Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Zahartzaroaren Erreferentziazko Zentroaren lehen tramitea, martxan

Zahartzaroaren Erreferentziazko Zentroaren lehen tramitea, martxan

Aldundiak Pasaiako Portuko Agintaritzari eskatuko dio jabari publikoko partzelak desatxikitzea.

Imanol Lasa urtarrilak 30

Gipuzkoako Foru Aldundiak Pasaiako Portuko Agintaritzari eskatuko  dio Herrera Iparraldeko portuko jabari publikoko ondasunak desatxikitzea. Hala onartu du gaur Diputatuen Kontseiluak. Orain, Espainiako Sustapen Ministerioari dagokio erabakia hartzea. Partzela horretan kokatuko da, hain zuzen, zahartzaroaren eta mendekotasunaren arretarako erreferentziazko zentroa, Etorkizuna Eraikiz-eko proiektu estrategikoetako bat.

Aldundiak gizartearen zahartzeari aurre egiteko duen plangintzan kokatzen da proiektua, Imanol Lasa foru bozeramaileak gaurko agerraldian azpimarratutakoaren arabera. Gogorarazi duenez, 55 urtetik gorako pertsonak biztanlego osoaren % 35 ziren 2017an, eta 2031. urterako, berriz, kopuru hori % 46,5ra igoko dela diote biztanlegoaren proiekzioek. “Horrek esan nahi du mendekotasun graduren bat baloratuta duten pertsonen kopurua ere nabarmen igoko dela: gaur egun 29.000 daude, eta 39.000 izango dira 2031an. Lehen mailako erronka dugu”, ohartarazi du.

Ildo horretan, azaldu du foru erakundeak estrategia integrala jarri duela martxan Etorkizuna Eraikiz dinamikaren barruan fenomeni horri aurre “berme guztiekin” egiteko, eta “aste gutxiren buruan” aurkeztuko dela jendaurrean. “Ezin dugu geldirik egon, zahartzearen olatuak gainetik nola pasatzen gaituen ikusten. Arazoa indentifikatuta daukagu dagoeneko. Gizartearen kezka nagusietako bat dugu, eta gaurtik hasita egin behar diogu aurre, elkarlanean eta esperimentazioan oinarrituta”, nabarmendu du.

Aurreratu duenez, Pasaiako Erreferentziazko Zentroa eraikitzea da plangintza horren neurri nagusietako bat. Baita berrikuntza unitate bat sortzea ere, “etorkizuneko erronka honek dakartzan aukera ekonomikoak aprobetxatzeko” hala nola zilarrezko ekonomia deritzona garatzea. Aurtengo aurrekontuetan 1,5 milioi euro bideratuko dira proiektura bere osotasunean, Lasak gogorarazi duenez.

Hospitalillo izeneko partzela portuaren eta hiriaren arteko interakzio gunean kokatzen da eta 4.800 metro koadro inguru dauzka. Desatxikipenak ahalbidetuko du bertan ibilgailu arinentzako lur azpiko arparkalekua eraikitzen hastea, eta horren gainean kokatuko da Zentroaren eraikina. Bozeramaileak adierazi du datorren legealdian hasiko direla eraikina egiteko lanak. Azpiegitura honek ehun gela, 20 apartamentu tutelatu inguru eta eguneko zentro bat edukitzea aurreikusten da, adinekoentzako zerbitzuak guztiak ere.  Partzelaren desatxikitzea eskatzea “ezinbesteko tramitea” da bi ekipamenduak eraikitzea posible egingo duen “plangintza legala eta administratiboa” abian jartzeko

Berrikuntza unitatea, berriz, aurten bertan jarriko da martxan. Lasak aurreratu duenez, lehen proiektu berritzaileak ere “laster” aurkeztuko dira, eta pertsonan oinarritutako arreta edukiko dute ardatz nagusi gisa. “Adinekoen egoitzetan dauden pertsonen bizi kalitateak lotura estua dauka egoitzen diseinu arkitektonikoarekin eta giroarekin, baina baita arreta ereduarekin ere. Hori dela eta, Etorkizuna Eraikuz-eko lan ildo honen bidez, bi alor horietan sakontzea da gure asmoa”.

