Zaintzak era “partekatuan eta adostuan” antolatzeko tresna bat aurkeztu du Gipuzkoak
Zaintzak era “partekatuan eta adostuan” antolatzeko tresna bat aurkeztu du Gipuzkoak
Gipuzkoako Gizartean Esku-hartzeko Etika Batzordeak prestatu du “Zuk jakitea nahi dut…” gida, zainketak errespetuz planifikatzen laguntzeko helburuarekin.
Maite Peña Gizarte Politikako diputatua
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Gizartean Esku-hartzeko Etika Batzordeak gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu dute “Zuk jakitea nahi dut…” dokumentua, zainketen plangintza partekatua eta adostua errazteko gida. Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatua eta Asun Jauregi Gipuzkoako Gizartean Esku-hartzeko Etika Batzordeko ordezkariak aurkeztu dute azken hilabeteetan egindako lana; helburua da gizarte etxeetara eta Gipuzkoako 21.000 mendekoen etxeetara iristea.
Gipuzkoa zainketen ereduaren trantsizioa gauzatzen ari da, Aldundia azken urteetan “sektore guztiarekin lankidetzan” burutzen ari den lanaren ildoan. Diputatuak adierazi duenez, “prozesu hau pandemiarekin azkartu egin da, baina 7 urte baino gehiago daramatzagu bide hau lantzen”. Gipuzkoa 2020>2030 Agendak biltzen du Aldundia zainketen esparrua eraldatzeko egiten ari den apustua, gizarte politiken pertsonalizaziorako, berrikuntzarako, parte-hartzerako eta ebaluaziorako ibilbidea markatzen duena.
“Gaur aurkezten dugun gida kokatzen da pertsonalizaziorako eta zaintzaile eta gizarte zerbitzuen erabiltzaile diren pertsonen parte-hartzerako trantsizio horren baitan. Peñak gaineratu duenez, lan honekin erraztu nahi da zainketen plangintza eta erabakiak modu partekatu eta adostuan hartzea”. “Zuk jakitea nahi dut…” dokumentuak lagundu nahi du “modu partekatuan sortzen bizitzako eta zainketako plan bat”, eta horretarako, proposatzen zaie dokumentu bat idaztea, antolatzeko eta esateko nola nahi duten izatea plangintza hori. “Gida honek adibide gisa balio du dokumentu hori idatzi ahal izateko”, zehaztu du diputatuak.
Tresna honek balio du erabakiak errazago hartzeko egunerokoan edo aldaketak datozen garaietan, gizarte zerbitzuen erabiltzaileei, beren familia, lagun edo profesionalei zuzendutako jarraibide errazei esker. “Oso garrantzitsua da pertsona bakoitzaren balioak, nahiak eta beharrak entzun eta errespetatzea, funtsezkoa baita zainketen pertsonalizazioan aurrera egiten jarraitzeko”, adierazi du Maite Peñak, “horrela bi aldeen artean berdintasunezko harremanak sortzen direlako”.
Gainera, dokumentu “irekia” dela eta pertsona bakoitzak desberdin beteko duela ere zehaztu du, eta diputatuak iragarri duenez, datozen aste eta hilabeteetan aktibatuko da tresna hori ezagutarazteko plangintza bat, pedagogikoki informatu eta formatzeko, modu eraginkor eta egokian erabil dadin. Horretarako, topaketak eta informazio hitzaldiak egingo dira Gipuzkoako eskualdeetan, bilera sektorialak hainbat erakunde eta udalekin, gutunak bidaliko dira gizarte zerbitzuen erabiltzaileak diren pertsonen etxeetara eta espazio birtual bat sortuko da profesionalak trebatzeko.
Aldi berean, Aldundiak harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat aktibatu ditu: 943244835 eta zukjakiteanahidut@gipuzkoa.eus / quieroquesepas@gipuzkoa.eus. Dokumentua deskarga daiteke Gizarte Politiketako Departamentuaren webgunetik ere:
https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/gizartepolitika/bioetikako-komitea
3274