Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Udalekuak 2020 programa, Gipuzkoako 1.150 neska-mutilentzat

Udalekuak 2020 programa, Gipuzkoako 1.150 neska-mutilentzat

Gipuzkoako 7 eta 13 urte bitarteko 1.150 neska-mutilek gozatu ahal izango dute, Gipuzkoan, Udalekuak 2020 programaz. Eskaerak martxoaren 16tik 24ra bitartean aurkez daitezke, www.gipuzkoa.eus/udalekuak web orrian eta bertan argitaratuta dauden Gipuzkoako foru, udal edo eskualde bulegoetan , eta zozketa, berriz, martxoaren 30ean egingo da.

2020/03/11

Harkaitz Millán Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria diputatuak azpimarratu duenez, Udalekuak 2020 “dibertsiorako eta elkarbizitzarako espazio bat da, non Gipuzkoako neska-mutilek aukera izango duten gozatzeko eta beren autonomia pertsonala garatzeko, hainbat balioren bitartez, hala nola berdintasuna, ingurumenarekiko errespetua, adiskidetasuna eta elkartasuna”.

 

Harkaitz Millán Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroleko diputatuak, gaur goizean aurkeztu du Udalekuak 2020 kanpaina, lagun zituela Pablo Oraá Bizkaiako Kirol foru diputatua eta Andoni Iturbe, Bizkaiko Kultura foru diputatua. Udalekuak 2020 jolas- eta hezkuntza-izaerako programen kanpaina bat da, Euskadiko haur eta gazteen kolektiboari zuzendua, 7 eta 13 urte bitarteko neska-mutilentzat, aurrera eramaten dena, uztailaren 1etik 29ra bitartean, hiru lurralde historikoetan (Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoa). 

 

Hala, Gipuzkoak, guztira, zazpi eguneko iraupena duten 1.150 plaza eskainiko ditu, herri hauetako instalazioetan: Orio, Zarautz, Hondarribia, eta Zestoa. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak leku hauetako instalazioetan eskainiko ditu egonaldiak: Gorliz, Lapurreketa, Lurraska, La Arboleda, Astiz, Meakaur, Galdames eta Bidasoa Garaia. Azkenik, Arabako Foru Aldundiak hemen eskainiko ditu: Barria, Zuhatza eta Espejo. Instalazio horietara guztietara joan daitezke Gipuzkoako neska-mutilak, aldundien artean plazak trukatzeko aukeraren bitartez.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteriako Departamentuak, beste aldundiekin koordinatuta, plaza horiek eskaintzerakoan lortu nahi duen helburua da zenbait jarduera sustatzea aisialdiaren barruan, zertarako-eta Gipuzkoako neska-mutilei jolas, dibertsio eta elkarbizitzarako espazio bat eskaintzeko, “non aukera izango duten gozatzeko eta beren autonomia pertsonala garatzeko, hainbat balioren bitartez, hala nola berdintasuna, ingurumenarekiko errespetua, adiskidetasuna eta elkartasuna” adierazi du Gazteriako foru diputatu Harkaitz Millánek.  Orobat, Udalekuak 2020 programak euskararen erabilera sustatu nahi du, aisialdiko jardueretako komunikazio hizkuntza gisa, eta Millánek azpimarratu duenez, “garrantzitsua da, baita ere, aintzakotzat hartzea eskualde bakoitzeko kultura-balio, -ohitura eta -baliabideak, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa aisialdiarekin konbinatuta”.    

 

 

Kanpainan, zazpi eguneko iraupena duten hainbat txanda ezartzen dira, uztailaren 1etik 29ra bitartean, 7 eta 13 urte bitarteko neska-mutilentzat. Taldeak adin-tarte eta hizkuntza-eredu desberdinen arabera ezartzen dira: 7 eta 8 urte bitartean, 400 plaza; 9 eta 11 urte bitartean, 2.270 plaza; eta 12 eta 13 urte bitartean, 1.330 plaza.  Guztira eskainitako 3.745 plazetatik, % 94 euskaraz dira, eta gainerakoak, berriz, eredu elebidun bati dagozkio. Gipuzkoan 1039 euskaraz izango dira eta 71 elebitan.

 

Gipuzkoako Aldundiak, gainera, eskainitako plazen % 5 desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonentzat dira. Aurten, 55 neska-mutil joan ahal izango dira beren egoera pertsonalari ondoen egokitzen zaizkien instalazio eta txandetara. Gainera, neska-mutil horiei arreta egokia ematearren, instalazioetako begirale taldeak indartu egiten dira laguntza-begiraleekin.

 

Udalekuak 2020 kanpainarako tarifak, Gipuzkoan

 

Kuotak hiru foru aldundiek adostuak izan dira, eta aldundiek beren gain harten dute plaza bakoitzaren kostuaren parte bat, halako moduan non aurtengo urterako ezarritako kuota 130 euro den. 

 

Prezio horien barruan daude zerbitzu hauek: ostatua, gosaria, bazkaria, merienda eta afaria; dinamizazioa; istripu eta erantzukizun zibileko asegurua: eta joan-etorriko garraioa jatorritik (Donostia, Bilbo, eta Gasteiz).  

 

Horretaz gain, hobariak egongo dira gizarte laguntzak jasotzen dituzten familientzat eta familia ugarientzat. Gipuzkoako Foru Aldundiak % 85(e)ko hobari bat ezartzen du DSBEa –diru-sarrerak bermatzeko errenta– jasotzen dutenentzat; horrek esan nahi du, zazpi eguneko txanda baten truke onuradunek ordaindu behar duten kuota % 20 euro izango dela.

 

Ohiko Familia ugariek eta familia gurasobakarreko familiek ere % 30(e)ko hobari bat izango dute; beraz, udalekuetan zazpi egun emateak 91 euro balioko luke.

 

 

Epeak eta eskaerak

 

Eskaerak martxoaren 16tik 24ra bitartean aurkez daitezke, udalekuen web orriaren bidez edo web orri horretan bertan argitaratuta dauden Gipuzkoako foru, udal edo eskualde bulegoetan.

Interesdunek, edozein zalantza argitzeko, telefono honetara dei egin dezakete: 943445980

 

Zozketa

 

Martxoaren 30ean egingo da, notarian, aurkeztutako eskaeren zozketa.

Zozketa horrek ezarriko du zer hurrenkeratan esleituko diren plazak; baita ere, zer hurrenkeratan geldituko diren itxarote-zerrendan, plazarik eskuratu ez duten eskaerak.

 

Informazio guztia, hemen:  www.gipuzkoa.eus/udalekuak

 

 

  

1713