Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Gipuzkoako Dantzagunea

Dantzaren sorkuntza eta formazio prozesuak sustatzeko eta laguntzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzua.

Gipuzkoako Dantzagunean mota guztietako dantzek dute lekua, eta dantzaren jardunean diharduten elkarte, konpainia eta eragileei laguntzeko zerbitzuak ematen dira: dantza-aretoak lagatzea, Gipuzkoako areto-sarearekin koordinatzea, etengabeko formazio-jarduerak, aholkularitza, eta dantzaren sustapena helburu duten deialdi eta diru-laguntzen berri ematea. Beste dantzarako gune eta antzeko zentroekin elkarlanean aritzen da Gipuzkoako Dantzagunea.

Gipuzkoako Dantzagunea 2009 urtean sortu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik eta Artelekun izan zuen lehen haztokia. 2014tik Errenteriako Niessen eraikinean dauka egoitza. Kulturaren Euskal Planak dantzaren alorreko lan-lerro nagusitzat jo zuen herrialde bakoitzean dantzarako baliabideen gune eta erreferente nagusi izango zen dantza-etxe bat, Dantzagune bat, ezartzea.

Azken Albisteak

DANTZAN IKASI: "Donostiako dantzaeraren bilakaera" hitzaldia, Mikel Sarriegi Donostian urriaren 2an

Mikel Sarriegik "Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua" liburua aurkeztuko du Donostian urriaren 2an. Lehendabizi, Gipuzkoa osoko dantza-maisuek gorde duten eta hain ezaguna ez den Iztuetaren oinordetza horren ezaugarri nagusienak aurkeztuko ditu. Ondoren, Gipuzkoako hiriburuko dantzaeran zentratuko da; joan den mendean Donostian 1950eko hamarkadatik aurrera ezagutu den dantza-sistema aurreko horren testuinguruan nola kokatzen den azalduko digu, hainbat egikera modu praktikoan ere erakutsiz.

KLASE IREKIAK: Igor Calonge irailean

Cielo Raso konpainiako zuzendari eta koreografoak berarekin aritu duen orori irekiko dizkio ateak. Ez da izenik eman behar, eta ez da beharrezkoa klase guztietara joatea.

AURRE-ESTREINALDIA: "Kintsugi", Emilie Camacho eta Dantzaz, Errenterian urriaren 24an

Urriaren 24an, 19:00etan, Niessen Auditorioan (Errenteria), DANTZAZen hurrengo programa osatuko duten lehen lanen aurrestreinaldia egingo da. " Kintsugi ", euroeskualdeko lau koreograforen sorkuntzak bilduko ditu eta lehen pieza hau Emilie Camachok koreografiatu du, Romain Serreren musikarekin. Orbainen edertasuna eta inperfekzioa ospatzen dituen japoniar teknika honetan oinarrituta, Camachok hauskortasuna eta eraldaketa ikertzen ditu Dantzazeko dantzariekin, arteak berak ahalmen indaberritzailea duela sinetsita. Lau sorkuntzetatik lehena izango da, non koreografo bakoitza "Kintsugi" ren eta memoria historikoaren ideia komunetik abiatuz, bere ikuspegi artistiko propioa garatuko du.