Breadcrumb

Asset Publisher

Back Hasi da 2023-2024 ikasturtea Elias Querejeta Zine Eskolako seigarren promozioko ikasleentzat

Hasi da 2023-2024 ikasturtea Elias Querejeta Zine Eskolako seigarren promozioko ikasleentzat

Elias Querejeta Zine Eskolak ateak ireki dizkie seigarren promozioko ikasle berriei, ongietorria eman eta harrera eginez. Gaur hasi da 2023-2024 ikasturtea, eta hamabost hilabete barru amaituko da, 2024ko abenduan, eskolan egindako lanen aurkezpenarekin. Donostia Zinemaldiaren 71. edizioa ere hasten den hau ikasturteko lehenengo astea izango da, eta eskolaren egungo eskaintza akademikoan sartzen diren hiru graduondokoetako (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza) ikasleen arteko lehen topaketak egingo dira, ikasturteko Ikasketa Plana aurkeztuko da, eta eskola bera eta EQZEko kide diren erakunde eta proiektuak ere aurkeztuko dira. Era berean, Tabakalerako espazioak ezagutzen ere hasiko dira ikasleak.

2023/09/18
Goizane Álvarez Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura diputatua; Carlos Muguiro, Elías Querejeta Zine Eskolako zuzendaria; Edurne Ormazabal...

Goizane Álvarez Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura diputatua; Carlos Muguiro, Elías Querejeta Zine Eskolako zuzendaria; Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria; Joxean Fernández. Euskadiko Filmategiko zuzendaria; José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria; Agustín Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako errektoreordea, ikasle berriekin


15 herrialdetako 28 emakumek eta 18 gizonek osatzen dute promozio berriko ikasle taldea

16 ikaslek ikasteko laguntzak izango dituzte, Ibermediaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Projeto Paradisoren beken bitartez

Elias Querejeta Zine Eskolak ateak ireki dizkie seigarren promozioko ikasle berriei, ongietorria eman eta harrera eginez. Gaur hasi da 2023-2024 ikasturtea, eta hamabost hilabete barru amaituko da, 2024ko abenduan, eskolan egindako lanen aurkezpenarekin. Donostia Zinemaldiaren 71. edizioa ere hasten den hau ikasturteko lehenengo astea izango da, eta eskolaren egungo eskaintza akademikoan sartzen diren hiru graduondokoetako (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza) ikasleen arteko lehen topaketak egingo dira, ikasturteko Ikasketa Plana aurkeztuko da, eta eskola bera eta EQZEko kide diren erakunde eta proiektuak ere aurkeztuko dira. Era berean, Tabakalerako espazioak ezagutzen ere hasiko dira ikasleak.

2023-2024 ikasturteko ikasleak eskolako Zuzendaritza Akademikoak hautatu ditu, Euskadiko Filmategiko, Tabakalerako, Donostia Zinemaldiko eta EQZEko ordezkariek, alegia, onarpen epean (otsailaren 1etik 28ra) hogeita hamar bat herrialdetatik aurkeztutako 215 hautagaien artetik. 46 ikasleko taldean 28 emakume eta 18 gizon ditugu: 4 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira, 11 Estatuko gainerako tokietakoak eta 31 beste herrialde batekoak: Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Estatu Batuak, Frantzia, Grezia, Italia, Mexiko, Peru, Portugal, Suitza eta Venezuela. Ikasleen batez besteko adina 30 urte inguru da ikasturte honetan.

EQZEko ikasleen profila oso heterogeneoa da: zinema jaialdietan estreinatu eta saritutako film laburren, film luzeen eta instalazioen egileak dira, edo museoetan eta galerietan ikusgai jarritako piezenak; mundu osoko unibertsitateetan Antropologia Bisualean, Arte Bisualetan, Ikus-entzunezko Komunikazioan, Arte Ederretan, Literatur Ikasketetan, Filosofian, Giza Zientzietan eta Kazetaritzan gradudunak; zine eskoletako egresatuak, unibertsitateko irakasleak, artxiboaren eta zainketaren arloetako espezialistak; zinema jaialdi, filmategi, ziklo, programa edo erakusketa eta instalazio artistikoen produkzioan, kudeaketan eta programazioan esperientzia duten komisarioak; kritikari zinematografikoak, produkzio eta banaketa zinematografikoaren esparrutik datozen profesionalak, ikertzaileak…

Bestalde, hiru espezializazio arloetako irakasleei dagokienez, munduko erakunde garrantzitsuenetako profesionalak eta zinemagile ospetsuak izango ditugu eskolan. Besteak beste, 2023-2024 ikasturtean EQZEn izango ditugu Rick Prelinger, Reto Kromer, Esther Urlus, Pamela Vizner, Luciano Berriatúa, Carolina Cappa, Dennis Lim, Adrian Martin, Gonzalo de Pedro, Manuel Asín, Beli Martínez, Mariano Llinás, Rita Azevedo, Takashi Makino, Érik Bullot, Catarina Vasconcelos… Eta gure inguruko irakasleei dagokienez, Niko Iturralde, Oskar González, Beatriz Herráez, Xabier Erkizia, Arantza Santesteban, Peio Aguirre, Xanti Salvador, Itziar Okariz eta Michel Gaztambide aipatuko ditugu. Horiez guztiez gain, tutoreen taldea eta proiektuan parte hartzen duten erakundeetako profesionalak ere sartzen dira irakasle taldean.

