Ziklotekaren eta ‘Red de Ciudadades por la Bicicleta’ erakundearen arteko lankidetza akordioa sinatu du Aldundiak
Ziklotekaren eta ‘Red de Ciudadades por la Bicicleta’ erakundearen arteko lankidetza akordioa sinatu du Aldundiak
Ziklotekaren eta ‘Red de Ciudadades por la Bicicleta’ erakundearen arteko lankidetza akordioa sinatu du Aldundiak
Hitzarmen horri esker, Ziklotekak Gipuzkoara mugatutako bizikletaren mugikortasunarekin lotutako dokumentuak biltzeaz eta hedatzeaz gain, Espainiako 550 hiriekin lotutakoak ere bildu eta hedatuko ditu. Era horretan, Europan bakarra eta nazioartean erreferentzia den bizikleta-mugikortasunean espezializatutako dokumentu-zentro izaera sendotzen du.
Marisol Garmendia Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuko diputatu sozialistak “Red de Ciudades por la Bicicleta” (RCxB) erakundearekin lankidetza-hitzarmena sinatu du Madrilen, Zikloteka sare horren erreferentziako dokumentu-zentro gisa erabiltzeko. Garmendiak, Jose Mª Hernandezek eta Antoni Povedak Madrilgo Garraioen Udal Enpresaren egoitza nagusian sinatu dute hitzarmen hori. Hitzarmena Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘RCxB’ erakundeari egindako proposamen bat da, dokumentu-zentro horrek eskaintzen dituen zerbitzuak —orain arte Gipuzkoako dokumentuak baino ez zituen biltzen— sareko kide diren hirietara zabaltzeko asmoz.
Akordio horren bitartez, Zikloteka bihurtuko da berau osatzen duten erakundeek —Bartzelonak eta bere metropolialdea, Madrilgo Udala, Valentziakoak etab. adibidez— bizikleten mugikortasunarekin lotuta sortuko duten materialen dokumentu-biltegi. Gainera, ‘RCxB’ erakundearen webgunean banner bat ezarriko da, bertatik Ziklotekan eta bere oinarri dokumentaletan sartzeko eta alderantzizko urratsa emateko.
Era horretan, Ziklotekak bere zerbitzuak “Red de Ciudades por la Bicicleta” erakundeko kide guztietara zabalduko ditu. Erakundeak, gaur egun, Espainiako 550 hiri ordezkatzen dituzten 116 kide ditu. Finkatutako erakunde arteko lankidetzari (udalekin, unibertsitate publiko eta pribatuekin, “Red de Ciudades por la Bicicleta” erakundearekin, ConBici hiri barruko txirrindularien Estatuko koordinakundearekin, Ingurumen Hezkuntzako Zentro Nazionalarekin eta Ciclosfera aldizkariarekin) eta bilaketa-, bilketa- eta kudeaketa-prozesu luze bati esker, Zikloteka bizikleten mugikortasunean dokumentu-zentro espezializatu gisa —Europan bakarra eta nazioartean erreferentzia— sendotzen da.
Garmendiak hauxe adierazi du: “hitzarmen hori Zikloteka hazteko eta bizikletaren erabilera hedatzeko urrats erabakigarria da. Akordio horri esker, Gipuzkoak erreferentziako dokumentu-zentro bat dauka mugikortasun iraunkorrari eta osasungarriari dagokien guztian kontsulta egiteko. Espainiako gainerako erkidegoen eta hirien aurrean, mugikortasun iraunkorraren eta osasungarriaren arloetan Gipuzkoan egiten ari garen apustua, proiektuak eta lorpenak azaltzeko urrats sendoa da”.
2016 eta 2017 urteen artean, 3.600 erabiltzaileri eman die zerbitzua —bertatik bertara kontsultak eginez, Internet bidez deskargatuz edo funts dokumentalak maileguan eskatuz—.
1616