Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren 19. edizioa maiatzaren 24an izango da

Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren 19. edizioa maiatzaren 24an izango da

Gipuzkoako probarik gogorrena eta ederrenetarikoa da. Denis Itxaso, Kultura eta Kiroleko Diputatuak proba honek Gipuzkoan sortzen duen aberastasuna nabarmendu du; gainera, Golden trail series-erako baliogarria da eta espezialitate horretako atletarik onenak ekartzen ditu Gipuzkoara.

Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren 19. edizioa aurkeztu da gaur Gipuzkoako Foru Aldundian. Proba maiatzaren 24an izango da eta puntuagarri izango da Golden trail series 2020rako

Urtarrilaren 20an irekiko da atletek izena emateko epea eta urtarrilaren 30ean bukatuko da eta 21an egingo da parte-hartzaileen zozketa. Antolakuntzak 150 dortsal gordeko ditu lasterketak dakartzan konpromisoei aurre egiteko eta beste 125, berriz, aurreko edizioetan lehiatu eta edizio honetan ere parte hartu nahi duten atleten parte-hartzea ahalbidetzeko, eta azken bi edizioetan denborarik onenak erregistratu zituzten atleten parte-hartzea bermatzeko. Izen-ematea rock the sport webgunearen bidez egin beharko da.

Aratz mendigunean eta Aizkorri mendilerroan barrena egiten den mendi ibilbidean Euskal Autonomia Erkidegoko lau gailur garaienak zeharkatzen ditu: Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri. Zegama herritik (296 m) Otzaurteko gainera (652 m) jotzen da, eta mendate horretatik aurrera mendi bide eta bidexka ederretatik igarotzen da ibilbidea, zuhaiztietan –gehienean hariztietan–, harkaitz bizizko eremu malkartsuetan eta goi mendietako larreetan barrena.  Lasterketa hau lurraldean egiten den proba gogorrena da, abiapuntuaren eta helmugaren artean 42 kilometro eta 5.472 metroko desnibela baitago. 

Aurten kilometro bertikala Maiatzaren 22ean izango da Zegaman, 16:00etatik aurrera.

Baita ere maiatzaren 2an VIII. Zegama-Aizkorri Junior Traila ere izango da, 10:30etan hasita, eta 10,4 kilometroko ibilbidea izango du. Antolatzaileak pozik agertu dira parte-hartzaile kopuruak gora egiten duelako urtero.

Itxasok mendi maratoiak dituen balioak azpimarratu ditu, eta bereziki adierazi du horrelako probetan parte hartzen duten atletek egin behar duten sakrifizioa eta izan behar duten pertseberantzia. Izan ere, batzuk zortzi ordu baino gehiago behar izaten dituzte ibilbidea osatzeko.

Iker Goiria Turismo zuzendariak, berriz, azpimarratu du Zegama-Aizkorrik “% 100ean” datorrela bat Gipuzkoa finkatzen ari den turismo eredu jasangarrian. “Lurraldeko barnealdea eta horrek dauzkan erakargarri guztiak –natura, ondarea…- mundu mailan ezagutarazten ditu, naturarekiko errespetua eta turismo aktibo eta osasuntsua sustatuz, eta auzolanean oinarrituta, gainera Proba honek frogatzen du txikitasunetik gauza handiak lor daitezkeela, Gipuzkoak berezkoak dituen autentizidadea eta baloreak modu naturalean erakutsiz”.

Zegamako alkate Joseba Izagirrek baieztatu du probaren oinarriak sorrerako berberak direla gaur egun ere: proba posible egiten dute 400 boluntario baino gehiago; ingurunea, probaren ibilbideko zatirik handiena natura- eta ingurumen-balio handiko Aizkorri-Aratz parke naturaletik pasatzen baita; eta ingurumenarekiko errespetua.

 

  

1993