Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan, Gipuzkoako Foru Aldundiak topaketa bat antolatu du berdintasunari eta kontziliazioari buruz hitz egiteko. Bertan, 120 lagun bildu dira, Gipuzkoako gizarteko hainbat kolektibo eta esparrutakoak. "World Kafe" bat non emakumeek eta gizonek hausnartu baitute zein diren Gipuzkoak aurre egin behar dien erronkak esparru horri dagokionez eta zenbait proposamen ekarri baitituzte, laster osatuko den Kontziliazioaren eta Ardura Partekatuaren Foru Planean sartuko direnak.
Plan hau Aldundiaren ardatz estrategikoetako bat da berdintasunari dagokionez, eta helburu du neurri zehatzak ekartzea kontziliazioaren eta ardura partekatuaren alde. Beste ardatzetako bat indarkeriaren aurkako ekintzek osatzen dute: Aurre! Foru Plana. Lehen foru plana da emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko, eta iazko azaroan aurkeztu zen.
Foru erakundearen aldetik, ordezkari politiko eta tekniko askok parte hartu dute World Kafean, Markel Olano diputatu nagusia eta Miren Elgarresta emakumeen eta gizonen berdintasunerako foru organoko zuzendaria buruan. Bestalde, herritarren ordezkaritzan enpresa munduko jendea bildu da, hezkuntzakoak, familia alorrekoak, erakundetakoak eta abar. Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, topaketa "Aldundiak politika egiteko duen ikuspegiaren isla da, beti gipuzkoarren eskutik".
Bide beretik, Markel Olanok gogorarazi du Aldundiak badituela aurrekariak zentzu honetan, 2016ko M8aren ospakizuna, berriko burutu den Berdintasunaren eta Kontziliazioaren Kongresua edo Etorkizuna Eraikiz hausnarketa partekatuko prozesuko bi jardunaldiak kasu. Azken hauetan, hainbat proiektu pilotu garatzen ari dira berdintasunari eta kontziliazioari buruz.
Berdintasuneko foru diputatuak, bestalde, deialdiaren arrakasta nabarmendu du, eta atzo aurkeztutako kanpainaren datuak gogorarazi ditu "World Kafe"a burutzeko argudio gisa. Elgarrestak orobat esan du ekitaldirako hautatu den formatuaren gainean: "aukera ematen du elkarrizketa eta ikasketa sare informalak sortzeko, eta komunikazioa eta esperientzien trukatzea sustatzen du". Modelo bat, konpromisoari begira eta konpromisoan oinarrituta dauden erantzunak eta proposamenak ekartzeko. Parte hartzaileak 15 mahaitan banatu dira, bakoitzean 8 lagun. Mahai bakoitzak Gipuzkoako zenbait emakume balioetsiren izena hartu du: Catalina de Erauso. Kontxu Odriozola, Lourdes Iriondo, Elvira Zipitria, eta abar. Elgarrestak gogorarazi duenez, "emakumeen ekarpena erakustea oinarrizkoa da xede dugun eraldaketa soziala sendotzeko".
Elgarresta ardura partekatuaren garrantzia nabarmendu du, dela bizitza sozio-laborala normaltzeko, dela aberastasun sorrera indartzeko. "Desberdintasunak denoi eragiten digu; Gipuzkoa mugarri bat izan daiteke eta izan behar du gai honetan, eta, horretarako, eragile guztien beharra dugu".
Lan dinamika aurrera eramateko, bi galdera jarri dira, mahai guztietan erantzunak jaso daitezen: "Zein dira lanaren, familiaren eta bizitza pertsonalaren kontziliazioa zailtzen dituzten hesiak?" eta "Zer ekintza zehatz proposatzen duzu kontziliazioa eta ardura partekatua sustatzeko?" Ondoren, gizarteak eta Aldundiak izan behar dituzten erronkak definitu dira, hartara berdintasuna, kontziliazioa eta ardura partekatuaren alde egiteko.