Era berean, Pasaialdearen biziberritze integralaren aldeko apustuan kokatu ditu proiektu horiek. “Legealdi honetako lehentasunetako bat dugu biziberritzea, eta hemen ere aurrerapauso handiak ikusten ari gara. Lanean jarraitzen dugu badiako bizilagunen aurrean hartu genuen konpromisoa betetzeko, hau da, arlo guztietan beraien bizi-kalitatea hobetuko duten inbertsio eta proiektu zehatzak gauzatzeko: ekonomian, gizarte arretan, kultur eta kirol ekipamendutan…”.

 

A-15eko tunelean lanak

Bilkura berean, oniritzia eman zaio San Lorentzo-Larreko tuneleko egokitze proiektuari, A-15 autobidean, Iruñeko noranzkoan. Esleipen aurrekontua 5.780.814,49 eurokoa da, guztira, eta lanak burutzeko epea, berriz, lau hilabetekoa. Erabiltzaileen segurtasuna, eta tunelaren gailuak hobetuko ditu proiektuak, europar araudiarekin bat.  1995. urtean ireki zen, 780 metroko luzera dauka, eta Europa barneko sarea osatzen duen tuneletako bat da. Azken urteetan, horren barruan luizi batzuk gertatu dira; hori dela eta, alde batetik estaldura sendotuko da, eta bestetik, instalazio gutiak modernizatuko dira.

Aktuazio hauek aurreikusten ditu proiektuak, besteak beste: hainbat egonkortze konponbide; drainatze sarea eta isurien bilketa berritzea; eraldaketa zentro bakarrean biltzea tuneleko instalazioen energia horniketa; equipo elektrikoen berritzea; argiztatze sistema berritzea -horretarako, LED teknologia erabiliko da, ustiapen kostua gutxitzeko; bide kudeaketa eguneratzea, zirkulazioa eta aforalekuak kontrolatzea, azkeneko teknologiak erabiliz; Gorabeherak Automatikoki Antzemateko sistema (GAA) jartzea; erabiltzaileekin komunikatzeko sistema eguneratzea -horretarako, SOS zutabeak berrituko dira eta megafonia sistema jarriko da-.

Proiektua gauzatzeko beharrezkoa da hodian zirkulazioa mugatzea eta kontrako hodira desbideratzea, hau da, obrak irauten duen denboran bypass egoeran egongo da. Era berean, zirkulazioa egoera horretan dagoela, ezingo dute bertatik igaro 3 m-ko zabalera eta 4,5 m-ko garaiera gainditzen duten ibilgailuek. Neurri horietatik gora daudenek ordezko bideak hartu behar dituzte; horretarako, mezu aldakorreko panelen bidez eta obra seinale finkoen bidez ohartaraziko zaie. Batez beste 13.500 ibilgailu igarotzen dira bertatik egunero.

Neguko plana indarrean ez dagoen tartean egin behar dira obrak. Hori horrela, aurtengo azaroaren 15a baino lehen amaiturik egin daitezen programatuko dira lanak. Foru bozeramaileak adierazi duenez, horrelako inbertsioak nahitanahiezkoak dira lurraldean “errepide sare eredugarria” edukitzen jarraitzeko, “gipuzkoarrek inkesta guztietan oso ondo baloratzen dutena, kontserbazioari eta mantenuari dagokienez bereziki”.

 

Helburu sozialeko entitateentzako lokala

Bestalde, Kontseiluak onartu du Donostiako Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen Pasealekuan kokatutako lokala egokitzeko obren exekuzio proiektua. Aurrekontua 830.962,45 eurokoa da eta lanak burutzeko epea, berriz, zortzi hilabetekoa. Donostiako Udalak lagatako lokala da; bi solairu dauzka, eta guztira 766,74 m2ko azalera. Elkarte mugimenduaren garapenerako bulego berriak kokatuko dira bertan, helburu sozialeko elkarte eta erakundeek erabil ditzaten, Gizarte Zerbitzuen Mapak jasotzen duen moduan. Gausark arkitektura estudioak idatzi du lokala egokitzeko proiektua.

Lasak azpimarratu duenez, Aldundiaren helburuetako bat da hirugarren sektoreko entitateek beraien ohiko jarduera “ahalik eta ondoen” gauzatzeko bitartekoak edukitzea, materialak zein giza arlokoak, “ezinbesteko partaideak direlako Gipuzkoako gizarte arretarako sistemaren egituran. Foru erakundeak elkarlanerako hitzarmen finkoak dauzka lurraldeko hirugarren sektoreko 50 elkarterekin, eta beste 120 baino gehiagora iristen da diru laguntzen bitartez, horietako asko tamaina txikikoak.

  

2482