Epaimahaiak hautatuak ditu KM eraberritzeko ideia lehiaketan parte hartuko duten bost estudioak
Epaimahaiak hautatuak ditu KM eraberritzeko ideia lehiaketan parte hartuko duten bost estudioak
Epaimahaiak lehiaketara aurkeztu diren 19 taldeen maila altua nabarmendu du.
Epaimahaiak ezagutzera eman ditu Koldo Mitxelena Kulturunearen eraikina berritzeko aurreproiektua egiteko hautatu dituen bost estudioak:
TUÑON ARQUITECTOS SLP/ PEREDA PEREZ ARQUITECTOS SCP (UTE)
ASTIGARRAGA Y LASARTE SLP / BAB ARQUITECTOS SLP (UTE)
APEZTEGUIA ELSO, Mª Teresa/ MVSA ARCHITECTS (UTE)
ESTUDIO CARBAJAL SLP / VAUMM Arquitectura y Urbanismo SLP (UTE)
ESTUDIO BELDARRAIN SLP / MANGADO Y ASOCIADOS SL (UTE)
Epaimahaiak aintzat hartu ditu enpresen curriculuma, horien diseinu gaitasuna eta kalitate arkitektonikoa, eta KM eraberritzeko proiektuaren antzekoak idazten duten esperientzia. Hautatutako bost estudioek hamar aste izango dituzte Aldundiak emango dien programa funtzionaletik abiatuz eraikina berriztatzeko aurreproiektua idazteko. Aurreikuspenen arabera, ekaina amaieran ezagutuko ditugu bost proiektuak, eta herritarren eskura jarriko dira, horien berri izateko, iritzia emateko, proposamenak aurkezteko eta proiektuaren garapena ezagutzeko. Epaimahaiak irailean jakinaraziko du erabakia, eta orduan emango du ezagutzera proiektu irabazlea.
Epaimahaiak lehiaketara aurkeztu diren 19 taldeen maila altua nabarmendu du. Estatuan zein nazioartean prestigioa duten taldeak dira, eta penintsulako hainbat tokitatik etorri dira lehiaketan parte hartzera.
Denis Itxaso Kultura diputatua pozik agertu da izan duten erantzunarekin eta lehiaketara aurkeztu diren estudioen «maila altuarekin»; izan ere, «horrek bermatzen du eraikinaren berriztatzea esku onetan egongo dela». Honako hau ere gogorarazi du: «liburutegiak espazioak, zerbitzuak, publikoa motak edota irekiera orduak eta egunak irabaziko ditu». Uztailaren erdialdetik irailaren erdialdera erabiltzaileek bost estudioek aurkeztutako proposamenak ikusi ahal izango dituzte, eta, partaidetza prozesu baten barruan, aukera izango dute iritzia emateko, proposamen bakoitzetik zer gustatzen zaien esateko edo kritikatzekoak eta/edo hobetzekoak izan daitezkeen alderdiak nabarmentzeko». Itxasok azaldu duenez, Kultura Departamentuak programa funtzionala emango die estudio horiei guztiei, Aldundiak etorkizuneko KMn eskaini nahi dituen edukien eta zerbitzuen berri izan dezaten. Halaber, focus group desberdinen bidez zentroaren erabiltzaileen iritzi kualitatiboa aztertzen ari den soziologo taldeak azalpenak emango dizkie bost estudio horiei, elementurik baloratuenak zein izan diren, zer hutsune antzeman dituzten eta etorkizunera begira elementurik desiratuenak zein diren ezagut dezaten.
Balorazioak egiteko irizpide hauek erabili dira:
1 Diseinu gaitasuna eta kalitate arkitektonikoa
Lehenik eta behin, exekuzioari eta egiletasunari dagozkien atalak balioetsi dira, oinarrietan ezarritako baremoen arabera.
