SORTUTAKOAK SOZIALA 7
Proiektuak aurkezteko epea 2024ko urtarrilaren 12 arte dago irekita.
- 561
Sortutakoak Gipuzkoan dantza-proiektu berriak sortzeko, garatzeko eta dibulgatzeko Gipuzkoako Dantzagunearen programa da. Bere baitan hartzen ditu, sorkuntza eta ikerketa koreografikora bideratutako diru-laguntzak eta egonaldiak. Sortzaileen lana sozializatzeko eta jendartean dantzaren sentsibilizazioa sustatzeko, Gipuzkoako Dantzaguneak ildo sozial bat du Sortutakoak deialdian: dantzaren sentsibilizazioari eta zabalkundeari eskainitakoa. Dantzak badu osagai sozial garrantzitsu bat, dantzan aritzetik ikuste hutsaren gozamenerainokoa, eta osasun fisiko eta emozionala mantentzeko jarduera da.
Dantza sozialarentzako proiektuak garatzea beharrezkoak direla uste dugu, garapen pertsonalean eta kolektibitatean laguntzen baitute. Mugimenduaren artearen bidez integratzen dira. Gizarte plurala sustatzen du, ezaugarri eta gaitasun anitzak dituzten pertsonak baldintza eta aukera berdinetan bizi ahal izateko. Sortutakoak Sozialaren bidez, proiektuak bultzatu nahi dira auzoetan eta haien biztanleekin, ikastetxeetan, hainbat elkartetan, kolektibotan eta abarretan, artea ezinbestekoa baita edozein gizartetan.
DEIALDIA
Gipuzkoako Dantzaguneak Sortutakoak sentsibilizazioa programaren laugarren edizioaren deialdia iragartzen du.
OINARRIAK
1. Partaideak
Deialdian parte-har dezakete:
- Konpainia edo talde egonkorrek
- Banakako proiektuek
- Proiektu zehatz baterako berariaz sortutako taldeek
2. Proiektuak
Deialdi honetara 2024 urtean zehar dantza dibulgatzeko jarduerak jasotzen dituzten proiektuak aurkeztu behar dira. Ondorengo atalak zehatz azaldu behar dira:
- Proiektuaren helburu eta kontzeptu orokorrak
- Proposatutako jardueren deskribapena, helburuak eta iraupena
- Programa osoan eta jarduera bakoitzean landuko diren balioak
- Kronograma
- Aurrekontua
Proiektuak baloratzeko irizpideen artean, proiektuek ondorengo lan-ildoak eta helburuak betetzea hartuko da kontuan:
- Hezkuntzaren eremuan dantza ezagutaraztea. Dantzak arte eta gizarte jarduera gisa duen balioa irakastea deialdiaren funtsezko helburuetako bat da. Jarduera artistikoa den neurrian, lehenetsiko da: sorkuntza-prozesuen eta koreografien oinarrizko klabeak lantzea; eta dantza, gizarte jarduera gisa, taldean egiten, ikusten eta kontsumitzen den aktibitatea dela erakustea.
- Ikuskizunetara publikoa erakartzea: dantzan emanaldiei lotutako publiko-komunitatea sortzeko jarduerak, ideiak, ekimenak, etab. lehentasuna izango dute proiektuak aukeratzeko orduan.
- Jarraitasuna: aurkeztutako proiektuen jarduerek epe luzera begirako jarraitasuna izatea garrantzitsutzat jotzen da. Proiektuei barne-kohesioa eta jarduerei proiektuarekiko koherentzia eskatzen zaie. Era berean, oso positibotzat hartuko da, deialdi honetatik areago, proiektuek etorkizunean lantzen segitzeko bokazioa izatea.
- Sormena: kreatibitatea dantzaren bidez garatzea bultzatuko duten jarduerak baloratuko dira proiektuetan. Arte-sorkuntzatik areago, dantzaren eta gorputz-mugimenduaren bidez, dantza sormen mota guztietarako tresna gisa erakustea .
- Dantza sozialeko proiektua garatzeko elkarte edo talde bati lotuta egotea.
- Proiektuak Gipuzkoan garatu beharko dira eta lurralde horretan bizi diren pertsonak izango dira hartzaileak.
3. Dirulaguntza
Sortutakoak Soziala 7 deialdian dantza sustatzeko proiektu bat aukeratuko da, eta 3.500€ko diru-laguntza jasoko du.
4. Epeak
Proiektuak aurkezteko epea: 2023ko abenduaren 14tik 2024ko urtarrilaren 12ra (15:00ak arte).
Proietua PDF dokumentu bakar batean bidali behar da sortutakoak.dantzagunea@gmail.com helbidera.
5. Komunikazioa
Proiektuaren egileak arduratuko dira proiektua ezagutarazteko beharrezko materiala emateaz, Gipuzkoako Dantzaguneak bere komunikazio-kanalen bidez ezagutzera eman dezan. Proiektuaren egileak arduratuko dira, baleude, proiektuan parte-hartuko duten adin txikikoen irudiak erabiltzeko baimen-orriak banatzeaz eta adin txikikoen arduradunen sinadurak jasotzeaz.
6.- Egonaldia egiteko aukera Gipuzkoako Dantzagunean
Proiektuko ezaugarriek hala eskatuko balute, Gipuzkoako Dantzaguneak Errenteriako Udalaren Niessen eraikinean dituen instalazioetan egonaldia egiteko aukera eta lehentasuna izango dituzte egileek. Balizko ordutegia eta egutegia Gipuzkoako Dantzaguneko kudeatzaileekin adostuko da.
7.- Prozesuaren dokumentazioa
Dantzaguneak, Eresbil Euskal Musikaren Artxiboarekin dantza dokumentatzeko eta ikertzeko materiala eta baliabideak sortzeko duen akordioaren arabera, Sortutakoak sentsibilizazioa 5 edizioko proiektu guztien kopia bat bidaliko du Eresbileko artxibora. Era berean, aukeratutako proiektuak eragindako dokumentazio-materiala ere bidaliko da.
Beren lanak Eresbila bidaltzea nahi ez duten proiektuen egileek beren proposamenean adierazi beharko dute hori. Horrek ez du eraginik izango epaimahaiaren erabakian.