Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra– gure lurraldearen politikagintza, ekonomia eta gizartearen alor guztietan.
Horretarako, lanean ari gara foru departamentuekin, udalekin eta lurraldeko talde feminista eta emakume taldeekin, emakumeen eta gizonen berdintasunerako 2/2015 Foru Arauan jasotako gure lan ildoen bidez.
Nerea Isasi Bedayo
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Organoaren Zuzendaria
Emakumeen eta gizonen Berdintasunerako Organoa, organo sustatzaile bat da, bereziki jarduketa esparru hauek dituena:
2005
urtea
4/2005 Legea onartu zen, otsailaren 18koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoa, zeinak foru administrazioaren eginkizunak eta eginbeharrak ezartzen dituen emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan. Lege horren arabera, Foru Aldundiari dagokio Gipuzkoako Lurralde Historikoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politika eraginkorrak abiarazten laguntzea. Politika horiek behar baitute emakume eta gizonen premia eta egoerei erantzun, eta behar adina baldintza sortu, emakumeak eta haien ekarpenak historikoki bigarren maila batean zokoratu dituzten ezberdintasun estrukturalak errotik ateratzeko.
2008
urtea
Lege mandatu horri erantzuteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak barne egitura bat sortu zuen, lehenengo aldiz, berdintasunerako politikak bultzatzeko. Hain zuzen ere, Lankidetzako, Giza Eskubideetako eta Berdintasuneko Zuzendaritza.
2011
urtea
Ondoren, 2011. urtean, zuzendaritza hori osatzen zuten politikak egitura propioa izatera pasa ziren. Horrela, hortik aurrera Foru Aldundiak berdintasuneko berariazko zuzendaritza bat zuen. Zuzendaritza horren helburu nagusia da Gipuzkoan emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra– bizitzaren alor guztietan: politikagintzan, ekonomian, kulturan, gizartean eta familian.
2015
urtea
Azkenik, 2015. urtean onartu zen 2/2015 Foru Araua, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoa. Arau horrekin, Gipuzkoa lurralde aitzindari bihurtu da, bera baita berdintasun alorrean berariazko araudia duen lehenengoa.
2/2015 Foru Arauaren ondorioz, Berdintasun Zuzendaritza sendotu egin da, duen izaera espezifikoa bertan araututa geratu baita. Halaber, maila altuenean atxikita geratu da, hau da, Diputatu Nagusiaren Alorrean. Horrela, formalki Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoa izena du orain, eta maila funtzional eta sinboliko berria hartu du, berdintasunerako politikak bultzatzen laguntzen duena zeharkako ikuspegi batetik.