Atzealdea Amasa-Villabona eta Irura lotuko dituen bidegorriaren obrak abian dira, mugikortasun jasangarria eta konektatua sustatzeko

Amasa-Villabona eta Irura lotuko dituen bidegorriaren obrak abian dira, mugikortasun jasangarria eta konektatua sustatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 2,4 milioi euro bideratuko ditu Amasa-Villabona eta Irura lotuko dituen bidegorria eraikitzeko, 1,83 kilometroko luzerarekin.

11 hilabeteko epean, bidegorri hori Gipuzkoako bizikleta-sare foralean sartuko da, eta ingurumena gehiago errespetatzen duen garraio-eredu irisgarriago baterantz egingo du aurrera.

José Ignacio Asensio: “Villabona-Irurako bidegorriaren obren hasiera mugikortasun jasangarri, irisgarri eta seguruarekin herritar guztientzat dugun konpromisoaren adibide argia da. Aurrera egiten jarraitzen dugu Gipuzkoa berdeago, lotuago eta etorkizunarekiko konpromiso handiagoarekin”.

Amasa-Villabona eta Irura artean bidegorria eraikitzeko proiektua martxan dago, 11 hilabeteko gauzatze-epearekin eta 2.413.108,05 euroko esleipen-aurrekontuarekin. Joan den astean hasi ziren azpiegitura horretako obrak, eta 1,83 kilometroko luzera izango dute. Bi herriak eta haien sare lokalak ibilbide seguru eta irisgarri baten bidez lotuko dituzte txirrindulariek eta oinezkoek.

Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok, Villabonako alkate Beatriz Unzue eta Irurako alkate Gorka Muruarekin batera, lanak hasi diren lekua bisitatu du, eta nabarmendu du bidegorriak funtsezko zeregina duela mugikortasun jasangarria sustatzeko eta klima-aldaketaren aurkako borrokan.

José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuaren hitzetan, “Villabona-Irurako bidegorriaren obren hasiera mugikortasun jasangarri, irisgarri eta seguruarekin herritar guztientzat dugun konpromisoaren adibide argia da. Azpiegitura horrek funtsezko bi herri konektatzeaz gain, bizimodu osasungarriagoa eta ingurumenarekiko errespetutsuagoa sustatzen du, bizikletaren erabilera eta oinezko joan-etorriak sustatuz. Gainera, deskarbonizatzeko gure estrategiari laguntzen dio, eta, horretarako, CO2 emisioak murrizten ditu eta gure sare lokalen arteko konexioa indartzen du. Aurrera egiten jarraitzen dugu Gipuzkoa berdeago, lotuago eta etorkizunarekiko konpromiso handiagoarekin”.

Gorka Murua, Irurako alkatearen esanetan, “Irura eta Tolosaldea osoarentzat azpiegitura garrantzitsua izango da Amasa-Villabona eta Irura lotuko dituen bidegorria, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuan ezinbestekoa baita herritarrei baliabide egokiak eskaintzea. Irurako Udalak aspalditik eskatzen zuen proiektu hau gauzatzea, mugikortasun eredua jasangarria eta garbia izan behar delako. Gaur egun, bi herrien arteko bizikleta bidezko lotura eroso eta segururik ez dago, baina lanak amaitzean, gure herriko enpresetan lan egiten dutenek bizikletaz joateko aukera egokia izango dute, baita aisialdirako ere. Albiste pozgarria da Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektua bultzatzea, eta etorkizun hurbilean, ingurumenak eta herritarrek onura nabarmenak jasoko dituzte”.

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak adierazi duenez, "Amasa-Villabonarentzat oso garrantzitsua da Amasa-Villabona eta Irura lotuko dituen bidegorria eraikitzeko lanak hastea, urteetan zehar egindako eskaera bati erantzuten baitio. Bi herrien arteko lotura honek eguneroko mugikortasun ohiturak aldatzeko aukera ekarriko du, batez ere industrialdera lanera joaten direnentzat, modu seguru eta jasangarriagoan mugitzeko aukera eskainiz. Gainera, aisialdirako baliabide berria izango da herritarrentzat, ibilaldi eta paseorako ingurune egokiagoa sortuz. Obra honek, ez bakarrik bi udalerriak hurbilduko ditu, baizik eta ingurumena errespetatzen duen mugikortasun aktiboa indartzeko urrats handia ere izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako apustua eskertzen dugu, eta hemendik aurrera ere elkarlanean jarraitzeko prest gaude gure herritarren ongizatea hobetzen jarraitzeko”.

Trazadura egokitua eta jasangarria

Bidegorria Amasa-Villabonako gasolindegitik eta beilatokitik igaroko da, 34 eta Ibaiondo industrialdeak zeharkatuz, Irurako ikastolara eta herriko herrigunera iritsi arte. Trazadurak txirrindulari-oinezko tarte partekatuak eta lurraren ezaugarrien arabera bereizitako ibilbideak konbinatzen ditu, N-1 errepidea modu seguruan zeharkatzeko aukera emango duten arrapalak eta pasabide bat barne.

GIRDER Ingenieros enpresak diseinatu du proiektua, ASMATUren obra-zuzendaritza izango du eta Campezo izango da eraikuntza enpresa. Berrikuntza nabarmenetako bat da zoladura bereziak jartzea ibilbidearen jasangarritasuna eta segurtasuna bermatzeko, bai eta ingurumen-inpaktua minimizatzen duten materialak erabiltzea ere.

Mugikortasun aktibo eta osasungarriaren aldeko apustua

Villabona-Irura bidegorria Gipuzkoako Bidegorrien Lurralde Plan Sektorialaren eta Donostia eta Beasain lotzen dituen I-3 ibilbidearen parte da. Azpiegitura horrek eguneroko joan-etorriak errazteaz gain, bizikletaren erabilera sustatuko du garraiobide osasungarri eta jasangarri gisa.

Proiektu horren bidez, Gipuzkoak beste urrats bat egin du deskarbonizaziorantz, CO2 emisioak murrizten lagunduz eta pertsona guztientzat irisgarriagoa eta konektatuagoa den mugikortasuna sustatuz.