DANTZAN IKASI mintegia: Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak

Gipuzkoako dantza sistemaren xehetasunak azalduko ditu Mikel Sarriegik Dantzan Ikasin sei saioko ikastaroan. "Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua" liburuan jasotakoak erakutsiko ditu saioz saio. Irailetik otsailera, hilean behin larunbat goiz batean eskainiko den saioen bidez joango da garatzen ikastaroa; saio batzuk Beasainen izango dira eta beste  batzuk Eibarren.

-ren irudia
 DANTZAN IKASI mintegia: Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak
  • Gidaria: Mikel Sarriegi
  • Data: 2024ko irailaren 21etik 2025eko otsailaren 15era.
  • Ordutegia: 10:00 – 13:30
  • Prezioa: 50€
  • Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen

Gipuzkoako dantza sistemaren xehetasunak azalduko ditu Mikel Sarriegik Dantzan Ikasin sei saioko ikastaroan. Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua liburuan jasotakoak erakutsiko ditu saioz saio. Irailetik otsailera, hilean behin larunbat goiz batean eskainiko den saioen bidez joango da garatzen ikastaroa; saio batzuk Beasainen izango dira eta beste  batzuk Eibarren.

  • Irailak 21: 1. Puntuak eta Aldairak; Oinpuntakoak, Sarrerak eta Itxierak
  • Urriak 19: 2. Aurrekariak, Arauak, Sentzilloak eta Paseoak
  • Azaroak 23: 3. Dantza-maisuak, Arauak, Punta-orpoak, Lauarinak eta Lasterkak
  • Abenduak 14: 4. Arau koreografikoak, Muriskak, Ostikoak, Txingoak, Oinjirak eta Pausoak
  • Urtarrilak 18: 5. Ondorio orokorrak eta lotura historikoak
  • Otsailak 15: 6. Laburpena eta Sistematizazioa

Berrehun urte pasa dira Juan Inazio Iztuetak Gipuzkoako dantzei buruzko liburua ezagutzera eman zuenetik. Azken hamarkada hauetan gure lurraldean aritu diren dantza-maisuen jakintza, praktika eta ondarea ikertu eta jaso dugu 2023an argitaratu dugun Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak liburuan. Azterketa lan horri esker eskuratu ditugun ondorioen bidez, bi mende hauetan Iztuetaren esanek eta, batez ere, dantza-sistemaren arau koreologikoek zer bilakaera izan duten landuko dugu hurrengo ikasturte honetan.

Iztuetak eman zituen azalpenak ezbaian jarri izan dira sarri askotan, baina orain arte erabili ditugun betaurrekoak ikusmira mugatukoak zirela konturatu gara. Zorionez, herriz herri eta, batez ere, ahoz aho fideltasunez gorde diren tradizioei esker, hainbat eta hainbat dantza-maisuren eskutik dantzaren bidez adierazteko modu bat osatzen duen ondare oparoa jasotzeko aukera izan dugu: dantzatzeko moduak, edukiak, lanabesak… gure dantza hizkuntza, azken batean, txirotzen aritu zaigu eta urteen eta mendeen poderioz ondutako aberastasunaren zati handi bat galtzeko zori bizian gaude mende hasiberri honetan.

Hogeita bost urtez mamitutako ikerketaren ondoren, Iztuetaren “oinordetza ezkutua” izendatu dugun horren oinarriak eta gakoak azaleratzeko aukera sortzen zaigu orain. Egungo dantza-maisuen dantza hiztegia eta gramatika bildu eta osatu ahal izan ditugu, eta horri esker, dantza-mugimenduen sistematizazio baterako proposamen berri eta osatuago baten oinarrizko azalpenak landuko dira ikasturtean zehar. Mintegi edo saio bakoitzean, teoriazko oinarriak azalduko dira lehendabizi, eta modu praktikoan landuko dira ondoren dantza-maisuen dantzatzeko erregelak, arau orokorrak eta koreografikoak, eta dantza-sistema osatzen duten mugimendu-mota eta -osagai guztiak (puntuak eta aldairak) xehetasun ahalik eta handienean.

Egitaraua

I. Puntuak eta Aldairak; Oinpuntakoak, Sarrerak eta Itxierak
1. Metodoa
2. Puntuak eta aldairak: Kontzeptuak
3. Puntuak eta aldairak: Xehadurak (I)
3.1. Oinpuntakoak eta punteatzea
3.2. Sarrerak, Itxierak eta Deiak

II. Aurrekariak, Arauak, Sentzilloak eta Paseoak
1. Aurrekariak
2. Arau orokorrak: Oin posizioak
3. Puntuak eta aldairak: Xehadurak (II)
3.1. Sentzilloak
3.2. Paseoak

III. Dantza-maisuak, Arauak, Punta-orpoak, Lauarinak eta Lasterkak
1. Dantza-maisuen sarea
2. Arau orokorrak: Gorputz jarrerak
3. Puntuak eta aldairak: Xehadurak (III)
3.1. Punta-orpokoak
3.2. Lauarinak
3.3. Lasterkak

IV. Arau koreografikoak, Muriskak, Ostikoak, Txingoak, Oinjirak eta Pausoak
1. Arau koreografikoak (I)
2. Puntuak eta aldairak: Xehadurak (IV)
2.1. Saltoak, Muriskak eta Ostikoak
2.2. Txingoak eta Belauntxingoak
2.3. Oinjirak eta Gurpilak
2.4. Pausoa, Korrika eta Saltarintxoa

V. Eguna: Ondorio orokorrak eta lotura historikoak
1. Arau koreografikoak (II)
2. Ondorio orokorrak
3. Aurrekari historikoak
4. Puntuak eta aldairak: Berrikusketak

VI. Eguna: Laburpena eta Sistematizazioa
1. Laburpen orokorra
2. Sistematizazio orokorra
3. Azken hitzak

Informazioa: Dantzan Ikasi