Zer da TREBA Gurasoak?

 

TREBA Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimena da, eta gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. Tresna arina eta eraginkorra izan nahi du, hainbat eragileren lankidetzaren bidez, guraso izateari dagokion ezagutza lurralde osoan transmititzeko. Hazieraren eremu hori hain aldakorra izanik, gainera, bizia eta malgua izan nahi du, unean uneko errealitatera eta eskaerara egokitu ahal izateko.

 

Haur eta nerabeen heziketa-prozesuan, guraso guztiek behar dute momenturen batean laguntza, guraso bezala dituzten funtzioak era egokian garatzeko. Laguntza edo sostengu horrek, ordea, ez du izan behar konpontzailea edo terapeutikoa bakarrik; aitzitik, helburu prebentiboa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu. 

Gurasoei laguntza hori emateko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogiko bat osatu zuen.

2025ean zehar 113 hitzaldi eta tailer antolatuko dira Gipuzkoako 67 udalerritan. Gurasotasuna, garapen sozioemozionala, gizarte-testuingurua eta ingurune fisikoarekin zerikusia duten gaiak lantzen dira ikastaro hauetan.

 

 

GAIAK

Sexualitatea Pantailen erabilera Bullying egoerak Substantzien kontsumoa
Adimen emozionala Berdintasuna Familiako gatazkak Komunikazio ez bortitza
Arauak eta mugak Autoestimua Jokabide-menpekotasunak Kudeaketa emozionala
Heriotza/Dolua Elikadura-jarrera jasangarriak Suizidioa

 

 

Gurasotasun positiboa:

Gurasotasun positiboa da, funtsean, ikerketa sistematikoak pertsonen garapen psikologikoaren eraginaren arloan lortzen dituen aurkikuntzak familiei helaraztea; hau da, ebidentzia zientifikoan oinarritutako aurrerapenak haiei transferitzea. Hori familiek guraso izateko gaitasunak barneratzen dituztenean lortzen da; eta hala, seme-alaben garapen psikologiko osasungarria babestuko duen familia-testuingurua sortuko dute.

Gurasotasun positiboak harreman afektibo sano, babesle eta egonkorrak sustatzen ditu; errutina eta ohituretan egituratutako ingurune hezitzaile bat (arau eta baloreak malgutasunez transmititzen dituena) sortzen du; estimulazioa, babesa eta ikasteko aukerak ematen ditu; haurren eta nerabeen lorpenak eta gaitasunak aitortzea du oinarri; eta bide-laguntza ematen die beren egunerokotasunean. Aurreko guztia, gainera, indarkeria fisiko, emozional eta ahozkorik gabeko ingurune batean gertatzen da.

 

 

KONTAKTUA:

Haur, nerabe eta gazteen sustapen zerbitzua - Gipuzkoako Foru Aldundia

gazteria@gipuzkoa.eus

943 112431