Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Zoruaren laginak ateratzearekin ekingo zaio A-636 autobia birgaitzeari

Zoruaren laginak ateratzearekin ekingo zaio A-636 autobia birgaitzeari

Bidegik lekukoak aterako ditu ostegunean eta ostiralean, errepide-geruzen egoera egiaztatzeko eta autobideko zati bakoitzean egin beharreko jarduketak zehazteko.

2022/06/21
Zoruaren laginak ateratzearekin ekingo zaio A-636 autobia birgaitzeari

Bidegi Foru Elkarteak A-636 autobidean zorua birgaitzeko lanak hasiko ditu autobiako hainbat puntutan zoruaren laginak hartuz. Datorren ostegun eta ostiralean, ekainaren 23 eta 24an egingo dira lan horiek, eta, ondorioz, bi egun horietan Beasaingo 0,080 kp-aren eta Ormaiztegiko 4,200 kp-aren arteko zenbait errei-tarte itxita egongo dira lagin horiek hartzeko. Une oro erreietako bat irekita egongo da.

            Lekukoak ateratakoan, errodadurako eta tarteko geruzen egoera ezagutu ahal izango da, eta autobideko zati bakoitzean egin beharreko jarduketak zehaztuko dira.

            A-636 Beasain-Bergara errepidearen zorua birgaitzeko proiektuak 5,2 kilometroko zatia hartzen du, 0 kilometrotik Beasainen 5,200 kilometroraino Ormaiztegin. Lehenengo fresaketa lanak uztailaren 4an hasiko dira Ormaiztegin eta beheranzko noranzkoan egingo dira, Beasaingo N-I errepidearekin bat egin arte. Autobiaren enborra, bi noranzkoetan, erabat berrituko da.

            Errodadura-geruza fresatzeko eta birjartzeko lanak 5,2 kilometroko tarte osoan egingo dira. Deformatuen dauden zonetan, tarteko geruza ere berrituko da, eta Salbatore eta Antzizar bidezubien dilatazio-juntura guztiak ordeztuko dira, eta 8 espirak birjarriko dira trafikoen edukiera neurtzeko. Era berean, beste erdibitzaile bat eraikiko da 2,200 kilometroaren parean.

Garraio bereziak

Birgaitzearen une jakin batzuetan, 3,5 metrotik gorako zabalera duten garraio bereziek ezin izango dute autobiatik zirkulatu. Gorabeherarik gerta ez dadin, @MOZKETAKA636CORTES taldea aktibatuko da Telegram sare sozialean. Bertan, garraio-enpresek kontsulta egin beharko dute, eta, horrela, garaiz jakin ahal izango dute A-636 errepidetik zirkulatu eta autobian blokeatuta gera ez daitezen. Informazio hori ikusgai egongo da, halaber, N-I errepideak Ordizian eta Olaberrian dituen mezularitza aldakorreko paneletan eta A-636 errepidearen beraren paneletan.

            Egingo diren birgaitze lan horiek, A-636 errepideko bi zerbitzuguneetan ere izango dute eragina, eta bakoitza asteburu batean itxiko da, ostiral gauetik astelehen goizera arte. Itxiera horiek aldez aurretik iragarriko dira.

            Zoruaren egitura birgaitzeko proiektuak 4.117.295 €-ko aurrekontua du, gehi BEZa, eta 7 hilabeteko egikaritze-epea. Bidegik autobiaren erabiltzaileek sortutako funtsekin egingo dio aurre inbertsioari.

  

2077