Zortzi ordainleku zabalduko ditu Frantziak itzulera operazioa errazteko
Zortzi ordainleku zabalduko ditu Frantziak itzulera operazioa errazteko
Mugako bi aldeetako ordezkariek izandako azken bileran ASFek Biriatouko ordainlekuan dauden hamar kabinetatik zortzi zabaltzeko konpromisoa hartu du.
Eman zaio hasiera itzulera operazioari eta Bidegiren aurreikuspenen arabera, ostegunetik igandera bitarte, 175.000 ibilgailu pasatuko dira Irungo ordainlekutik. Trafikoa arintzeko Zarautz eta Irungo ordainleku guztiak zabalik egongo dira ostegun honetatik aurrera eta itzulera operazioa amaitu artean. Egunotan muga zeharkatuko duten ibilgailuen %68, ia 120.000, Frantziako norabidean pasatuko dira eta %32, Donostiako norabidean. Eguneroko zenbakiei begiratuta, ostiralean eta larunbatean egongo da trafiko astunena: 46.800 ibilgailu inguru espero dira ostiralean eta 47.000 larunbatean.
Imanol Lasa foru bozeramaileak jakinarazi duenez, itzulera kopuru horiei aurre egiteko eta irteera operazioan egin zuen modura, Gipuzkoako Foru Aldundiak dituen “baliabide guztiak” jarriko ditu abian, “bai giza baliabideak eta baita teknikoak ere”. Hala, zehaztu duenez, Irungo ordainlekuan bederatzi kabina Frantziako norabidean zabalduko dira eta lau Donostiako norabidean. Zarautzen, 11 ordainleku egongo dira Frantziako norabidean eta lau Bilboko norabidean. Beste bi, Zarauzko irteerarako izango dira.
Gainera, Bidegi Foru Agentziak, panel informatiboak jarriko ditu Irun eta Behobia artean, Biriatouko norabidean. Bertan, mugan ordaindu beharko duten 1,70€ eta nortasun agiria edo pasaportea prest izateko aholkatzen zaie gidariei.
Parisko atentatuen ondoren Biriatouko ordainlekua kontrol gisa erabili du Frantziako poliziak eta ugariak izan dira, horren ondorioz, sortu diren auto-ilarak. Honi gehitu behar zao udako oporraldiko irteera eta itzulera operazioak izan ohi direla, mugan, ibilgailu gehien mugitzen dutenak.
Egoerari aurre egin eta gidariei sortutako eragozpenak arintzeko, Aldundiak hainbat bilera eta tramite egin ditu mugaz bestaldeko agintariekin. “Transmititu diegu erantzukizuna haiena zela, Gipuzkoan pairatutako auto-ilarak larriak zirela eta premiazkoa zela neurriak hartzea”. Lasa pozik agertu da, azken bileraren ondorioz, ASFek Biriatoun dituen hamar ordainlekuetatik zortzi zabaltzeko konpromisoa hartu duelako: “Uste dugu honek itzulera operazioa erraztuko duela, baina edozein modutan pazientzia beharko da”.
Azpimarratu behar, barrerak zabaltzeko sistema 0 kilometroko abiaduran egongo dela. Hau da, ibilgailuek VIA T gailua eduki arren erabat gelditu beharko dute barrera zabaldu aurretik. “Hala ere, Frantziako agintariek konpromisoa agertu dute, 3 kilometro baino gehiagoko auto-ilarak sortuz gero, barrerak zabaltzeko sistema azkartzeko”, azaldu du.
“Uste dugu honek itzulera operazioa erraztuko duela, baina edozein modutan pazientzia beharko da”
Trafikoa arintze aldera, Frantziak hartu dituen beste neurrien artean, ibilgailu gehien espero diren egunetan kamioien zirkulazioa debekatzea dago. Larunbatetan gaueko 10etatik igandean gaueko 10etara izan ohi duten debekuari, larunbat honetan, abuztuaren 20an, edukiko duten debekua gehitu behar zaio. Goizeko zazpietatik arratsaldeko zazpietara, ibilgailu astunen joan-etorria debekatuta egongo da Frantzian eta, ondorioz, ezingo dute muga zeharkatu.
2033