Udal Etorkizuna Eraikizek bere espazioa kontsolidatu du eta prest da udalerri gehiagotara zabaltzeko
Udal Etorkizuna Eraikizek bere espazioa kontsolidatu du eta prest da udalerri gehiagotara zabaltzeko
Udal Etorkizuna Eraikizek bere espazioa kontsolidatu du eta prest da udalerri gehiagotara zabaltzeko
Hainbat udalerritako ordezkarik, horien artean bost alkatek, ekimenaren lehen osoko bilkuran hartu dute parte
Udal Etorkizuna Eraikizek bere lehen osoko bilkura egin du gaur, iazko udazkenean abian jarri ondotik, eta topaketak prozesuaren sendotasuna agerian uzteko balio izan du. Ekimen honen helburua Etorkizuna Eraikiz eredua udal esparrura zabaltzea eta Gipuzkoan ikasketa komunitate bat eratzea da, lurraldeak bere potentziala biderkatu dezan etorkizuneko erronkei aurre hartu eta erantzuteko. Gaur egun, hamabi udalerrik parte hartzen dute esperientzia horretan, baina, Eider Mendoza Foru Aldundiko bozeramaile eta Gobernantzako diputatuak azaldu duenez, udalerri berriak ari dira aurkezten Udal Etorkizuna Eraikizen laguntza deialdira, oraindik ebatzi ez dena. “Horrek adierazten digu norabide onean goazela, Udal Etorkizuna Eraikizek bere espazioa aurkitu duela, eta pixkanaka Gipuzkoako herri gehiagotara zabalduko dela”, adierazi du.
Ekimena sortu zenetik, honako udalerri hauek parte hartzen dute egitasmoan: Errenteria, Hernani, Andoain, Zarautz, Beasain, Legazpi, Azkoitia, Oñati, Eibar, Elgoibar, Irun eta Deba. Gipuzkoako hainbat udalerritako ordezkarik, horien artean bost alkatek, gaur Gunean egin den osoko bilkuran parte hartu dute. Topaketak Udal Etorkizuna Eraikizen lanaren lehen hilabeteen balantzea egiteko balio izan du, definizio fase moduko batetik igaro baita. “Ekimenaren helburua ez da soilik gobernantza eredu irekia eta lankidetzakoa udaletara esportatzea, baizik eta bi norabidetan doazen harremanak sortzea”, esan du Mendozak. Gehitu duenez, helburua ez da bakarrik irakastea, besteen esperientzietatik ikastea baizik.
Foru ordezkariak berretsi du Etorkizuna Eraikiz ez dela Aldundiaren proiektu bat, “baizik eta gipuzkoar guztiona”, kontua baita denen artean erantzutea lurraldeak dituen erronkei. Gogorarazi duenez, udalek funtsezko eginkizuna dute prozesu horretan, herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa baitira. Ildo horretan, gobernatzeko modu irekiak eta lankidetzakoak lurralde osora zabaltzeko funtsezko pieza direla azpimarratu du. “Gainera, udal askok oso barneratuta dute gai hori. Auzolana, taldean lan egitea, modu kooperatiboan jardutea… Gipuzkoako DNAren parte dira, eta abiapuntu on hori aprobetxatu behar dugu”, gaineratu du.
Horrela, udalerri bakoitzak ikaskuntza komunitateari zer ekarpen egin diezaiokeen eta zein erronkari aurre egin behar dien sakon ezagutzeko asmoz, azken hilabeteetan banakako bilerak egin dira udalerri bakoitzean. Topaketa hauek baliagarriak izan dira ikaskuntza komunitatearentzat interesgarriak izan litezkeen lankidetzazko gobernantza ireki eta aurreratuari lotutako esperientziak jasotzeko, ez bakarrik beste udalerri batzuei esperientziaren bidez ezagutza emateko, baita egindako lana balioesteko eta nabarmentzeko ere. “Elkarrizketa horietan, beraz, udalerri bakoitzaren beharrak eta erronkak antzeman ziren, eta udalerrirako ekintza ildoak adostu, zeinetan ikaskuntza komunitateak eta Udal Etorkizuna Eraikizen parte hartzeak balio erantsia ekar liezaiekeen”, azaldu du Mendozak.
Ondoren, udal bakoitzerako ekintza-ildo horiek baliozkotu dira, eta erronka komun batzuk hauteman dira. Erronka horiei erantzuteko, laguntza zerbitzu bat jarri du abian Udal Etorkizuna Eraikizek, udal bakoitzak bere jarduerak abian jar ditzan, sektorekako espazioak ireki dira hausnarketarako eta jardunbide egokiak eta esperientziak partekatzeko, interes komuneko arloei buruzko prestakuntza jardunaldiak edo web mintegiak antolatu dira, eta Udal Etorkizuna Eraikizen osoko bilkurak ezarri dira. Horiek, gaurko topaketatik aurrera, sei hilean behin egingo dira.
Topaketa
Lan jardunaldia 9:30etan hasi da, Eider Mendoza diputatuak eskainitako ongietorri instituzionalarekin. Ondoren, Globernanceko ordezkariek jardueraren lehen sei hilabeteetan egindako lanaren laburpena egin dute. Gero, ekitaldian parte hartu dutenek, tartean udaleko, Aldundiko, Globernanceko, EHUko eta Arantzazulabeko ordezkariak zirela, talde-dinamika batean parte hartu dute, aurreko dinamikan hautemandako indarguneak eta erronka orokorrak lantzeko, Udal Etorkizuna Eraikiz komunitatean parte hartzeak ekarri diena perspektiban jarriz. Tailerra amaitzeko, ondorioak aurkeztu dira. Udalen aldetik, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, Maider Lainez Andoaingo alkatea, Koldobike Olabide Legazpiko alkatea eta Gilen Garcia Debako alkatea izan dira ekitaldian. Era berean, hainbat zinegotzik ere parte hartu dute, hala nola Jesus Arana Zarauzko zinegotziak eta Iosu Arraiz Elgoibarkoak.
2348