Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak 3,6 milioi bideratuko ditu aurten lankidetzarako laguntzetara, 2016an baino % 20 gehiago

Aldundiak 3,6 milioi bideratuko ditu aurten lankidetzarako laguntzetara, 2016an baino % 20 gehiago

2016an % 25 hazi zen onartutako proiektu kopurua

  • Itxaso: “Lankidetza gizarteko sektore berrietara hedatzen jarraitzeko asmoa dugu”

Denis Itxaso Kultura eta Lankidetza diputatuak 2017ko lankidetzarako laguntzen deialdia aurkeztu du, Diputatuen Kontseiluak onartu ondoren. Aurten 3,6 milioi euroko aurrekontua izango du. 2016an 2,9 milioi euro bideratu ziren lankidetzara, eta, 2017an, % 20 hazi da aurrekontua. Aldea nabarmena da aurreko urteekin alderatuta.

Denis Itxasorekin batera, Aloña Braceras (Alboan), Iñigo Eguren (Calcuta Ondoan) eta Nerea Uriarte (UNRWA) izan dira prentsa agerraldian, eta 2016an diru laguntzak jaso zituzten proiektuen egoera azaldu dute.

Diru laguntzen xede diren proiektuak pobreziari aurre egitekoak, hezkuntza sustatzekoak, gizarte eraldaketa bultzatzekoak eta larrialdi egoerei aurre egitekoak dira, eta lau jardun esparrutan biltzen dira:

  • Garapen proiektuak Hegoaldeko herrialde pobretuetan: 2,4 milioi euro.
  • Gizarte eraldaketarako hezkuntza proiektuak: 600.000 euro.
  • Gizarte eraldaketarako ekintza puntualak (tokikoak edo nazioartekoak): 300.000 euro.
  • Larrialdiko eta ekintza humanitarioko laguntzak: 300.000 euro.

Aurrekontua handitu egin da esparru guztietan, eta nabarmena izan da eraldaketarako ekintzen eta larrialdiko eta ekintza humanitarioko laguntzen hazkunde portzentuala, ia bikoiztu egin baitira baliabide horiek.

Aldundiak joan zen urtean onartu zuen Lankidetzako Esparru Estrategikoak lankidetza gizarteratzea zuen helburu, Agenda 2030en irizpide eta balioak eta Garapen Jasangarriaren Helburuak txertatuz, hala nola pobreziaren aurka egitea, eta giza eskubideen, genero berdintasunaren, kultura aniztasunaren, ingurumen jasangarriaren eta tokiko erakundeak sendotzearen alde egitea.

Horrela, 2016 urteak esparru estrategiko berriaren helburuak tankeratu zituen eta, aurreko urteetan izandako aurrekontuaren antzekoari eutsiz, aurkeztutako proiektu kopurua % 25 haztea lortu zen. Halaber, deialdira aurkeztu izan den entitate kopuruak goranzko joera irmoa erakusten du, 2015ean 52 izan baitziren eta 2016an 79. “Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza politika berriari esker eta laguntza deialdira aurkezteko prozesua errazteko eta eragileei horren berri emateko ahaleginari esker, aldatu egin zen azken urteetan aurkeztu eta onartu ziren proiektu kopuruan izandako beheranzko joera”, azaldu du Itxasok.

 “Aurten lankidetzara bideratu den aurrekontua Aldundiaren historian alor horretara bideratu den inoizko handiena izan da. Horrela, bultzada handiagoa eman nahi izan diegu lankidetza politikei, eragileen eta entitateen partaidetza handiagoa lortzeko, onartzen den proiektu kopurua handitzeko, eta proiektuei emandako diru laguntzak nabarmen handitzeko. Ziur gaude horrela eragile gehiago aurkeztuko dela diru laguntza deialdira”, baieztatu du.

Lankidetza diputatuak gizarte eragile guztiak lankidetza politiketan inplikatu beharra defendatu du, mundu jasangarriago, justuago eta berdinzaleago baten alde egingo duten hazkunde eta jarduera jarraibideen dinamika baten barruan.

Hiru adibide

Calcuta Ondoan erakundeak 120.000 euroko diru laguntza jaso zuen Indian, nagusiki daliten (parien) artean, genero indarkeriaren aurka lan egiteko.

UNRWA erakundeak, berriz, 165.681 euroko diru laguntza jaso zuen Gazako zerrendan bizi diren emakume palestinarren eskubideak defendatzeko eta horiei arreta integrala eskaintzeko.

Alboan fundazioak, azkenik, 71.876 euroko diru laguntza jaso zuen Gipuzkoan eta Congon teknologiaren erabilera arduratsua sustatzeko, eta teknologiak pertsonen eta baliabide naturalen esplotazioarekin, gatazken finantzaketarekin eta giza eskubideen urraketarekin duen lotura hausteko.

 

  

1827