Osasunaren Mundu Erakundeak honela definitzen du sexu indarkeria: “sexu ekintza oro, sexu ekintza bat egiten saiatzea, nahi ez diren iruzkin edo iradokizun sexualak egitea, edo pertsona baten sexualitatea beste pertsona baten bortxaz merkaturatzeko edo beste edozein modutan erabiltzeko ekintzak egitea, pertsona horrek biktimarekin duen harremana edozein dela ere, edozein eremutan, baita etxean eta lantokian ere”.
Sexu askatasunaren berme integralari buruzko 10/2022 Lege Organikoan aipatzen den bezala, funtsezkoa da pentsatzea tratu oneko sexu harremanek onarpena behar dutela. Onarpenak esan nahi du beste pertsonak askatasunez eta bere borondatez onartzen dituela harremanak, eta hori hitzen eta ekintzen bidez frogatzen duela.
Ez da onarpentzat hartzen eduki sexualeko ekintzak indarkeria, larderia edo abusua erabiliz egiten direnean, nagusitasun egoera edo biktimaren zaurgarritasun egoera baliatuz, zentzua galarazita dutenen aurka egiten direnean, edo biktimak edozein arrazoirengatik bere borondatea deuseztatua duenean.