Aretxabaletako okinen betebeharrak

1802ko urtarrilaren 19an, Prudentzio Arana, Teresa de Urrejola, Manuela de Ojanguren eta Frantziska de Iñurrigarro elkartu ziren, eta denek batera Leniz haraneko herritar guztiak urtebetez ogiz hornitzeko konpromisoa hartu zuten, betiere baldintza zehatz batzuk betetzen baziren.

Ogiak ondo landuta eta egosita egon behar zuen, eta ezin zuen zehaztutakoa baino gutxiago pisatu. Urte osoan zehar ezin zen ogi eskasiarik egon herritarren artean. Ogi libraren prezioa errejidoreek ezarri behar zuten, momentu hartan gariak zuen prezioaren arabera kalkulatuta.

Ogia egosi edo erretzen

Kontratu horrekin, ogia lau pertsona horiek bakarrik saldu zezaketen, eta beste edozein ogia saltzen harrapatzen bazuten, bakoitzean hamar peso ordaindu behar zituen. Halaber, aipatutako lau pertsonek saltzen zuten ogiak ohikoa baino gutxiago pisatzen bazuen, zigor berbera jarriko zitzaiela zehazten zen. Ogia ezin zen errejidoreek neurtu baino lehen saldu, eta hori gertatzen bazen, saltzaileek zigorra jasotzen zuten. (1).

 

(1) GPAH L-1 – 1958, 9. orria.