Untzi Museoaren bisitari kopurua % 60 igo da 2017arekiko, eta % 92 udako hilabeteetan
Untzi Museoaren bisitari kopurua % 60 igo da 2017arekiko, eta % 92 udako hilabeteetan
Museoa itxita egongo da otsailera arte erosotasuna eta eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko.
Itsasok balantze positiboa nabarmendu du, bai museoaren jarduera azpimarragarriarengatik, bai bisitari kopuruarengatik «Kultura proposamen trinkoak eta komunikazio ekintzen bultzakadak hobekuntza nabarmena ekarri du bisitariei dagokienez aurreko urteekiko».
Museoa itxita egongo da erakusketa aretoetako obrengatik eta igogailu bat instalatzeko lanengatik, hartara erosotasuna eta eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko.
Denis Itxaso González Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak eta Raúl Perez Iratxeta Untzi Museoko zuzendari nagusiak museoak 2017ko uztailetik hona burutu dituzten jardueren balantzea aurkeztu dute.
Izan ere, 2017ko uztailean, zuzendaritza talde bat jarri zen Untzi Museoaren buru, proiektu berri batekin. «Pozik gaude hamalau hilabete honetan izan den garapenarekin. Lortzen ari gara bultzada berri bat ematea Untzi Museoari, eta jende gehiagorengana iritsi eta beste erakargarri turistiko bat bihurtzea. Erakusketa eta arlo didaktikoa indartzen gabiltza, eskaintza dibertsifikatuz, eta gure itsas ondare eta historia garrantzitsua zabaltzen. Orobat egiten ari gara ikerketa eta dibulgazio lan handi bat, Nao Victoria-rekin eta Elkanoren lehen mundu itzuliarekin zerikusia duen guztiarekin, eta lan horiek guztiak emaitzak ekartzen ari dira, datuek erakusten duten bezala», esan du Itxaso.
14 hilabete hauen balantzea oso aldekoa da. Eta aldekoa ez bisita kopuruengatik bakarrik (% 60ko igoera 2017arekiko, eta % 92ko igoera udako hilabeteetan, igoera nabarmena), baita beste adierazle eta dinamika batzuengatik ere, erakusten dutena kokapen hobe bat eta jarduera museistikoaren garapen bat. Untzi Museoaren bisitari kopuruak 2018an oso onak dira, eta gorako joera indartzen dute, batez ere uda garaian. Joera hori Kultura Departamentuak sustatzen dituen beste bi foru museoetan ere atzeman da. Ezkioko Igartubeitik % 69 bisita gehiago izan ditu udan, eta Zumalakarregi museoak % 73, «Handia»ren fenomenoari eta «Txapena, noiztik?» erakusketari esker hurrenez hurren.
Kultura jarduerei dagokienez, kultura proiektu trinko bat garatu da, ekoizpen propioko eta formatu desberdinetako 10 erakusketa proiekturekin. Guztiek dinamizazio jarduerak izan dituzte: 76 lantegi eta 18 hitzaldi. Erakusketa proiektu guztiek ikerketa eta dokumentazio prozesu oso interesgarriak ekarri dituzte berekin. Museoak egiten dituen ikerketa lanak zeharkakoak dira jarduera guztietan, bai erakusketen dokumentaziorako, bai kultura dinamizazioko jardueretarako, eta baliabide propioekin eta lankidetzekin garatzen dira. Hemen, barne daude museoak besteri ematen dizkien zerbitzuak, itsas historiari eta kulturari buruzko gaien inguruan eskatzen zaizkion informazio eskaerei erantzunez.
Hilabete hauetan zehar, halaber, kultura dinamizatzeko ekintza ugari burutu dira, komunikazio/sustapen jarduera gisa, batzuk erakunde harremanen ondorioz edo museoak beste erakunde batzuekin dituen konplizitateen ondorioz, eta beste batzuk jardueraren interesak eraginda (liburu eta disko aurkezpenak, ekitaldiak, azterketak eta abar). Itxasok azaldu duenez, «Hau zen museoaren helburuetako bat: beste erakunde batzuekin konplizitateak garatzea eta museoaren lurraldetasuna garatu eta Gipuzkoara ez ezik gure mugetatik harago proiektatzea, eta hori ekimen zehatzekin gauzatzen ari da (proiektu partekatuak, kongresu antolaketak, eta abar)».
Kultura proposamen trinkoak eta komunikazio ekintzen bultzakadak hobekuntza nabarmena ekarri du bisitariei dagokienez aurreko urteekiko.
Museoaren jardueraren txostena (2017ko uztaila-2018ko iraila) ikusgai dago gaurtik aurrera Museoaren web orrian.
Museoa ixtea eta obrak
Gaurtik aurrera, astelehena, eta otsailaren amaierara arte gutxi gorabehera, museoa itxita egongo da obrengatik. Erreforma integraleko obrak dira, eraikinari irisgarritasun eta konfort hobea emateko. Hauek dira esku hartzeak:
Igogailu panoramiko bat instalatzea eraikin barruan lehen solairuko irisgarritasuna hobetzeko, eta behin betiko ebaztea eraikinaren ganbararako irisgarritasuna. Planteatzen den ebazpena museoaren ibilbidean integratuta geratzen da, eta, ondorioz, erabili nahi duenak edo behar duenak erabili ahal izango du.
Ganbarako erabilerak eta espazioak berrantolatzea, eraikinaren erabilera publikoak batuz eta erakusketarako azalera handituz.
Museoaren gainerako dependentziak eguneratu (fatxadako hutsunean kanpora «irekitzea», harrera berrantolatzea, komunetarako irisgarritasuna hobetzea, amaierak berritzea, eta abar) eta altzariak.
Museoaren aire girotzearen instalazioa erabat berritzea, energetikoki eraginkorragoa den bat jarrita.
Eraikinaren fatxadak osoki zaharberritzea, baita partzelaren urbanizazioa osatzen duten beste elementu batzuk ere (eskailerak eta sarrera plataforma, eta abar).
Obrek lau edo bost hilabete iraungo dute, eta aurrekontua 350.000 euro da.
+info: untzimuseoa.eus
Eranskinak:
1872