Proposamen bakoitzaren adierazgarritasunaren eta kalitate arkitektonikoaren balorazioari dagokionez, epaimahaiaren irizpidearen arabera, eta arkitektura erabiltzeko sortzen den arte bat dela kontuan izanik, adierazgarritasun hori proiektatutakoaren erabilgarritasunaren araberakoa izango da, eta, hortaz, aurkeztu diren proposamenen artean oraindik erabiltzekoak ez direnek garrantzia maila txikiagoa izango dute. Hori guztia kontuan harturik, proiektuak gehienezko 7 edo 3,5 puntuko puntuazioarekin balioetsi dira aurrekontuaren arabera, eta oraindik erabili ez direnei 5 puntu eman zaizkie, guztiek ere 1.000.000 eurotik gorako aurrekontua baitute.
2.- Lehiaketaren xedearen antzeko proiektu exekutiboak idazten duten esperientzia:
Atal honetan aurreko ataleko irizpide berak erabili dira.
3.- Kultur ondarea barne hartzen duten eraikin babestuetan esku hartzeko proiektuetan duten esperientzia:
Epaimahaiak erabaki du ez dituela obretariko batzuk baloratuko, ez dutelakoan zuzenean eraikin babestuetan esku hartu, oinarrietan ezarritakoaren arabera. Epaimahaiak uste du, nahiz eta interes kulturaleko eremuetan jardun edo eremu babestuetan urbanizatzeko, handiagotzeko edo eraikin berriak egiteko obretan aritu, horiek ez direla birgaitzeko lanek eskatzen dutenaren pareko, eta, beraz, ez dira esperientzia gisa balioetsi.
Gainerako proposamenetarako, honako irizpide hauei jarraitu zaie:
Proiektuen exekuzioa eta egiletasuna ezarritako baremoen arabera balioetsi dira. Adierazgarritasunari eta kalitate arkitektonikoari dagokionez, balorazio hauek egin dira:
1.000.000 eurotik gorako aurrekontuetan:
7 puntu eman zaizkie erabilera erreala duten obrei eta adierazgarritasun arkitektoniko handikotzat jo direnei.
6 puntu eman zaizkie proiektu adierazgarriei, oraindik erabilgarri ez badaude ere, laster erabiltzeko moduan egon daitezkeenei.
5 puntu eman zaizkie adierazgarritasun arkitektonikoa duten proiektuei, oraindik erabilgarri ez daudenei eta etorkizun hurbilean erabilgarri egongo ez direnei.
5 puntu eman zaizkie ondareari dagokionez adierazgarritasun arkitektoniko txikiagokoak diren proiektuei.
3,5 puntu eman zaizkie ondasun babestuen gaineko jarduketa partzialei.
500.000 eta 1.000.000 euro arteko aurrekontuetan:
3,5 puntu eman zaizkie adierazgarritasun arkitektoniko handieneko proiektuei.
2 puntu eman zaizkie ondareari dagokionez adierazgarritasun arkitektoniko txikiagokoak diren proiektuei.
Lehiaketaren oinarriekin bat, soilik azken 10 urteetan egindako obrak balioetsi dira, eta kanpoan utzi dira 2008a baino lehen egindako obrak.
Tuñón Arquitectos SLP/ Pereda Perez Arquitectos, SCP (UTE)
Tuñón Arquitectos Madrilgo bulego bat da, proiektuen eta eraikuntzaren arteko konfrontazioan jarduten duena teoriaren eta irakaskuntzaren bidez. Arkitekturako hainbat lehiaketa publiko irabazi izan ditu: Kalajako eta Turres Porteko masterplana, Albania (2014). Down Town District Residental Tower, Dubai (2013). Neubau Gastro-pavillon, ETH, Zürich (2013), eta abar.
Pereda Pérez Arquitectos Iruñeko estudio bat da; Espainiako Arkitektura Saria eskuratu zuen 2013an, eta Espainiako Arkitektura Sariaren aipamen berezia 2015ean. Gainera, bi aldiz nabarmendu da Espainiako Arkitektura eta Hirigintzako Bienalean, eta sariak jaso ditu beste hauetan ere: Iberoamerikako Arkitektura eta Hirigintza Bienalaren VIII. edizioa (2012), berrikuntza teknologikoa saritzen duten nazioarteko CONSTRUMAT saria (2013), Europar Batasunaren Europa Nostra Kultur Ondarearen Saria, COAVNren hainbat sari, COAR, COACYLE eta COAL sariak, eta bizitegi ez den eraikinik jasangarrienari ematen zaion ENDESA saria (2012), besteak beste.
