Zabalik da 2020ko Aldundiaren aurrekonturako proiektuak proposatzeko epea
Zabalik da 2020ko Aldundiaren aurrekonturako proiektuak proposatzeko epea
Herritarren ekarpenak martxoan zehar jasoko dira aurten, ekimen honen laugarren edizioan.
Hilabete honetan zehar, Gipuzkoako herritarrek Foru Aldundiaren 2020ko aurrekontuak prestatzen eta lurraldearen etorkizuna diseinatzen parte hartzeko aukera izango dute berriro. Laugarren edizio honetan, aurrekontu irekien prozesuak berriro bilduko ditu herritarren lehentasun eta proposamenak, eta baita etorkizuneko proiektuak ere, gero aurrekontuetan txertatzeko, gizarteak aditzera emandako behar, iradokizun eta etorkizuneko proposamenak «entzun eta kontuan hartu ondoren», adierazi du Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasak.
Aurtengo prozesua apirilerako eta maiatzerako deitutako udal hauteskundeen epeek baldintzatu dute; izan ere, hauteskundeen ondorioz aurreratu eta laburtu egin da proposamenak biltzeko epea. «Erabaki dugu ekimena mantentzea, urtez urte finkatzen joan baita, harrera oso ona lortu baitu, eta Gipuzkoan gardentasunaren eta parte-hartzearen kultura indartzeko positiboa delakoan. Eta baita ere Batzar Nagusiek herritarren partaidetzari buruz onartu berri duten foru arau berriak ezartzen duelako Aldundiaren aurrekontuak onartzeko partaidetza prozesu bat egin behar dela», azaldu du Lasak.
Foru arau hori betetzeko, lehenik eta behin, Aldundiak partida espezifiko bat sartuko du aurrekontuetan, herritarrek proposatutako proiektuak garatzeko. Behin herritarren proposamen guztiak jaso ondoren, eta proposamenen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertu ondoren, Diputatuen Kontseiluak, udan, 2020ko aurrekontuen jarraibide orokorrak onartzerakoan, erabakiko du zer portzentaje edo zenbateko eta zer gastu partida zehatz erreserbatuko diren aurrekontu parte-hartzaileen prozeduraren bidez erabakitzeko.
Irailean hautatuko dira hurrengo fasera igaroko diren proiektuak, kategoria hauetan multzokatuta: ekonomia sustapena, gizarte politikak, garraioa eta bide azpiegiturak, landa ingurunea eta lurralde oreka, kultura, eta zeharkako gaiak/bestelakoak (ingurumena, turismoa, kirola, eta abar). Ondoren, epe berri bat zabalduko da. Epe horretan, hautatutako ekimenen berri emango da, eta herritarrak izango dira sei arloetako bakoitzean behin betiko gauzatuko diren proiektuak hautatuko dituztenak.
Orain abian jartzen den lehenengo fase honetan, ekarpenak biltzeko prozesuak berriro konbinatuko ditu aurrez aurreko arreta bideak eta parte hartzeko bide birtualak, herritar multzo guztietara iristeko. 16 urtetik gorako edozein pertsona edo kolektibok aurkez ditzake proposamenak, etxez etxe banatu den liburuxka bete eta frankeo ordainduz bidaliz, edo udal erregistroan edo Gipuzkoa plazan dagoen informaziorako eta jendaurreko arretarako bulego zentralean -behe solairua- entregatuta. Guztira 310.000 liburuxka bidali dira Gipuzkoako etxeetara, herritarrei parte hartzeko erraztasunak ematearren; liburuxka horiek, ondoren, doan birbidali daitezke, zigilatu beharrik gabe.
Epe berean, webaren bidez ere parte hartu daiteke, gipuzkoa.eus/partaidetza web orrian (aurrekontu irekien atala). Gainera, aurten ere, Aldundiak topaketen agenda itxi du hilabete honetarako; lurralde mailako topaketak nahiz sektorekako topaketak, aurrez aurre jaso ahal izateko ikasleen, adinekoen, elkarteen eta esparru desberdinetako eragileen ekarpenak. Posta helbide espezifiko bat ere zabaldu da -partaidetza@gipuzkoa.eus-, eta harremanetarako telefono bat -943 113960-, proiektuak aurkezteko eperako, interesatuek informazioa, aholkularitza eta proposamenak egiteko laguntza jaso ahal izateko.
Prozesu osoan zehar zenbait mekanismo ezarri dira, ziurtatzeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzen dela, parte hartzeko aukera gutxien duten kolektiboak ere sartzen direla, eta proiektuak prestatzen parte hartzeaz gain, proiektuak garatu eta egikaritzen ere parte hartzen dutela. Parte hartzen duten pertsona guztiei zer proiektu onartu diren jakinaraziko zaie, eta aurrekontu irekien ondorio nagusiak jendaurrean jarriko den txosten batean bilduko dira.
Gero eta parte-hartze handiagoa
Iaz herritarren 13.267 ekarpen jaso ziren guztira, 2017an baino % 42 gehiago; Foru Aldundiak ekimen hau abian jarri zuenetik lortu den zifrarik altuena. Kopuru osotik 7.156 foru eskumeneko proposamen espezifikoak izan ziren, eta horietatik % 68,7 aurtengo aurrekontuan jaso dira. Guztira 4.420 herritarrek parte hartu zuten, aurreko urtean baino % 54,6 gehiago. Parte hartu zutenen % 58 emakumeak izan ziren, eta batezbesteko adina 49,2 urte izan da. Aldundiak 89 udalerritan jaso zituen ekarpenak aurrez aurre, biztanleriaren % 100en gaineko inpaktu potentzialarekin.
Gizarte zibilarekin egin ziren topaketetan ere nabarmen handitu zen parte-hartzea. Espazio horietan, Foru Aldundiko ordezkariek erakundeen kudeaketari buruzko azalpenak ematen dituzte, eta lurraldeko kolektibo sozialen eskaera eta beharrak jasotzen dituzte. Iaz, 800 parte hartzaile baino gehiago izan izan ziren egindako 28 topaketetan. Halaber, 8 topaketa egin ziren lehenbizikoz populazio txikiko 35 udalerritan, eta udalerri horietako 79 ordezkari politikok hartu zuten parte topaketa horietan.
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eta Gizarte Politikako Departamentuak bildu zituzten proposamenen % 40, 1.670 eta 1.574 hurrenez hurren. Zehazki, herritarrek lehenetsi zituzten gaiak hauek dira: bizikleta bideak edo bidegorriak luzatzea, mantentzea eta zati berriak lizitatzea (908); garraio publikoa egokitzea, Lurraldebusen lineak aldatzea eta/edo linea berriak sortzea barne, eta gaueko zerbitzuaren eta asteburukoaren maiztasuna hobetzea (560); eta adineko pertsonen babes sozialean aurrera egiten jarraitzea, etxeko laguntza zerbitzua hobetzea, bakardadearen aurka egitea eta prestazioak garatzea (467 eskaera).1450