SORTUTAKOAK TRADIZIONALA 9

Gipuzkoako Dantzaguneak Sortutakoak Tradizionala programaren 9. ediziorako deialdia egin du, Gipuzkoan dantza tradizionaleko proiektuak sortu, garatu eta zabaltzeko. Deialdi honetara aurkez daitezke tokiko edo tradizioz jasotako dantzen sormen, berregite edota egokitze proiektuak; tokiko dantza tradizionalen testuingurua eta ezaugarriak definitzeko ikerketa- edo dokumentatze-­lanak; dantza irakasteko material pedagogikoa sortzeko eta garatzeko proiektuak.

-ren irudia
 SORTUTAKOAK TRADIZIONALA 9

SORTUTAKOAK TRADIZIONALA 9: OINARRIAK

1. DEIALDIAREN HELBURUA

Deialdi honen xedea da 2022an Sortutakoak Tradizionala 9 programan bi proiektu onuradun hautatzea.

Sortutakoak Tradizionala 9n bi lan-ildoren arabera aurkeztu ahal izango dira proiektuak:

  • Sorkuntza edota ikerketa: tokiko dantzen edo tradizioz jasotako euskal dantzen berregite, egokitze edo sormen proiektuak, edota tokiko dantza tradizionalen testuingurua eta ezaugarriak definitzeko ikerketa edo dokumentatze-­lanak.
  • Material didaktikoa: euskal dantza irakasteko material pedagogikoa sortzeko eta garatzeko proiektuak.

2. ESKATZAILEEN PROFILA

Deialdiko egonaldiak egiteko honako pertsona eta entitate hauek aurkeztu ahalko dira:

  • Konpainia edo talde egonkorrak
  • Banakako proiektuak
  • Proiektu baterako berariaz sortutako kolektiboak

3. LANAK AURKEZTEKO TOKIA ETA EPEA

Proiektuak aurkezteko epea 2022ko otsailaren 28tik martxoaren 28ra dago irekita.

Hautagaitza-proiektuak PDF bakar batean bidali behar dira epearen barruan honako helbidera: sortutakoak.dantzagunea@gmail.com

4. ESKATZEN DEN INFORMAZIOA

Hautagaitza-proiektuek honako eduki hauek definitu beharko dituzte:

  • Eskatzailearen datu pertsonalak: izen-deiturak, posta helbidea, telefono mugikorra, helbide elektronikoa.
  • Proiektuko parte-hartzaileen CVak
  • Proiektuaren laburpena edo hasierako ideia
  • Proiektuaren ikerketa-ildoak
  • Proiektuaren definizioa: planteamendua, motibazioa, iturriak, etab.
  • 2-3 minutuko iraupeneko proiektuaren azalpen-bideoa
  • Hautagaiek proiektua ulertzeko beharrezkotzat jotzen diztuzten bestelako informazio edo euskarriak.
  • Aurrekontua
  • Proiektuaren harremana Gipuzkoako Dantzagunearekin (Gipuzkoako Dantzagunearen baitan garatzeko motibazioa)

*ENTREGATUTAKO DOKUMENTAZIOA LEHEN ALDIZ BERRIKUSI ONDOREN, 3 EGUNEKO EPEA EMANGO DA ZUZENKETAK EGITEKO. ONDOREN, ESKATUTAKO AGIRIAK ENTREGATU EZ DITUZTEN PROIEKTUAK EZ DIRA BALORATUKO ETA BIDALTZAILEEI ITZULIKO ZAIZKIE, SORTETAN AURKEZTU GABE.

Deialdiari buruzko kontsultak honako kontaktu honen bidez tramitatuko dira.

  • Emaila: sort.dantzagunea@gmail.com (Gaia: Sortutakoak Tradizionala 9)
  • Telefonoa: +34 943 021 624

5. PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Deialdi honetara aurkezteak berarekin dakar honako oinarri eta konpromiso hauek onartzea:

  • Proiektua txostenean azaldu den moduan gauzatzea. Funtsezko edozein aldaketa Gipuzkoako Dantzaguneari jakinarazi beharko zaio.
  • Proiektua egiten den bitartean, elkarren artean adostuta, Gipuzkoako Dantzagunearen programazioan sar daitezkeen jarduerak sor daitezke.
  • Deialdian aurkeztutako lanak egilearenak edo egileenak izango dira. Gipuzkoako Dantzaguneak programaren zati bat erreproduzitu eta zabaldu ahal izango du argitalpenen bidez, betiere egileak aipatuta.
  • Gipuzkoako Dantzaguneak, Eresbilekin elkarlanean, deialdi honetatik aurrera sortzen diren agiri guztiak artxibatuko ditu.
  • Proiektuak badakar argitalpenak, webgunea, bideoak, etab. editatzea, aipatu behar da proiektuak Sortutakoak laguntza jaso duela, honako esaldi honekin: “Proiektu honek Gipuzkoako Dantzagunearen Sortutakoak Tradizionala 9 programako laguntza jaso du” eta ikastetxearen logotipoa.
  • Egonaldiaren amaieran proiektuaren garapena (irudiak edo bideoak barne) eta egindako gastuen justifikazioa biltzen dituen memoria aurkeztu beharko da. Bi agiriak adierazitako egunean aurkezten ez badira, laguntza galduko da.

6. DIRULAGUNTZA

Sortutakoak Tradizionala 9n hautatutako proiektu bakoitzak 2.000 euroko dirulaguntza jasoko du (zergak eta atxikipenak barne), proiektua garatzeko gastuetarako.

