Indarkeria matxista

Indarkeria matxista hainbat modutara agertu daiteke, eta horietako asko gure begien aurrean gertatzen dira; familian, lanean edo aisialdian.

Beharrezkoa da eraso matxisten aurrean nola jokatu behar den ikastea; izan ere, haren funtsezko arrazoiak kontuan hartzen ez badira, baliteke, borondate ona izanda ere, behar bezala ez jokatzea. Jarraian, zenbait jarraibide zehazten dira, lagungarri izan daitezen hainbat egoeratan jarduteko.

Indarkeria matxistaren jatorria emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun-egoera estrukturala izaki, hori saihesteko eta aurre egiteko estrategiarik onena kontzientzia feminista garatzea da; hau da, emakumeen eta gizonen ezberdintasunaz jabetzea, indarkeria matxistak emakumeen giza eskubideen urraketa dakarrela onartzea, eta gizonen eta emakumeen arteko banaketa eta hierarkizazio sexualean oinarritzen den antolamendu sozialaren oinarria dela onartzea.

Larrialdi egoerak

Biktimaren osotasun fisikoa arriskuan dagoen indarkeria-egoera baten lekuko izanez gero, 112 telefonora deitu behar da dagokion esku-hartzea bermatzeko (polizia-, osasun- eta larrialdi-zerbitzuak).

Emakumeen aurkako Indarkeria sexistaren biktimentzako telefono bidezko 24 orduko doako Arreta Zerbitzua: 900 840 111

Telefono bidezko zerbitzua da, non orientazioa eta aholkularitza lor daitezkeen indarkeria matxistaren biktima diren emakumeek arreta-zerbitzu guztiei eta zerbitzuak izapidetzeko moduari buruz.

Aholkularitza juridikoa
Prozesuaren aurreko arreta-zerbitzua da, eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arlo juridikoan, zentzu zabalean, aholkularitza ematea du helburu, erabakiak hartzen laguntzeko. Aholkularitza luzeagoa da, eta ikuspegi integralagoa du. Prozesu judizial bat hasiz gero, ez du barne hartzen abokatu-ordezkaritza. Zerbitzua Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen du, eta Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez eskatzen da.

Arreta psikologikorako zerbitzuak
Laguntza eta arreta psikologikorako zerbitzua da, biktimek ahalduntzeko tresnak izan ditzaten eta bizi izan duten indarkeria matxistaren egoerari eta ondorioei aurre egin diezaieten. Zerbitzua Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen du, eta Udaleko Gizarte Zerbitzuen bitartez eskatzen da.

Harrera-zentroetara sarbidea
Harrera-zentroen helburua da indarkeria matxista jasan duten biktimen (eta haien ardurapean dauden adingabeen) segurtasuna bermatzea. Harrera-zentroetako egonaldia laburra edo erdibidekoa izan daiteke (hilabete batetik sei hilabetera). Zerbitzua Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen du, eta ohiko moduan eska daiteke Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailean edota larrialdietan, Gizarte Larrialdietarako Foru Zerbitzuaren bidez (GLFZ): 943 22 44 11.

Bi laguntza ekonomiko mota daude; ordainketa bakarrekoa eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE), biak bikote-eremuko indarkeria-kasuetarako.

Ordainketa bakarreko laguntzak Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren bidez izapidetzen dira.

Genero-indarkeriaren biktimentzako DSBE laguntza Lanbideren bidez izapidetzen da.

 

Esteka interesgarriak