Jokabide kodeak
Jokabide eta jardunbide egokien kodeak
Kudeaketa etikoko tresna horren inguruan sortzen den Kode eta sistemaren oinarri, 8 printzipio eta 8 balioetan oinarritzen dena (Foru Gobernuaren Erabakia: Gobernantza Etiko, Zentzudun eta Eraginkorrerako Konpromisoak [PDF]), Zuzentasun Politika modu positiboan eraikitzea da. Gizarte ekintzan eta gobernatzeko moduan aldatzeko konpromisoa zehazten duen oinarrizko azpiegitura etikoa da, eta jarduera exekutiboaren eta herritarrei zuzendutako zerbitzuen eredua bihurtzen dena
Erakunde publikoko kargudunen jarduna Foru Aldundiaren irudia islatzen duen ispilua da. Horrexegatik sinatzen dituzte kargudunek ordezkaritza, zuzentasun, eredugarritasun, zintzotasun eta eskuzabaltasun printzipioak, bai eta erabakiak hartzeko objektibotasunari, profesionaltasunari, kudeaketa eraginkorrari eta bizikidetza zein errespetuari dagozkienak ere. Balio horiek guztiak kodean zehazten dira espresuki, jokabide arau multzo baten bidez. Ordezkaritza, Zuzentasuna, eredugarritasuna, zintzotasuna eta eskuzabaltasuna, objetibotasuna erabakiak hartzerako orduan, profesionaltasuna, eraginkortasuna kudeaketan, bizikidetza eta errespetuaren printzipioak, eta lidergo partekatua, gardentasuna, datuen eskuragarritasuna, kudeaketa eta berrikuntza eredu berria, euskararen sustapena, kohesio ekonomiko-soziala eta lurralde oreka, harreman kapitalean oinarritutako gobernua eta kontu emateak, kodean espresuki jasotzen diren jardunbide batzuetan irudikatzen dira.
Kontsultatu Gipuzkoako Foru Aldundiko eta haren sektore publikoko kargu publikoen Jokabide eta Jardunbide Egokien kodea [PDF]
Esparru publikoko erakunde baten zuzentasun edo integritate politikak halabeharrez hartu behar du barruan enplegu publikoa. Izan ere, Ekonomia Kooperazio eta Garapenerako Erakundeak zein Europar Kontseiluak (Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarra) Etika Publikoaren eremuan azken bi hamarkadetan onartu dituzten dokumentu guztiek argi planteatzen dute zuzentasunaren aldeko politikak ez direla zabaldu eta itsatsi behar Administrazio Publikoaren goialdean bakarrik (Gobernuaren eta kargu publiko exekutiboen nahiz aholkularien mailan bakarrik, alegia) baizik eta, baita ere, funtzio publiko osoan.
Foru enplegu publikoaren esparruan zerbitzu publikoaren baloreak indartzea (edo, nahi izatekotan, “herritarrenganako zerbitzu orientazioa”) Foru Administrazioan funtzio publikoaren instituzioak duen prestigioa eta profesionalizazioa indartzeko modu bat da, baita herritarrek beren instituzioetan duten konfiantza den balore intangible hori egonkortzeko modua ere, kasu honetan foru enplegu publikoaren bidez.
Foru Enplegu Publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren Kode hau abiaraztearen azken helburua foru enplegu publikoan azpiegitura etikoa eraikitzea da, zerbitzuaren konpromiso profesionala eta bokazioa islatzen duena, baita foru enplegu publikoaren eredugarritasuna ere.
Kontsultatu Gipuzkoako foru Enplegu publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren Kodea [PDF]
Jardunbide txarrek, eraginkortasun ezak eta ustelkeriak erasotzen errazenetako jarduera dugu kontratazio publikoa, eta horren ondorioek badute zerikusirik herritarrek Administrazio publikoen gobernantzarekiko agertzen duten mesfidantzarekin.
Gipuzkoako Foru Administrazioaren kontratazio publikoari aplikatu beharreko Jokabide Kodeak kontratazio prozesuetako inpartzialtasuna, zuzentasuna eta gardentasunaren kultura zaintzeko helburua dauka, lehiakortasun handiagoa sustatuz
Kode hori nahitaez bete beharko dute kontratazioetan parte hartzen duten Foru Aldundiko kargu publikoek eta langileek, baita foru erakundeak sustatutako lizitazioetara aurkezten diren enpresek eta esleipendun suertatzen direnek. Hau aurrera pauso bat da gobernantza etiko eta eredugarriaren alde egiten ari garen apustuan, kontratazio prozesuetan interes publikoa bermatuz eta disfuntzioak, eraginkortasunik eza edo iruzurrak saihestuz.
Kode horrek baldintza desberdinak ezartzen ditu Foru Aldundiaren esleipen prozesuetako fase guztietan parte hartzen duten enpresentzat.
