Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Zapiain sagardotegiak irabazi du XXIII. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketa

Zapiain sagardotegiak irabazi du XXIII. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketa

Bertako sagarrarekin egindako sagardoa goraipatzea da sariketaren helburua. Eider Mendoza diputatu nagusiak sagardogintzak azken urteetan jatorri izendapenaren eskutik egindako jauzia nabarmendu du.

Gipuzkoako Foru Aldundia

‘XXIII. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketa. Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak’ txapelketaren sari-banaketa gaur goizean egin da Gipuzkoako foru jauregiko tronu aretoan. Ekitaldian parte  parte hartu dute Eider Mendoza diputatu nagusiak, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, eta lehiaketan parte hartu duten sagardotegi guztietako ordezkariek, Jose Antonio Garmendia, Nekazaritzako Sustapen eta Osasuneko Atalburuak aurkeztu duelarik. Zapiain sagardotegia izan da irabazlea, eta epaimahaiak sagardo ekoizle honek egiten duen sagardoaren kalitate analitiko eta organoleptikoa jarri du balioan.

Eider Mendozak azpimarratu du lehiaketa honen helburu nagusia dela bertako sagarrarekin egindako sagardoaren, alegia, Euskal Sagardoa jatorri-izendapenera bideratutako sagardoaren kalitatea aitortzea, sustatzea eta saritzea. “Gure izaerari, lurrari, paisaiari eta kulturari sakon lotutako produktu nagusietako bat da sagardoa. Gure herriaren eta lurraldearen ikur sendoenetako bat da sagardogintza, gipuzkoar baserrietako lan ona eta produktuen kalitatea ezinhobe islatzen duena”, gogorarazi du diputatu nagusiak, aurtengo lehiatuak izan diren sarituak zorionduz.

Mendozak, baita ere, azken urteotan gipuzkoar sagardogintzak jatorri izendapenaren eskutik egindako “jauzia” nabarmendu du eta Aldundiak ahalegin partekatu horretan egindako ekarpena aipatu nahi izan du. Hala nola, urtero bertako sagarrondoa landatzeko 300.000 euroko dirulaguntza lerroa. Laguntza honi esker, 2016tik hona 176.38 hektarea landatu dira, guzti horiek Euskal Sagardoa jatorri izendapeneko sagardoa ekoiztera bideratuak.

“Sustraiei eutsita, etengabe berritzen eta berrikuntzan saiatzen ari den langintza da zuena”, azpimarratu du Mendozak eta, sektoreak gaur egun dituen desafioei begira jarrita, sagarrondoak hainbeste mimoz zaintzen dituzten baserritarrekin nahiz sagardogileekin –sektorearekin, orohar– “elkarlan estuan” jarraitzeko konpromiso irmoa adierazi du.

Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, berriz, sagardogileen lana goraipatu du. “Gure sagardogileek atsedenik gabe egiten duten jarduna aitortzeko helburuarekin egin zen lehen aldiz txapelketa hau duela 23 urte, eta egun ere lan hori balioan jartzen jarraitzen dugu”.

Lurralde Oreka Berdeko Diputatuak ekitaldia aprobetxatu du sagardogintzak belaunaldi erreleboaren aurrean duen erronka gogorarazteko. “Sagardogintza oso erakargarria bada ere, gero eta zailagoa da belaunaldien arteko erreleboa hemen ere”. Ildo horretan, Arrutik Gipuzkoako Foru Aldundiak abian dituen programak aipatu ditu, “hala nola, Gaztenek edo Baserritar Misto Profesionala bezalako ekimen eta bestelako politikak”, belaunaldi berriak lehen sektorera erakartzeko. Izan ere Arrutik adierazi duenez, “sagardoa gure herri nortasunaren eta kulturaren ardatz garrantzitsu bat da honen biziraupena bermatzea guztion ardura delarik” eta, hortaz, “aldunditik beharrezkoak diren tresnak erraztuko ditugu sagardogintzaren etorkizuna bermatzen jarraitzeko”.

Kalitate gorena

Lurralde historikoko sagardogile desberdinak lehiatu dira XXIII. edizio honetan eta iaz bezala, aurten ere, lortutako puntuazioaren arabera aurtengoan bi kategoriatan banatu dira sagardoak: urrea jaso dute 72 puntutik gora lortu duten sagardoek, eta zilarra 65 eta 72 puntu artekoek. Jarraian, urre kategoria lortu duten sagardoen artean bigarren dastatze-fase bat egin da eta txapelduna aukeratu da.

Hori horrela, Sagardo Lehiaketako 2024ko edizioan zilarra, Lizeaga sagardotegiarentzat izan da. Bestalde, urrea berriz: Aburuza, Alorrenea, Altzueta, Begiristain, Isastegi, Oiharte, Petritegi, Zapiain eta Zelaia sagardotegientzat izan dira. Txapeldunetan txapeldun, ordea, Zapiain sagardoa gailendu da. Saritu guztiek euren botiletan, datorren urte osoan, zigilu akreditatibo bat eramateko aukera izango dute, urrezko eta zilarrezko sailkapena erakutsiko duena.

Urtero bezala, Aldundiko Fraisoro Laborategiko dastatzaileek osatutako epaimahaiak egin du sagardoen lehen aukeraketa, eta haiek izan dira lehen sailkapenean urrea eta zilarra esleitzearen arduradunak. Aurrez, aurkeztutako sagardo guztiei egin zaie analisi fisiko-kimikoa, dastatze organoleptiko fasera pasatzeko proba hau gainditzea ezinbesteko baldintza baita. Bigarren fasean urreen artean txapelduna aukeratzeko, aldiz, sagardotegiek beraiek proposatutako hiru pertsonek, Lur Basurto, Mikel Rodríguez eta Xabier Zabaleta eta Fraisoroko dasta-paneleko hiru dastatzailek osatu dute epaimahaia. Txapelduna aukeratzeko, lagin guztien alderdi analitikoa eta organoleptikoa aztertu dira, eta dastaketa-panelak zentzumenezko analisiak egiteko metodoa jarraitu du.

Aurten ere sari bereziak eman dira sagardo berritzailearen eta sagardo apardunaren kategorian. Sagardo hauek baloratzeko aparteko epaimahai bat sortu da sumiller eta aditu ezberdinez osatua. Bi kasuetan, Zapiain sagardotegia izan da saritua. Sagardo berritzaileenen kategorian, Joanes 2024k izan da sagardo bereziaren saria jaso duen sagardoa. Sagardo apardunei dagokienez, Anzestrala 2021ek jaso du saria.

Posizionamendua eta komertzializazioa

Sari banaketan, aurrera begira dituzten erronken berri eman du Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri-deiturako koordinatzaileak. “Datozen urteetan % 100 Euskal Sagardoa izatea da helburua, eta bide horretan, sagasti gehiago landatzen jarraituko dugu. Bestetik, datozen 3-4 urteetan gure taberna eta jatetxeetan Euskal Sagardoaren presentzia areagotzea izango da beste erronka nagusi bat. Taberna eta jatetxeek sagardo kartak izatea da gure helburua, jendeak Euskal Sagardo desberdinak aukeran izan ditzan”.

Agirrek gaineratu du jatorri-deitura urte askotako lanaren emaitza eta etorkizuneko apustua dela, sagarraren eta sagardoaren sektoreak eta erakunde publikoek elkarlanean egina.

  

4564