Prestakuntzako programa bat eta entseatzeko espazioak izango dira Katapulta Tour Gipuzkoaren VIII. edizioko berritasun nagusiak
Prestakuntzako programa bat eta entseatzeko espazioak izango dira Katapulta Tour Gipuzkoaren VIII. edizioko berritasun nagusiak
Prestakuntzako programa bat eta entseatzeko espazioak izango dira Katapulta Tour Gipuzkoaren VIII. edizioko berritasun nagusiak
Gipuzkoako Foru Adundiaren Kultura eta Gazteria Departamentuak sustatzen du musikako eta formatu txikiko arte eszenikoetako programa, eta aurten 65 emanaldi izango ditu. Edizio honetan, aurkeztutako proiektuen errekorra gainditu da.
Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako zuzendariak aurkeztu ditu gaur goizean Katapulta Tour Gipuzkoa programaren VIII. edizioaren berritasunak. Berekin izan da Kultura Sustapen eta Hedapeneko zerbitzuburua. Programan parte hartuko du Donostia Kulturak ere, Donostiako Jazzaldiaren bidez, eta Buenawista Prolleckziom`s elkarteak koordinatzen du.
Katapulta Tour Gipuzkoaren asmoa da balioan jartzea eta sustatzea Gipuzkoako talentuak, arreta berezia jarrita gazteetan, musikaren eta arte eszenikoen esparruan, eta laguntzea Gipuzkoako eszena dinamizatzen, klubak eta antolatzaileak babestua. Gainera, zortzigarren edizio honetan, zirkuitua programa bihurtu da eta ohiko kontzertuez gain prestakuntzako programa bat egongo da eta entseatzeko espazioak erabilgarri izango dituzte hautatutako proposamenek, are gehiago babesteko profesionalizaziorako bidean. Gainera, aurten, Kutxa Fundazioko Kluba aretoa ere espazio eszenikoen artean izango da.
Isaac Palencia Gazteriako zuzendariak azpimarratu du garrantzitsuak direla horrelako ekimenak lurraldeko artistak sustatzeko eta laguntzeko beren musika eta arte proiektuak ezagutarazten eta profesionalizatzen. «Kultura eta Gazteria Departamentuak lanean jarraitzen du kultura Gipuzkoako txoko guztietara hurbiltzeko. Garrantzitsua da gure lurraldean gazteak babestea eta tokiko talentua sustatzea».
Aurtengo edizioan hamar artistak parte hartuko dute, zortzik musikaren atalean: Amaterra, Bamms, Ithaka, Muzak, Nakar, Olana Liss, Ramada Inn eta Siglas; eta bik arte eszenikoetan: Barrexerka eta Iago Magoa. Gainera, programa Jazzaldiaren 58. edizioan izango da, jazzaldiaren tokiko taldeak aukeratzeko prozesuaren parte diren tokiko 15 artisten nahiz 10 artista finalisten emanaldiak babestuko baititu.
Hautatutako artistei Gipuzkoako hainbat espaziotan 4 emanaldi egiteko aukera eskaintzen zaie, emanaldi bakoitzeko 400 €-ko konpentsazio ekonomikoarekin, eta promozio-bideo bat grabatzeko aukera izango dute. Gainera, lan handia egingo da haien lanak zabaltzeko.
Edizio honetan 65 jarduera burutuko dira Gipuzkoako hainbat espazio eta jaialditan. 2023ko deialdian azpimarratzekoa da hiriburutik kanpoko proiektu ugari aurkeztu direla, bereziki, Andoain, Azpeitia, Eibar, Errenteria, Irun, Orio, Pasaia, Tolosa, Zumaia eta Zumarraga udalerrietatik (80 proiektu), baita euskaraz proiektu asko (88), 30 urtetik beherako kideak dituzten hainbat proiektu (80) eta emakumeen partaidetza duten proiektuak (77) aurkeztu direla ere.
Guztira, zortzi deialdietan 878 izen-emate egon dira, 631 artista desberdinenak. Aurten, aurkeztutako proiektuen errekorra apurtu da: musikan, 125, eta arte eszenikoetan, 33. Urtea amaitzen denerako, 104 proiektu babestuko dira (80 musikakoak eta 24 arte eszenikoetakoak).
Estiloei dagokienez, musika proposamenak dira hainbat Rock motakoak (Pop-Rock, Rock&roll, Hard Rock, Stoner, Hardcore, Metal), Pop, Blues, Soul, Jazz, Folk, Hip Hop, Flamenkoa edo beste hainbat estilotakoak. Eta arte eszenikoen proposamenen artean daude umore bakarrizketak, antzerkia, txotxongiloak, magia ikuskizunak, performanceak, etab.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuak eta Kutxa Fundazioak tokiko talentuaren aldeko apustua egiten dute eta ekimen honekin sustatzen dituzte Gipuzkoako lurralde guztiko musika taldeak eta arte eszenikoetako konpainiak.
2716