Deialdiaren arlo bakoitzean proiektu bat hautatuko da:

  • Sorkuntza edota ikerketa
  • Material didaktikoa

Laguntza bi zatitan ordainduko da: bata, egonaldiaren hasieran (1.500€ - %15 PFEZ), eta, bigarrena, memoria eta gastuen justifikazioa aurkeztu ondoren (500€ -15€ PFEZ).

Laguntza hau bateragarria da beste erakunde batzuek proiektu bererako emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta diruz laguntzen diren gastuak Gipuzkoako Dantzaguneak bere gain hartutakoak ez badira.

7. ESKAERAK BALORATZEA

Epearen barruan eta oinarrien araberako dokumentazioarekin aurkezten diren proiektuak balorazio-batzorde batek baloratuko ditu.

Batzorde hori dantza tradizionalean aitortza zabaleko ibilbide profesionala duten Gipuzkoako Dantzaguneko taldetik kanpoko pertsonek osatuko dute.

Proiektuak esleitzearen erabakia balorazio-batzordearen eskumen esklusiboa da eta ezin da haren aurka errekurtsorik aurkeztu. Esleipendunak uko eginez gero, batzordeak egonaldia hurrengo proiektuari esleitu ahal izango dio, edo deialdia eman gabe utzi.

Balorazio-batzordeak, halaber, deialdia eman gabe utzi dezake, baldin eta uste badu aurkeztutako proiektuetako batek ere ez dituela egonaldia egiteko laguntza jasotzeko behar diren ezaugarriak betetzen.

Erabakia apirilaren hasieran jakinaraziko da. Emaitza Gipuzkoako Dantzagunearen webgunean argitaratuko da, eta onuradunari zuzenean jakinaraziko zaio eskabidean eman duen helbidean.

8. AUKERATUTAKO PROIEKTUAREN AURKEZPENA

Sortutakoak Tradizionala 9n aukeratutako sorkuntza- edo ikerketa-lanaren aurkezpen eguna Gipuzkoako Dantzaguneko lantaldearen eta proiektuaren egileen artean adostuko da. Hautagaitza-proiektuan egin daiteke proposamena. 

Proiektu pedagogikoen arloan, Dantzan Ikasi programaren bidez egingo da materialaren zabalkundea, Gipuzkoako Dantzagunearekin adostuta. Bestelako jarduera dibulgatzaile bat egiteko aukera izanez gero, proiektuaren arduradunekin aztertuko da egiteko aukera.

Aukeratutako proiektuaren arduradunek, bere lana hedatzean, Gipuzkoako Dantzagunea eta Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Errenteriako Udala kolaboratzaile gisa aipatzeko konpromisoa hartzen dute.

9. GIPUZKOAKO DANTZAGUNEAN EGONALDIA EGITEKO AUKERA

Sortutakoak tradizionala 9n aukeratutako proiektuak Gipuzkoako Dantzagunearen egoitzako dantza-aretoetan prestaketa-egonaldi bat egiteko aukera dauka.

Kasu horretan, lehentasuna izango du aretoak eskatzeko datak aukeratzeko. Egutegia, ordutegia, eta proiektua garatzeko gainerako beharrak Gipuzkoako Dantzaguneko arduradunekin adostuko dituzte.

Gipuzkoako Dantzagunearen egoitza Errenteriako Udalaren Niessen eraikinean dago. Egonaldia egin nahi izanez gero, Gipuzkoako Dantzaguneko ikus-entzunezko materiala izango dute eskura egoiliarrek, eta proiektuan adierazi beharko dute horien erabilera. Horrez gain, Gipuzkoako Dantzaguneko kudeaketa-taldearen aholkularitza teknikoa izango dute uneoro.

Egonaldiak Gipuzkoako Dantzagunearen egoitzan (Errenteriako Niessen eraikina) egingo dira 2022an zehar. Gehienez ere lau aste iraungo du.

Proiektuko irabazleek egunean 4 orduz lan egiteko tokia izango dute, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 21:00etara. Ordutegi horretatik kanpo, Gipuzkoako Dantzagunearen instalazioen erabilera kudeatzaileekin adostuko da.

Egutegia, ordutegia eta gainerako beharrak deialdiaren formularioaren proposamenean adierazi behar dira. Egoiliarrek Gipuzkoako Dantzagunearen ikus-entzunezko materiala eskura izango dute eta proiektuaren proposamenean haren erabilera zehaztu beharko dute. Gipuzkoako Dantzagunearen kudeaketa taldearen aholkularitza ere izango dute. Hautatzen diren pertsonak Eresbileko dantza-liburutegira ere joan ahal izango dira, ikerketa-lanak egiteko eta proiektuaren gaiarekin zerikusia duten bilaketak egiteko.

10. DOKUMENTAZIOAREN ARTXIBOA

Gipuzkoako Dantzaguneak, Eresbilekin duen dokumentazio- eta ikerketa-akordioaren bidez, proiektu bakoitzarekin sortutako dokumentuen kopia bat bidaliko du Eresbilera.

Bidaltzea nahi ez duten proiektuen egileek beren proposamenean zehaztu beharko dute.

Hautatutako artistek elkarrizketa dokumentatua eskainiko dute Dantzagunearen artxiboan.

11. OINARRIAK ONARTZEA

Deialdi honetan parte hartzen dutenek, hala egitean, ezarritako baldintza guztiak onartzen dituzte.