Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Zahartze osasuntsuaren erronka eta aukeren inguruan hausnartuko du Gipuzkoak Adinberri Kongresuan

Zahartze osasuntsuaren erronka eta aukeren inguruan hausnartuko du Gipuzkoak Adinberri Kongresuan

Ostegun eta ostiralean egingo da jardunaldia Tabakaleran; 400 pertsonatik gora espero dira adindu eta sektorearentzat erreferente izango den topaketan

Zahartze osasuntsuaren inguruan sentsibilizatu eta gizarte ongizate eta garapen ekonomikoaren ikuspegietatik eskaintzen dituen aukerak ezagutarazi. Hauxe da Adinberri Kongresuak ezarri dituen helburu nagusiak. Topaketa datorren ostegun eta ostiralean egingo da Donostiako Tabakalera zentroan. 400 lagun espero dira, hauen artean adinduen eta biozientzien sektoreko ordezkariak; soziosanitario eta esku hartze alorreko eragileak; ezagutza, hezkuntza eta berrikuntza zentroak; eta baita alor honek eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko interesa duten enpresak ere.
Adinberri Etorkizuna Eraikizeko proiektu estrategiko eta erreferentzia zentroetako bat da. Aldundiak denon artean Gipuzkoako etorkizuna eraikitzeko abian jarritako ekimena da Etorkizuna Eraikiz. Zehazki, Adinberrik aurre egin nahi dio egun bizi dugun iraultza demografikoari, osasuntsu zahartzeko estrategia sustatuz. Proiektuak sei elementu nagusi ditu: Pasaian eraikitzen ari den zentro berria, berrikuntza unitatea, fundazioa, alor honi lotutako eragileen ekosistema eratzea, berrikuntzarako agenda estrategikoa eta urtero egingo den diru-laguntza deialdia, proiektu berritzaileak bultzatzeko. 
Testuinguru honetan, kongresua aukera paregabea da zahartze prozesua aztertzeko ikuspuntu guztietatik: arretan eta zainketetan egindako berrikuntzetatik hasi eta silver economy delakoa Gipuzkoako jarduera ekonomikoaren motor bilakatzeko aukerara arte. Eta horretarako, topaketan tokiko eta nazioarteko esperientziak aztertuko dira adituen hitzaldi eta solasaldietan, baita publikoaren parte hartzearekin ere. Adineko pertsonei buruz hitz egiten dugunean hizpide ditugulako bizi estilo osasungarriak, heziketa eta trebakuntza, domotika eta arkitektura, enpresa eta berrikuntza, politika publikoak, zainketak eta arreta, eta, nola ez, balioak eta boluntariotza.

Programa
Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok irekiko du lehen jardunaldia, eta Adinberri estrategia xehatuko du bere hitzaldian. Ondoren Julio Pérez Díaz adituak hartuko du hitza, eta honen ostean euren sektoreetan erreferente diren pertsona adinduen arteko elkarrizketa egongo da, tartean AFAGIko presidente den Koldo Aulestia edota Philipseko presidente izan zen Ignacio Ayerdi. Arratsaldean, Adinberrik identifikatu dituen lan lerroen inguruko sesio paraleloak egingo dira, lehen mailako hizlariekin: zahartze osasuntsua, luzaroan bizitzeko etxea, zahartze aktiboa, balioetan zahartzea, arreta eta zaintza eta luzaroan bizitzeko ingurunea. Jardunaldia amaitu ostean, hitzaldi irekia egongo da, Maria Angeles Duranen eskutik. Mariano Ferrer eta Lourdes Perez kazetariekin egingo du solasaldia.  
Bigarren jardunaldian, ostiralekoa, eguna Adinberriren antzeko nazioarteko ekimenen lekukotzekin hasi da. Erresuma, Frantzia eta Portugaletik etorritako adituek hartuko dute parte. Ondoren, zilarrezko ekonomia deritzonak eskaintzen dituen aukera eta indarguneak xehatuko dira elkarrizketa batean eta, gero, ezagutza eta hezkuntza munduak hartuko du hitza, FutureNi elkarrizketan. Bigarren honetan, zahartze arloko aukera eremuetan lanean ari diren gazteek hartuko dute hitza. Jardunaldia mahai inguru batek itxiko du. Bertan egongo dira Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; Jon Darpon, Eusko Jaurlaritzako sailburua; Françoise Jeanson, Nouvelle Aquitaineko sailburua eta osasun eta zilarrezko ekonomiako arduraduna; eta Fernando Dominguez, Nafarroako Gobernuko Osasun sailburua.

  

1930