Ikasturtea sei moduluren inguruan antolatzen da, eta haien iraupena aldakorra da. Lehenengo bost moduluak –irailetik uztailera– irakaskuntzakoak dira, aurrez aurrekoak. Seigarren modulua –abuztutik abendura– mistoa da (irakaskuntza eta master amaierako proiektua garatzeko), eta erdi-presentziala. Guztira, hamabost hilabete dira, eta egitura zirkularrean antolatzen dira, EQZEn oinarri den ikaskuntzako eta esperientziako filosofiari jarraikiz. 

Ikasturte akademikoa gaur hasi da, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioaren inaugurazioa baino lau egun lehenago, eta EQZEko bosgarren eta seigarren promozioetako ikasleek agenda espezifiko bat izango dute Zinemaldiak irauten duen bitartean; hala, proiekzioetara, eskola magistraletara, Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketara eta beste jarduera batzuetara joateko aukera izango dute, Zinemaldia barrutik ezagutzeaz gain. SSIFF amaitzen delarik, urriaren 2an hasiko da ohiko eskolaldia.

Ikasketa bekak

Guztira 16 ikaslek jasoko dituzte Elias Querejeta Zine Eskolaren proiektua zuzenean babesten duten erakundeek ikasketetarako ematen dituzten laguntzak. 12 ikaslek 3.333 dolarreko beka jasoko dute Iberoamerikako Ibermedia Laguntza Funtsetik, berriz ere EQZE hautatu baitute Prestakuntza Programei Laguntzeko modalitatean (2022eko deialdia); Latinoamerika osoko ikus-entzunezkoen industriako zine edo telebista eskolek, unibertsitateek, lanbide heziketako zentro espezializatuek eta sozietate pribatuek edo erakunde eta elkarte profesionalek izan dute beka horiek jasotzeko aukera. Laguntza modalitate hori ebaluatzen duen organoak, besteak beste, “teoria eta praktika oso modu orekatuan uztartzen dituen EQZEren prestakuntza sistema sendo eta berritzailea” baloratu du. Era berean, epaimahaikideen ustez, “garrantzitsua da hasten ari diren zinemagileei eta errealitate zinematografiko berriak sortzeko duten helburuari laguntzea”; izan ere, erronka hori “estimulatzailea” dela iruditzen zaie. Estatuko bi zentrok lortu dute funtsaren babesa kategoria horretan: Elías Querejeta Zine Eskolak eta Madrilgo Erkidegoko Zinematografia eta Ikus-entzunezko Eskolak (ECAM). Bestalde, Gipuzkoako hiru ikaslek Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren “Izango Zara” beka bana jasoko dute; Aldundiak 2.500 euroko hiru laguntza emango ditu matrikulaziorako. Gainera, Brasilgo nazionalitatea duen ikasle batek Olga Rabinovich Institutuaren (Brasil) Projeto Paradiso ekimeneko beka jaso ahal izango du.

Ikasketa beka bat lor dezaketen ikasleen kopurua handitu egin liteke, Peruko Gobernuko Kultura Ministerioaren “Zinema eta ikus-entzunezko jarduerarako estimulu ekonomikoak 2022” programako “Gaitasunak indartzeko estimulua” laguntza multzoaren postulazio prozesua amaitu ondoren; programa horren helburua da ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren arloko espezialisten prestakuntza sustatzea. Elias Querejeta Zine Eskola lehenetsitako 4 zentroetako bat da, ECAM (Madril), ESCAC (Bartzelona) eta EICTVrekin (Kuba) batera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu eta finantzatuta, Elías Querejeta Zine Eskolak proiektu pedagogiko bakar eta berezi bat du, graduondoko hiru programaz osatuta dagoena (Artxiboa, Komisariotza, Sorkuntza). Programek forma hartzen dute haren kontzeptualizazioan parte hartzen duten hiru erakundeen ezagutza eremuetatik abiatuta: Euskadiko Filmategia, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Donostia Zinemaldia. 2019az geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV/EHU) atxikitako zentroa da EQZE.

DGN.actualidad.detalle.adjunto:

  

1673