Atzealdea Aldundiak energia-trantsizioarekiko eta segurtasunarekiko konpromisoa indartu du Alegia eta Ikaztegieta lotzen dituen bidegorrian 60 eguzki-farola instalatuz

Aldundiak energia-trantsizioarekiko eta segurtasunarekiko konpromisoa indartu du Alegia eta Ikaztegieta lotzen dituen bidegorrian 60 eguzki-farola instalatuz

Aldundiak energia-trantsizioarekiko eta segurtasunarekiko konpromisoa indartu du Alegia eta Ikaztegieta lotzen dituen bidegorrian 60 eguzki-farola instalatuz

Lanak urrian hasi ziren eta ia amaituta daude. Gauzatzeko epea hiru hilabetekoa izan da, eta aurrekontua, guztira, 150.000 eurokoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak osorik finantzatuta.

Panel fotovoltaikoz hornitutako farola horiek aukera emango dute energia-kontsumoa optimizatzeko eta ibilbideko ikusgarritasuna hobetzeko, erabiltzaileek espazio horretaz modu seguruan eta irisgarrian gozatzeko aukera izan dezaten eguneko ordu gehiagotan.

José Ignacio Asensio: “Alegia eta Ikaztegieta arteko bidegorrian eguzki-argiztapena instalatzeak Gipuzkoako trantsizio energetikoarekin dugun konpromisoa islatzen du, Gipuzkoa deskarbonizatu eta erabiltzaileen beharretara egokitzen lagunduko duten energia berriztagarrien aldeko apustua eginez. Gainera, esku-hartze hori genero-ikuspegiarekiko sentikorra da, funtsezko alderdia baita guztiontzat seguruak diren hiri- eta landa-inguruneak sustatzeko”.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Alegiako eta Ikaztegietako Udalekin lankidetzan, urriaren erdialdean hasi zituen Alegia eta Ikaztegieta herriak lotzen dituen bidegorrian 60 eguzki-farola instalatzeko obrak. Gaur egun, obrak ia amaituta daude. José Ignacio Asensiok, Jasangarritasuneko diputatuak; Regina Sorarrainek, Alegiako alkateak; eta Alba Garmendiak, Ikaztegietako alkateak, bisitatu dute obra hau egiten ari diren lekua, lurraldean mugikortasun seguruagoa eta jasangarriagoa sustatzeko eta gauez ere bidegorriaren erabilera errazteko diseinatua.

Proiektuaren helburu nagusia bidegorria argiztatzea da. Bidegorria trenbideekiko paraleloan doa N-I errepidean, gaur egungo GI-2131 errepidean, eta segurtasun eta irisgarritasun handiagoa ematen dio ibilbide horri. Argiztapen berriak ibilbide hori eguneko ordu gehiagotan erabiltzea erraztuko du, eta, era berean, eragin positiboa izango du erabiltzaile guztientzat, batez ere emakumeentzat, erosotasunari eta segurtasunari dagokienez. Alderdi hori funtsezkoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako jasangarritasunaren eta genero-ikuspegiaren printzipioei erantzuten die.

Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak adierazi duenez, “ekimen honen bidez, urrats garrantzitsu bat eman nahi dugu mugikortasun-eredu jasangarri, seguru, irisgarri eta ingurunearekiko errespetuzko baterantz, herritarrei aukera ematen baitie gure naturaguneez gozatzeko, baita gauez ere, haren segurtasuna eta ingurumena arriskuan jarri gabe”. Asensioren hitzetan: “Alegia eta Ikaztegieta arteko bidegorrian eguzki-argiztapena instalatzeak Gipuzkoako trantsizio energetikoarekin dugun konpromisoa islatzen du, Gipuzkoa deskarbonizatu eta erabiltzaileen beharretara egokitzen lagunduko duten energia berriztagarrien aldeko apustua eginez. Gainera, esku-hartze hori genero-ikuspegiarekiko sentikorra da, funtsezko alderdia baita guztiontzat seguruak diren hiri- eta landa-inguruneak sustatzeko”.