Kontsultatu Kontratazio publikoari aplikagarria zaion Jardunbide Egokien Kodea [PDF]
Administrazio publikoek garatzen duten sustapen jarduera gastu publikoaren modalitate garrantzitsuetako bat da, ez dago zalantzarik, eta hartzaile ditu erakunde pribatu edo publikoak, enpresak, gobernuz kanpoko erakundeak, eta zenbait motatako elkarte eta erakundeak, besteak beste. Beraz, inork ezin du ahantzi diru laguntza eta laguntza esparru horretara bideratzen diren baliabide publikoen garrantzia, ezta horien gainean kontrola zertu beharra ere. Sustapen jarduera horren helburua ere begi-bistakoa da: esparru publikotik zenbait jarduera pribatu bultzatu, piztu edo sustatu nahi dira eta, batzuetan, jarduera publikoak ere bai, izan ere diru laguntza edo laguntza horien bitartez lagundu egiten dela Gipuzkoako Lurralde Historikoko politika publikoak betetzen.
Beraz, zuzentasunaren eta oinarrizko eskubideen errespetuaren ikuspegitik zein beste balio eta printzipio batzuenetik, garrantzitsua da laguntza eta diru laguntza horien onuradun diren erakunde eta enpresa edo organismo horiek guztiek diharduten modua. Gipuzkoako herritarren ikuspegitik, entitate, enpresa eta organismo onuradun horiek funts publikoen hartzaile dira, eta lagundu egiten dute interes publikoak asetze horretan. Horrenbestez, parte hartu behar dute, era berean, Gipuzkoa eredugarria eraikitzeko proiektu kolektiboan, hots, erakundearen zuzentasun politika ezartzeko prozesu honetan gidari dugun eginkizunean.
Kontsultatu diru laguntzei aplikagarria zaien Jokabide Kodea [PDF]
Etengabe eboluzionatzen ari den mundu batean, gero eta zorrotzagoa den gizarte batean, zeregin publikoak etengabe egokitu behar du sortzen ari diren behar, itxaropen eta erronka berrietara.
Testuinguru horretan, argi dago erantzukizun politikoa duten pertsonek, bai eta administrazio publikoen zerbitzura daudenek ere, elkarrizketa irekia, gardena eta aldizkakoa izan behar dutela gizartearen ordezkari diren pertsona, talde, erakunde eta elkarteekin, eta interakzio hori ez dela soilik legitimoa eta herritarren partaidetzarako bidea, baizik sistema politikoen heldutasunaren sintoma ere badela, eta erabakiak hartzeko kalitatea hobetzeko tresna eraginkorra.
Hala ere, elkarrekintzak eta parte hartzeak erabakiak hobeto hartzen laguntzen dutela baieztatzeak, aldi berean, eragin hori modu etiko eta gardenean gauzatzea eskatzen du, ezinbestekoa da bi aldeek jarraibide etiko batzuk eta gardentasun eskakizun batzuk onartu eta errespetatzea, interes taldeek agintariekin dituzten kontaktu guztiek gidatuko dituztenak.
Horregatik, koherentea da interes-taldeentzat gutxieneko jokabide- eta jarduera-arau batzuk ezartzea, Jokabide-Kode propio baten bidez. Kode hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta haren sektore publikoaren Erakundearen Zuzentasun Sisteman txertatuko da, beste elementu bat bezala.
Kontsultatu Gipuzkoako Foru Aldundiko eta haren sektore publikoarekin elkarreragiten duten interes-taldeei aplikatu beharreko jokabide-kodea [PDF]
Berrikuntzen ezaugarria da prozesu interaktiboak direla, eta zerbait berria, eraldatzailea eta baliotsua sortzen dutela sistema eta ingurune jakin batzuetan, hala nola administrazio publikoetan. Berrikuntzek aldatu egiten dituzte sortzen diren sistemak eta inguruneak, eta, horregatik, askotan, arbuioa eta erresistentziak eragiten dituzte.
Herri-administrazioan tresna teknologikoak sartzeak baldintzatu eta aldatu egiten du ingurune hori eratzeko modua. Bitartekaritzak testuinguru hori zehaztu eta aldatuko du, eta horrek inplikatutako eragile guztiak (enplegatuak, kargu publikoak, herritarrak) egokitzea dakar. Teknologian onuragarritzat jotzen diren balio jakin batzuek eragin dute teknologia hori erabiltzea, eta, era berean, teknologia hori erabiltzeak sustatu eta erreproduzitu egiten ditu hura eragin zuten balioak, halako atzeraelikadura zirkular batean. Horregatik da garrantzitsua garapen horretarako esparru etiko bat definitzea.
Kode honek printzipio etikoen eta jardunbide egokien esparru bat ezartzen du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta haren sektore publikoko entitateek hori bete beharko dute Adimen Artifizialeko algoritmoen bidez datu masiboak erabiltzearekin lotutako politikak garatzean.
Kontsultatu Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta haren sektore publikoaren Datuak eta Adimen Artifiziala erabiltzeko kode etikoa [PDF]
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adimen Artifizialeko algoritmoak