Zumaia eta Getaria arteko errepidea itxita egongo da martxoaren 9ra arte
Zumaia eta Getaria arteko errepidea itxita egongo da martxoaren 9ra arte
Aintzane Oiarbide: «Lur-irristatzearen goiko eremua ikuskatu ondoren egiaztatu da arrisku larria dagoela berriro ere materiala erortzeko».
Kostako N-634 errepidea itxita egongo da Zumaia eta Getaria artean, gutxi gorabehera martxoaren 9ra arte. Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreikusi duenez, denbora tarte hori beharko da eremua egonkortzeko.
Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide lurra irristatu den tokian izan da. Joan den asteburuko euri jasa gogorren ondorioz irristatu zen lurra Getaria eta Zumaia arteko mendi-hegalean (27,100 KPan), eta horrek N-634ko trafikoa eten du bi udalerri horien artean. «Departamentuko teknikariak lur-irristatzea izan den lekuko goiko eremua ikuskatzen aritu dira, eta egiaztatu da arrisku larria eta berehalakoa dagoela errepideko plataformara berriro ere materialak erortzeko. Hori dela eta, errepidea moztuta eduki beharko dugu errei bat trafikoari irekitzeko egonkortze neurriak hartu arte. Erabiltzaileen segurtasunerako hartu dugun neurria da, nahiz eta egoera desorosoa sortu », azaldu du Oiarbide diputatuak.
Hauek dira berehala hartuko diren larrialdi neurriak: drainatze zanga bat egitea ura mendi-hegalera iristea ekiditeko, ezpondaren gainaldean hormigoizko habea ainguratu bat jartzea, eta harri-lubeta bat eraikitzea mugimendu gehiago gerta daitezen ekiditeko.
Aurreikusi da egonkortze neurriak martxoaren 9rako amaituak egongo direla, eta hortik aurrera txandaka pasaera izango duen errei bat irekiko dela. «Errepidea irekitzeko data gutxi gorabeherakoa da, datorren hilabeteko eguraldiaren araberakoa baita», zehaztu du Oiarbidek eta, gaineratu du, Getariako Askizu eta Zumaiako Artadi auzoetara igarotzea baimenduta dagoela.
Bestalde, mendi-hegalaren azpialdean dagoen lur-erauzketako ezponda egonkortzeko lanak bigarren fasean egingo dira, proiektua urgentziaz izapidetuz. Bigarren fase horretan, sareta bat jarriko da buloien bidez ainguratuta. Azken fase horri dagozkion lanek bi hilabeteko iraupena izango dute, aurreikuspenen arabera.
GI-634 Getaria eta Zumaia artean itxita dagoen bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ibilbide alternatibo hauek gomendatzen ditu: AP-8 autopista, «Meagako gainera» doan GI-3391 errepidea, «Zarautz-Zestoa (Iraeta) Meagan barrena» GI-2633 errepidea eta «Zumaia (Txikierdi)-Zumaia (Muniasoro) Oikian barrena» GI-3860 errepidea.
1659