Astigarraga y Lasarte SLP/ Bab Arquitectos SLP
Donostiako estudio bat da, eta sari hauek eskuratu izan ditu, besteak beste: Lehenengo saria Donostiako Benta-Berriko kiroldegirako ideia lehiaketan; lehenengo saria Irungo Bidasoako azoka barrutirako ideia lehiaketan; lehenengo saria Irungo Arretxe-Ugalde poligonoko zerbitzuen eraikinerako ideien lehiaketan; lehenengo saria La Bretxa saltoki guneko Canovas espazioa berriztatzeko ideia lehiaketan, Donostiako Donostia Turismoaren egoitza birgaitzeko; lehen saria Irungo URI eraikin industriala Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroaren egoitzatarako prestatzeko ideien lehiaketan, eta lehen saria Pasaiako portuko arrantza eremuan dagoen lonja berria eraikitzeko ideia lehiaketan.
Bab Arquitectos SLP Madrilgoa da, eta gauzatu dituen proiektuen artean daude El Paular monasterioa, Almeida museo-etxea edota Santiagoko Horcajo zentroa.
Apezteguia Elso /MVSA Architects (UTE)
Apeztegia Iruñeko estudio bat da, eta hura ere hainbat aldiz saritua izan da. Besteak bete, lehen saria eskuratu zuen MECA lehiaketa mugatuan, Iruñeko Miserikordia etxerako egoitzaren eraikin berriagatik; saritua izan da etxebizitza publikoetarako hainbat sariketatan; lehen saria eskuratu zuen 2007ko COAVN lehiaketan, Gipuzkoako merkataritza, industria eta nabigazio ganberaren egoitzagatik, eta baita Donamariako Dorretxea berritzeagatik edo Zubietako Errota ekomuseo bihurtzeko proiektuagatik ere.
MVSA nazioarteko arkitektura eta diseinu enpresa bat da, eta bulegoak ditu Herbehereetan, Espainian eta Suitzan. Haren lantaldea askotarikoa da: barneko eta kanpoko arkitektoak, egitura ingeniariak, lan espazioen aholkulariak, proiektuen liderrak, jasangarritasunaren arloko adituak, ereduen fabrikatzaileak eta produktuen diseinatzaileak. Hainbatetan eskuratu izan du American Architecture Prize saria.
Estudio Carbajal , SLP/ Vaumm Arquitectura y Urbanismo SLP (UTE)
Carbajal estudioa Sevillakoa da eta lan hauek egin ditu, besteak beste: Brunicoko haur eskola, Varnako liburutegia eta Miguel Hernandez Unibertsitateko departamentuen eraikina.
Vaumm Donostiako estudio bat da, eta Basque Culinary Center, Loiolako geltokia eta Gijongo dorrea diseinatu ditu, eta baita Soroa etxea birgaitu ere.
Estudio Beldarrain /Mangado y Asociados Sl (UTE)
Beldarrain estudioa Donostiakoa da. Beldarrain estudioak 1999an ekin zion lanari, Juan Beldarrainen, Joseph Paul Kleihuesen Berlingo estudioaren eta Rafael Moneoren Madrilgo estudioaren esperientzian oinarrituz. Egin dituen proiektuen artean daude, besteak beste: Carlos III. Unibertsitateko Carmen Martin Gaite eraikina, Uranzu frontoia, Aljeriako erakusketa jauregia, Aizkibel, Bardok erakusketa jauregia, Varsoviako telebista publikoa, Goikoa jauregiaren birgaitze lanak eta Urduñako igerilekuak.
Mangado y Asociados Iruñeko estudio bat da, eta proiektu hauek hartu izan ditu bere gain: Lizarrako Foru plaza, Nafarroako Kongresuen Jauregia eta Auditorioa, Madrilgo Salvador Dali plaza, Bordeleko Pey Berland plaza, Teulada-Moraira Auditorioa (Alacant), Gasteizko Arkeologia Museoa eta Asturiasko Arte Ederren Museoa (Oviedo).
1726