Zaharren egoitzetan hildako pertsonei omenaldia egin die Gipuzkoako Foru Aldundiak
Zaharren egoitzetan hildako pertsonei omenaldia egin die Gipuzkoako Foru Aldundiak
Zendutako egoiliarrei lore eskaintza egin die diputatu nagusiak Zarautzen jarritako oroigarrian eta bere “itxaropena” adierazi du dagoeneko erresidentzietako egoiliarrak txertoarekin babestuta daudelako
Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia egin die gaur goizean Gipuzkoako egoitzetan COVID-19rekin hil diren adinekoei. Zentro horietan daude, hain zuzen ere, birusaren erasoaren aurrean "pertsona zaurgarrienak”. Diputatu nagusiak zendutako egoiliarren senideekiko "gertutasuna eta elkartasuna" adierazi du “bihotzez”, ekitaldi "xume baina esanguratsu" batean. "Beren bizitza luze eta emankorretan Gipuzkoari asko eman dioten pertsonak joan zaizkigu. Haien oroitzapenak pandemiaren aurrean konpromiso kolektibo eta indibiduala mantentzera eraman behar gaitu ", adierazi du.
Zarauzko Arrosategi parkean egin ditu adierazpenok Olanok, Zarauzko egoitzatik metro gutxira, Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuarekin, Xabier Txurruka Zarauzko alkatearekin eta Garbiñe Amotxategi Santa Ana egoitzako zuzendariarekin batera. Zentro horrek, hain zuzen ere, Gipuzkoako erresidentzietan bizi zen pertsona baten lehen heriotza erregistratu zuen COVID-19aren eraginez, 2020ko martxoaren 26an. Ordutik, 322 pertsona hil dira Gipuzkoako egoitzetan.
Hildakoen omenez jarritako oroigarrian lore eskaintza egin ondoren, diputatu nagusia "itxaropentsu" agertu da, azken urte "gogorraren" ostean, egoitzetako adinekoak "babestuta" daudelako txertoari esker. Hori birusaren aurkako borrokan "benetan urrats garrantzitsua" dela adierazi du. "Halaber, esker oneko mezua helarazi nahi diet Gipuzkoako gizarte-zerbitzu guztiei, egoitzetako langile guztiei eta zentroetan birusari eusten lagundu duten lurraldeko gizarte-erakundeei, egindako prebentzio-lan handiagatik eta 12 hilabete hauetan erakutsi duten giza konpromisoagatik", gaineratu du.
Gipuzkoako egoitzetan, 2020ko martxoaren 19an hauteman zen kasu positiboa COVID-19an, Tolosako Iurreamendi egoitzan; lehen hildakoa, berriz, Zarauzko Santa Ana zentroan bizi zen emakume bat izan zen. Egun horretatik gaur arte, otsailaren 26ra arte, 322 egoiliar hil dira Gipuzkoako egoitzetan.
Ekitaldia Zarauzko Arrosategi parkean izan da, Santa Ana egoitzaren ondoan. Gune hori duela hiru hilabete hasi zen erabiltzen, bertan bizi direnek eta haien familiek ibilaldi seguruak egin ditzaten. Diputatu nagusiak bere hurbiltasuna eta esker ona adierazi nahi izan die COVID-19ren aurkako borrokan "dena eman duten" pertsona guztiei, "pandemiak erronka handia eragin baitu eta gure bizitzak goitik behera eraldatu baititu": egoiliarrak, profesionalak eta familiak Adineko pertsonek "eraso gogorragoa jasan dute" eta horietako askori "ustekabean eta modu mingarrian" iritsi zaie bizitzaren amaiera.
1778