Zortzi Covid-19 positibo berri antzeman dira adinekoen egoitzetan
Zortzi Covid-19 positibo berri antzeman dira adinekoen egoitzetan
Komunikazio eta koordinazio bideak indartu dira, bortizkeria kasuak jasan ditzaketen emakumeen arretarako.
Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi du, guztira 5.425 adineko pertsona artatzen diren Gipuzkoako 65 egoitzetan bildutako azken datuen arabera, atzo baino zortzi positibo gehiago eman direla. Guztira 76 dira egoitzetan gaixotutako pertsonak, eta 13 desgaitasuna duten pertsonen baliabideetakoak. Positibo berriak eman dira Ordiziako San Jose egoitzan, sei positiborekin, bat Arrasateko Iturbide egoitzan, eta bat gehiago Eibarko Egogain egoitzan, non lau diren guztira birusak kaltetutako pertsonak. Atzoko datuekin alderatuz, pertsona bat gehiago ospitaleratu da, bost direlarik guztira, eta lau gehiago eraman dira Gurutze Gorriaren egoitzara, non 16 pertsona dauden.
Beste alde batetik, bozeramaileak gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, udalekin, hirugarren sektoreko elkarteekin eta Osakidetzarekin batera, kale egoeran dauden pertsonen arreta indartzen jarraitzen duela. “Udalen eta gizarte eragileen arreta baliabideak indartzen jarraitzea da helburua, horrela, testuinguru honen aurrean, egoera zaurgarrietan eta babesgabean dauden pertsonak babesten jarraitzeko”. Horregatik, Hondarribiko aterpetxea bideratzeaz gain, Orioko aterpetxea ere erabiliko da egoitza-bazterketa egoera larrian dauden pertsonentzat. Era horretan, “Caritasen Hotzaldi baliabideari laguntza emango diogu eta gaur bertan 20 pertsona eraman dira Orioko aterpetxera”, azaldu du Mendozak. Zarauzko aterpetxea prestatzeko lanean ari dela ere gehitu du.
Bortizkeria matxista
Bestalde, Eider Mendoza foru bozeramaileak, atzo Emakunde bortizkeria matxistaren inguruan emandako informazioa izan du hizpide, kontuan izanda emakumeen aurkako biolentziaren kasuak erdira murriztu direla azken egunotan EAEn. Mendozak azaldu duenez, larrialdiaren hasieratik komunikazio eta koordinazio bideak indartu ditu Foru Aldundiak, Emakunde eta Eusko Jaurlaritzarekin oro har, eta udalekin, konfinamenduak irauten duen bitartean balizko bortizkeria kasuak jasan ditzaketen emakumeen arreta egokia “bermatu eta indartu” asmoz. Gogoratu duenez, gainera, martxan daude bortizkeria matxistaren biktimak artatzeko zerbitzuak eta harrera zentroak, beti ere beren jarduera osasun gomendio eta protokoloetara egokitu ondoren.
Konfinamendu egoera honetan, gizarteari dei egin dio foru bozeramaileak, beren etxeetatik hiritar gisa inguruan egon daitezkeen balizko bortizkeria kasuen aurrean “konpromisoari eutsi” diezaioten. Gainera, foru bozeramaileak gogorarazi du emakumeen aurkako biolentziaren presazko arretarako eta harrerarako zerbitzuak indarrean daudela. Bortizkeria matxista kasuen aurrean, biktima zein herritar oro kontaktuan jarri daiteke norbere udalerrietako gizarte zerbitzuekin, nahiz 900 840 111 telefonora deituz. Azpimarratu du, bereziki, 112 larrialdietarako APPak egoera honetan izan dezakeen “baliagarritasun handia”. Izan ere, telefono deirik egin gabe edozein emakumeri laguntza eskaini diezaioke aplikazio honek. Hitz egiteko zein entzumeneko arazoak dituzten pertsonentzat egokitua dago, gainera, eta eskaera egiten duen emakumea GPS bidez lokalizatzeko aukera eskaintzen die segurtasun indarrei.
1656