 profesionalek jaso dute euren dosia gaur goizean zehar. Tolosan dagoen Oria parkean ari dira txertoak inokulatzen. Prozesuak bihar eta ostiralean zehar jarraituko du, eta datorren asteko ostegunean, martxoaren 18an, amaituko da. Eider Mendoza Gobernantza foru diputatuak azaldu duenez, guztira, 55 urtetik beherako 147 suhiltzailek jasoko dute egun hauetan AstraZenecako txertoaren lehen dosia. Bigarrena lehenengo dosia hartu ondorengo 10 edo 12 asteko epean jasoko dute.

Foru arduradunak gogorarazi duenez, gaur gaurkoz jada jaso dute txertoa lurraldeko adinekoen egoitzetako erabiltzaileak eta baliabide hauetako langileek, eta une honetan txertoak jartzen ari dira eguneko zentroetan eta desgaitasuna duten pertsonentzako zentroetan. "Orain, txertoa suhiltzaileen foru zerbitzura hedatzearekin batera, beste urrats garrantzitsu bat ematen dugu pandemiaren aurrean zaurgarrienak diren pertsonak eta pandemiaren aurkako lehen lerroan lan egiten dutenak babesteko prozesuan, kasu honetan larrialdi zerbitzuak", adierazi du. Azkenik, Foru Aldundia Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin uneoro izaten ari den lankidetza goraipatu eta eskertu du foru arduradunak.

 

  

1625