Zeharberritu egin dute Elias Salaverria margolariaren “La ofrenda de Elcano”
Zeharberritu egin dute Elias Salaverria margolariaren “La ofrenda de Elcano”
Mihisea Euskal Itsas Museoan ikusgai egongo da, Elkanori buruz datorren urtean egingo den erakusketa batean
2019a aukeratu da, Elkanoren mundu biraren bosgarren urteurrena dela eta, Elias Salaverria margolariaren mihise garrantzitsueneko bat zaharberritzeko, hondatuta zegoen margolanaren jatorrizko itxura berreskuratzearren. Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz eginda, egileak 1922an sinatu zuen lana Donostiako Foru Jauregiko alde zaharreko ohorezko solairuko atondoan jarrita egoten da. Denboraren eraginez eta mihiseak jasan behar izan dituen tenperatura eta hezetasun aldaketen ondorioz, deformazio handiak agertu dira perimetro osoan. Aurrez ere, zenbait esku hartze egin ziren margolanaren zati batzuetan, polikromia galera nabarmenak zituelako.
2018ko bukaera aldera, margolana ikusgai zegoen lekutik kendu eta Gordailura, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentrora, eraman zen zaharberritzeko. Lan zaila izan zen, markoaren pisua eta deformazio handiak zituen oihalaren egoera delikatua kontuan izanda.
Hasiera batetik, proiektu zabal modura aurreikusi zen zaharberritze lana, eta beharrezkotzat jotzen zen margolanaren eta egin beharreko esku hartzean erabiliko ziren materialen aldez aurreko azterlan bat egitea. Hasieratik, gutxieneko esku hartzearen irizpideari jarraitzea erabaki zen, eta zaharberritze lanetan hartutako erabaki guztietan irizpide hori bera erabili zen. Horren ondorioz, helburu nagusitzat finkatu zen oihalaren izaera laua berreskuratzea eta mihisearen kontserbazio egokia arriskuan jartzen zuten gehigarriak kentzea. Proiektuak, guztira, 17.000 euroko aurrekontua izan du eta hainbat etapatan gauzatu da 8 hilabetean. Proiektua egin ahal izan da esku hartzearen ardura izan duen Artyco kontserbazio eta zaharberritze enpresaren lan bikainari eta profesionaltasunari esker. Margolanaren materialak identifikatzeko azterketa kimikoak Larco Quimica y Arte enpresan egin dira. Aldez aurretik egindako azterketek informazio erabakigarria eman zuten margolanaren ezaugarriei egokitutako esku hartze metodoak eta materialak aukeratzeko. Argi igorrizko eta erreflektografia infragorriko argazkigintza teknikak erabili dira azpian zegoen prestatze-marrazkia behatzeko. Aldaketak antzeman dira konposizioan, pertsonaien antolaketan, eta horrek margolariari eta obraren mezuari buruzko alderdi teknikoak eta historikoak argitzen lagundu du.
Margolanaren zaharberritze lanekin batera egin den azterketa dokumentalak (artxiboko dokumentazio historikoa, bibliografia eta zuzeneko lekukotzaren iturriak) ezezagunak ziren gai batzuk argitu dizkigu eta Salaverriaren lan egiteko moduari buruzko datu berriak eta interesgarriak eman dizkigu. Diputazioko margolanak «ia bikia den anaia» dauka, Madrilgo Untzi Museoaren jabetzakoa dena, eta hura ere aurten zaharberritu dute. Bi pinturen zaharberritzearen harira, margolanen konparazio teknikoko lanak egin dira eta bi obrei buruzko datu historikoak osatzen lagundu da.
Besteak beste, ez dakigu zehazki noiz margotu zuen Salaverriak Madrilen dagoen mihisea, baina margolariaren bizitzarekin zerikusia duten pertsonaien zuzeneko testigantzari esker, denboran kokatzeko gai izan gara.
Salaverriaren koadroa Zaharberritze prozesua hasi zenean, margolanaren bertsioak ikertu ziren: alde batetik Getariako udalean dagoen “bozetoa” eta Madrilgo Untzi museoan dagoen margolanaren beste bertsioa. Hirurak parekatzeko, erreflektografia infragorria erabili da. Erreflektografiarekin, arkaztez egindako azpian dagoen marrazkia ikusteko gai izan dira. Oleozko lehenengo estratuak zeharkatu eta karbontziloaren seinalea jasotzen duen aparatua baita. Honekin margolariak konpoziziozko aldaketak eta “Pentimenti”-ak deritzonak ikusi ahal izan dira. Bozetoan ez omen da arkaztez egindako beheko marrazkirik aurkitu. Salaverriaren margolanean ordea gauza oso bitxiak agertu dira:
-
Ezkerrean agertzen den gizon bizarduna, jatorriz gazte baten antza eta bizarrik gabe marraztu zuen.
-
Elkanoren oina azkeneko momentuan eskailerara igo zuela ere ikusi da.
-
Erdialdean, beste pertzonai bat agertzen da bizkarra emanda.
Gainera, Getarian 4 urtero egiten zen Elkanoren lehorreratzearen antzezlana, Salaverriaren margolanean oinarritua dago.
Salaverriaren lana ikusgai egongo da Elkanori buruz datorren urtean Euskal Itsas Museoan egingo den erakusketan.
1979