Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Urrezko Domina Jakin taldeari

Urrezko Domina Jakin taldeari

Diputatu nagusiak lurraldeko ikur nagusia eskaini die Joan Mari Torrealdai, Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategiri

Urrezko Domina

Jakin taldeko kideek jaso dute gaur Gipuzkoako Urrezko Domina, Markel Olano diputatu nagusiaren eskutik, gaur arratsaldean foru jauregian egindako ekitaldi jendetsu eta solemnean. Euskal kulturgintza eta euskararen munduko lagun ezagun askoren aurrean, diputatu nagusiak aitortu du Joseba Intxausti, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdaik “euskal kultura modernitatearen bidean kokatzeko” sei hamarkadatan zehar egindako “lan eskerga”. “Guztizko askatasun intelektualari inoiz uko egin gabe, mendebaldeko zibilizazioaren balio aurrerakoien gainean proiektu sortzaile iraunkor eta ireki bat eratu duzue; eta horrekin euskal herri honentzat etorkizuna eraikitzen lanean jardun duzue”, errekonozitu du Olanok. 

Jakin talde historikoa, 1960ko hamarkadan osatu zen Arantzazun, Jakin aldizkariaren inguruan. Urte luzez egile eta eragile, lau jakinkideen izenean hitza hartu du Joan Mari Torrealdaik. Foruan jaiotako pentsalariak “ohorea eta poza” adierazi du ikurra jasotzerako garaian, Jakinen “atzoko eta gaurko” lanari egiten zaion aitortza dela eta. “Jakin euskararen lurralde askean sortu zen, ez inongo probintziatan. Eta horregatik ulertu izan dugu gure lana, hasieratik, inorena eta guztiena dela, euskaraz izatekotan. Inorena ez izatea ez da inorekin ez egotea. Euskaltzale eta herritar guztiekin egoten ahalegindu gara beti. Kritikoki, maitasunez kritiko. Erdigune ez ekidistantean”, gaineratu du.

Jakin aldizkariko zuzendaritza, lan talde eta harpidedunen arteko “lagun askoren” ordezkari gisa azaldu du bere burua Torrealdaik eta euskalgintzako hainbat elkarte eta erakunderekin izandako lankidetza azpimarratu du. “Euskalgintzaren zentraltasuna ez da eslogan hutsa. Gure proposamen nagusia da herrigintzaren eraikuntzan”, laburbildu du eta, amaitzeko, “erakundeen eta euskalgintza sozialaren arteko elkarlanaren filosofia” eskertu du, “horrela bakarrik bermatu ahal izango baita euskararen garapena”.

Jakin Fundazioko presidenteak alboan izan ditu domina jasotzeko garaian Joseba Intxausti eta Paulo Agirrebaltzategi. Tamalez Joxe Azurmendik ezin izan du ekitaldian parte hartu, azken orduko osasun arazo bat tarteko.

Urrezko domina emateko ekitaldia ospe handiz antolatu da beste behin. Ohiturari eutsiz, omenaldia Gipuzkoa plazan hasi da, lurraldeko 30 dantzarik eskainitako tradiziozko ezpata-dantza ikusgarri batekin. Ondoren, omenduak eta diputatu nagusia Aldundiaren egoitzan sartu dira, foru gobernuko diputatuak agurtu eta Jargi aretora igotzeko. Asier Odriozola kazetariaren aurkezpenak entzun ondoren, Jakin taldearen ibilbideari buruzko bideo bat ikusi dute bertaratutakoek, baita Pello Ramirezen akordeoi eta Xabier Zeberioren nickelharpa doinuekin gozatu ere. Jakin aldizkariko kide Alaitz Aizpuruk Azurmendi, Torrealdai, Intxausti eta Agirrebaltzategiren laudorioa irakurri du eta Joxe Azurmendik, ekitaldian egon ezin izan badu ere, ikus-entzunezko baten bidez helarazi du bere esker on mezua.

