Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Udalak eta Aldundiak Getariako kiroldegia berrituko dute

Udalak eta Aldundiak Getariako kiroldegia berrituko dute

Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak eta Nika Lertxundi Getariako alkateak erreforma hori abian jartzeko hitzarmena sinatu dute

Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak eta Nika Lertxundi Getariako alkateak erreforma hori abian jartzeko hitzarmena sinatu dute

2017-2020 Kirol Ekipamenduen Planak 55 udalerri eta 567.000 biztanle hartu ditu, Gipuzkoako biztanleriaren % 80. Planak, guztira, 53,8 milioi euroko inbertsioa du, eta Aldundiak 10,6 milioiko laguntza bideratu du.

Nika Lertxundi Getariako alkateak eta Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak Getariako udal-kiroldegia berritzeko eta egokitzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Lan horiek 246.649,90 euroko aurrekontua dute, eta Aldundiak 131.975,80 euro jarriko ditu.

Kiroldegia laurogeiko hamarkadaren hasieran eraiki zen, eta bi milako hamarkadaren hasieran handitze-lan txiki bat egin zen. Eraikinaren bolumen nagusian kirol anitzetarako pista/pilotalekua dago. Bolumen horrek bi isurkiko estalkia du eta bi altuera dituen eranskin atxikia.

Instalazioen gero eta eskari eta erabilera handiagoaren ondorioz, instalazioko zerbitzuak eta, batik bat, aldagelak ez dira nahikoa. Jatorrizko eraikina eraiki zenetik, ia bikoiztu egin da jarduera fisikora eta kirolera zuzentzen den azalera, eta mantendu egin da aldageletara eta zerbitzuetara zuzentzen den azalera.

Esku-hartze horrekin lehen solairurako irisgarritasuna hobetu nahi da, eskailera kiribileko gaur egungo plataforma jasotzailea desegokia baita. Eskailera ezabatzea eta igogailu bat instalatzea proposatzen da.

Getariako Udala arduratuko da obrak gauzatzeaz, eta obrak 2019ko abenduaren 31ren aurretik amaitu beharko dira. Era berean, Udalak ekipamenduen xedeari hamar urtez gutxienez eusteko konpromisoa hartu du.

Itxasok nabarmendu duenez, “jakitun gara Getariako herritarrek behar handiak zituztela kirola egiteko eta kiroldegira modu erosoan eta efizientean iristeko. Aldagelak berritzea eta handitzea oso premia argia zen, aldageletako azalera ez baitzen nahikoa erabiltzaileen eskaria kontuan izanik. Hori dela eta, hitzarmen honen bidez jardun hori eta Getariako kiroldegia nabarmen hobetuko duten beste jardun batzuk egin ahal izango dira”.

 “Aldunditik lortu nahi dugu pertsona guztiek —haien adina, sexua eta jatorria edozein izanik ere— kirola egiteko edo aisialdi-jarduerak egiteko instalazio on bat erabili ahal izatea eta, azken finean, haien bizi-kalitatea hobetzea” adierazi du Itxasok.

Nika Lertxundi Getariako alkateak aditzera eman duenez, “urte batzuk dira kiroldegia birmoldatzeko lanak egiteko zeudela; izatez, lan horiek behar-beharrezkoak dira, Getarian kirola egiteko baldintzak hobetuko badira eta kirola sustatuko bada. Erabiltzaileen eskariak nabarmen egin du gora azken urteotan, eta, hartara, ezinbestekoa da, Aldundiaren laguntzarekin, orain egin ahal izango dugun berrikuntza”.

Obra horiekin adierazitako premia horiei erantzun nahi zaie. Obren ondoren, aldageletarako azalera handiagoa izango da eta, horretarako, zerbitzu orokorrak pilotalekurantz/kirol-pistarantz lekualdatuko dira eta harrera-lekuaren kokalekua aldatuko da.

Aurrez zerbitzuak zeuden eremuarekin eta pilotalekua eta aldagelak lotzen zituen korridorearen eremuarekin handituko da aldagela berriak ezartzeko erabiliko den azalera. Gaur egungo harrera-lekuaren azalera ere gehitu zaio. Jardun horren ondoren, 122 m²-ko azalera izango genuke, aurrez dagoen 63 m²-ko azaleraren aldean. 

Bestalde, sarrera, harrera-lekua eta ataria berrantolatuko da, eta, horrela, funtzionamendua hobetu eta igogailua txertatu ahal izango da. Getariako udal-eraikinetan jarduteko planean, kiroldegiari eskainitako atalean, urritasunen artean aipatzen zen plataforma jasotzailea ez zela egokia, ez zituela eskatzen diren dimentsioak betetzen, eta konponbide gisa proposatzen zuen lehen solairura iristeko igogailu egokitu bat instalatzea.

Laguntza hori 2017-2020 Kirol Ekipamenduen Planean biltzen da, eta Plan horren helburua da kirol-azpiegiturak birmoldatzea, berritzea, lekuz aldatzea eta ordeztea. Gipuzkoako Foru Aldundiak zenbait inbertsio finantzatuko du lurraldeko kirol-instalazioak hobetzeko eta finkatzeko, eta, hartara, pertsona guztiek kirola egin ahal izateko eta herritar guztiek baldintza eta aukera beretan jarduera fisikoa eta kirola egin dezaten sustatzeko. Era berean, Planaren helburua da instalazioa kirol-jardueraren ohitura berrietara egokitzea; gizartearen behar eta ohitura berrietara egokitzen den zerbitzu-eskaintza handiagoa eskaini nahi da, eta erabilera handiagoa eta berdintasunezkoagoa lortu nahi da. Aldundiak lehentasuna eman dio gaur egun dauden ekipamenduak berritzeari eta birmoldatzeari, eta ez instalazio berriak eraikitzeari.

Udalak zein Aldundiak elkarlan horren balorazio positiboa egin dute, eta nabarmendu dute egungo garai berri hauetan behar-beharrezkoa dela  baliabide publikoak modu efizientean eta iraunkorrean erabiltzea, erakundeen arteko lankidetza abiapuntu izanik. 

  

1579