Astelehenetik ostiralera 7:30etatik 14:30etara
Laborategiko sail honetan ureztatze, ibai eta estuarioetako uren, zabortegietako isurien, industriako isurien eta hidroponiako erabilerarako elikadura soluzioen analisiak egiten dira.
Jasotzen diren laginak batez ere Gipuzkoako Foru Aldundiko Uraren Kontrol eta Kalitate Unitatetik, Obra Hidraulikoetako Zuzendaritza Nagusitik eta Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzutik iristen dira.
Fraisoroko Laborategiak ENACek emandako 434/LE1057 zk. egiaztapena du, egiaztapen zerrenda kontsultatu ahal izateko, ikus ENAC-en web orria.
Laginaren ontzia uretan ondo pasa behar da bete aurretik, eta barruan airerik gera ez dadin saiatu behar da, likidoari gainezka eginaraziz.
Beharrezko kantitateak egin beharreko analisien parametroen araberakoak izango dira. Oro har, 1,5 litro ur nahiko dira saiakuntza kimikoak egiteko. Olio/koipe eta hidrokarburo analisiak egin nahi izan ezkero, beharrezkoa da beirazko botila batean beste litro bat ur ekartzea.
Analisi orokorrak eta olio/koipe analisiak egiteko laginak bidaltzeko asteko lehen egunak dira egokienak (astelehenetik asteazkenera).