Omenduez gain, ekitaldian izan dira euskal erakundeen eta kulturaren arloetako hainbat ordezkari, tartean Batzar Nagusietako eta Eusko Legebiltzarreko lehendakariak, Eider Mendoza eta Bakartxo Tejeria; Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Bingen Zupiria; eta Donostia, Usurbil, eta Segurako alkateak –omenduen herrietako ordezkari gisa–. Euskalgintza eta euskal kulturako hainbat aurpegi ezagunen artean izan dira, baita ere, aurreko urteetan Gipuzkoako Urrezko Domina jaso duten Donostiako Orfeoiko presidente Jose Maria Echarri eta Pedro Miguel Etxenike. 

“Jakinen ekarpenaren itzala handitu besterik ez da egin”
Lurraldeko ohorezko bereizgarri goren honen bitartez, pentsamenduan, kultur eragintzan, argitalpengintzan, euskal kulturan eta euskara batuaren eremuan egindako lana eta ekarpena aitortu dizkie jakinkideei Foru Aldundiak, gizartearen izenean. “Herria, hizkuntza, kultura. Hiru hitz horien baturak jasotzen dute azken 62 urtetan egin duten lanaren muina”, nabarmendu du Markel Olanok. Izan ere, orain sei hamarkada Jakin argira ekarri zutenek eta azken 40 urteetan gidatu dutenek, aldizkari hau “ezinbesteko erreferentzia” bilakatu dute euskal kulturan, esparru horretan sortu eta bilakatu diren “auzi eta eztabaida nagusiak” landuz: hizkuntzaren batasuna, euskal hezkuntza, ekonomia ereduen talka eta abertzaletasunaren eta ezkerraren arteko auzia, kasu.

Baina Jakin taldea ez da aldizkaria zuzendu eta kudeatzera mugatu. Aitzitik, “denborak aurrera egin ahala bere ekarpenaren itzala handitu besterik ez da egiten”, nabarmendu du diputatu nagusiak, zeinek aipatu dituen euskararen batasun prozesuan izandako esku hartzea nahiz lehen hiztegi zientifikoaren argitalpena, UZEI egitasmoaren diseinuan izandako partaidetza, Euskaldunon Egunkariaren garabidea, EUSENOR entziklopediaren sustapena, besteak beste. Egile gisa ere 104 liburu, 428 liburu-zati eta ehunka artikulu idatzi dituzte laurek.

“Euskalgintza ulertzeko, bizitzeko eta aldarrikatzeko modu jakin bat garatu du Jakin taldeak: militantziaren eta profesionaltasunaren uztarketa eraginkorra, euskaltzaletasunaren hobespena, kulturaren autonomia proiektu ideologiko eta politikoekiko, taldearen independentzia, euskararen zeharkakotasunaren defentsa praktikoa, besteak beste”, goraipatu du Markel Olanok.

Gainera, diputatu nagusiak eskerrak eman dizkie jakinkideei “transmisioa” zaindu dutelako, beren “obsesioetako bat” izan baita hain justu, eta gisa horretan “hizkuntza, kultura eta herri sentimendua iraunarazi eta belaunaldi berriengana iritsarazteko” bideak ireki baitituzte. Jakin proiektuaren beraren “transmisioa egiten eta egitasmoari bizialdi berri bat izan dezan oinarriak jartzen ere asmatu du” taldeak, Olanoren ustez.

Jakin taldea
Jakin taldea, aldizkaria eta argitaletxea da Jakin. Aldizkaria Arantzazun (Oñati) sortu zuten frankismo betean eta euskaraz kaleratzen direnen artean beteranoetarikoa da. Kultura eta pentsamendua jorratzen ditu. Jakin taldeko kide nabarmenak dira Joseba Intxausti (Segura, 1936), Joxe Azurmendi (Zegama, 1941), Paulo Agirrebaltzategi (Araotz, 1942) eta Joan Mari Torrealdai (Forua, 1942) dira.

Jakinen bultzatzaileen aurretik, Frankismoaren biktimek eta haien senitartekoek (2017), Ramon Saizarbitoriak (2016), Juan Antonio Urbeltzek (2015), Benito Lertxundik (2014) eta Nestor Basterretxeak (2013) jaso dute Gipuzkoako Urrrezko Domina azken urteotan.

  

2969