Bestalde, Regina Sorarrain Alegiako alkateak nabarmendu duenez, “Alegiaren eta Ikaztegietaren arteko bidegorriaren segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea funtsezkoa da gure udalerriarentzat, eta eskerrak eman nahi dizkiogu Aldundiari, udalerri txikienei, Alegiari kasu, zuzenean mesede egiten dieten proiektuekin duen konpromisoagatik. Esku-hartze horrek genero-ikuspegi erabakigarria ematen du, pertsona gehiagok, batez ere emakumeek, segurtasun handiagoz mugitzeko aukera ematen baitu, baita argitasun txikiko ordutegietan ere. Gainera, proiektu honek Ikaztegietan lan egiten duten gure bizilagunen sarbidea errazten du eta orain euren eguneroko ibilbideak modu seguruago eta eskuragarriagoan egin ahal izango dituzte. Eguzki-farolen instalazioak jasangarritasunarekin eta energia-eraginkortasunarekin dugun konpromisoa azpimarratzen du, Alegiako herritar guztien bizi-kalitatea hobetzeko”.

Alba Garmendia Ikaztegietako alkatearen hitzetan: “Ikaztegietako Udaletik eskerrak eman nahi dizkiogu Aldundiari eskari hau egi bihurtzeagatik. Urte hauetan zehar Ikaztegietatik Alegira bitarteko bidegorriaren zatia argiztatzeko eskatu genuen, eta, orain, hori eginda, espero dugu etorkizun hurbilean Ikaztegietatik Legorretara doan zatian ere argiztatze lanak egingo direla. Bereziki eskertu nahi ditut herritarrak, haien bitartez egin genuen-eta eskaera”.

Eguzki-argiztapena eraginkortasun handiagoa eta ingurumen-inpaktu txikiagoa lortzeko

Proiektu horrek berekin dakar panel fotovoltaiko integratuak dituzten 60 eguzki-farola autonomo instalatzea. Eguzki-farola horiek ez dute konexio elektrikorik behar, eta ingurune naturalari eragiten dioten esku-hartzeak saihesten laguntzen dute, hala nola zangak edo lurpeko eroanbideak.

Eguzki-panelek 50 Wc-ko potentzia dute, 1000x350 mm-ko dimentsioa, eta 20 urteko bizitza baliagarri baterako diseinatuta daude. Era berean, 10 urteko bermea dute, eta funtzionamendu-ziklo luzea bermatzen dute, ingurunean eraginik izan gabe. Gainera, bidegorriaren seinaleztapen horizontala eta bertikala hobetzea aurreikusten da, baita bidea margotzea ere, erabiltzaileen ikuspena eta segurtasuna optimizatzeko.

Beste urrats bat Gipuzkoako trantsizio energetikorantz

Ekimen hau Gipuzkoako deskarbonizazio-estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia hori Jasangarritasun Departamentuak sustatzen du, eta emisioak murriztea sustatzen du, irtenbide energetiko berriztagarrien eta ingurumen-inpaktu txikikoen bidez. Eguzki-energiaz elikatutako argiztapena hautatzean, energia-iturri konbentzionalekiko mendekotasuna saihesten da, eta urrats esanguratsua ematen da eredu garbiago eta jasangarriago bateranzko trantsizio energetikoan.

Proiektuak 150.000 euroko aurrekontua eta hiru hilabeteko gauzatze-epea izan ditu. Era berean, hiri-azpiegiturarekin lotutako karbono-emisioak murrizten laguntzen du, eta herritarrentzako ingurune berde eta seguruagoaren aldeko apustua egiten du. Gainera, eredu horrek garraiobide aktiboen erabilera (oinez ibiltzea, adibidez) eta bizikletaren erabilera sustatzen ditu, lurraldearen konpromisoekin bat eginez, Gipuzkoa deskarbonizatuagoa eta klima-aldaketaren aurrean erresilienteagoa izan dadin.

Alegia–Ikaztegieta bidegorrian egindako esku-hartze horren bidez, Jasangarritasun Departamentuak klima-aldaketaren aurkako borrokan duen konpromisoa sendotu du, lurraldean motorizatu gabeko garraio-azpiegitura bat sustatuz eta Gipuzkoa seguruago, berde eta inklusiboago baterantz aurrera eginez.