Beheko irudian jasotzen da Herritarren Batzarren antolaera modu grafikoan:
Gipuzkoako Herritarren Batzarraren egutegi orokorra hau da:
Zein da MARKO OROKORRA?
Gipuzkoako Herritarren Batzarraren MARKOA
Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarren partaidetzarako abian jar ditzakeen tresnak, Herritarren Partaidetzako 5/2018 Foru Arauak, azaroaren 12koak, arautzen ditu. Bere 27. eta 28. artikuluetan daude jasota Deliberaziozko Demokrazia markoari erantzuten dioten prozesu eta tresna desberdinak. Deliberazio tresna hauen artean kokatzen dira Herritarren Batzarrak orohar, eta baita ELGAK (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) zehaztutako irizpideak jarraituaz antolatu den Gipuzkoako Herritarren Batzar hau ere.
Demokrazia Deliberatiboaren markoari erantzuten diote. Herritarren Batzarra da deliberazio-prozesu ordezkatzaileak inplementatzeko modu bat. Deliberazio-prozesu ordezkatzailea izeneko prozesuan zera egiten da: herritarren askotariko profilen adierazgarri den pertsona-talde batek informazioa aztertzen du, adostasuna bilatzeko deliberatu eta agintari publikoei zuzendutako gomendio zehatzak garatzen ditu. Prozesu hauek formatu desberdinak dituzte, besteak beste: herritarren batzarrak, epaimahaiak edo panelak.
Deliberazio-prozesu ordezkatzaile modu hau ezaugarritzeko, ELGAk (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) hiru elementu gako ezarri ditu:
Deliberazioa: informazio zehatza, garrantzitsua eta askotarikoa eskura izatea eskatzen du. Herritarren Batzarreko sustatzaileek informazio hori jartzen dute herritarren eskura eta herritarrak beraiek dira zein informazio behar duten identifikatzen dutenak.
“Ordezkatzeko” gaitasuna: zozketa bidez aukeratzen da herritar talde bat, taldea oro har, dagokion komunitate profil demografikora ahal den eta gehien egokitzeko.
Eragina/ inpaktua: Gipuzkoako Foru Aldundiak batzarrean parte hartuko duten herritarrek egindako gomendioei erantzutera eta horiei jarraipena emateko konpromisoa hartzen du.
Orokorrean Herritarren Batzarretan honako urratsak jarraitzen dira:
Jarraipen Batzordea sortzen da, non alderdi guztietako eta interes-talde nagusietako ordezkariek parte hartuko duten. Hau da Gipuzkoako Herritarren Batzarraren Jarraipen Batzordearen osaera.
Adituen Batzordea eratzen da Jarraipen Batzordearen pean. Talde honek sortuko du Herritarren Batzarrean gaia aurkezteko hasierako testua eta herritarrekin saioetan parte hartuko duten lehen hizlarien zerrenda proposatuko du. Hau izan da Gipuzkoako Herritarren Batzarraren Edukien Batzordearen osaera.
Zozketa zibikoaren bidez herritarrak ausaz aukeratzen dira honako irizpideak kontuan hartuta: adina, sexua, kokapen geografikoa, hezkuntza maila, jarrera galdera, eta hizkuntza ezagutza. Gipuzkoako Herritarren Batzarrean, Gipuzkoako katastroko etxebizitza guztien artean, Aldundiak zozketa bat egin du eta 15.000 helbide hautatu ditu. Etxebizitza horietara Gipuzkoako Herritarren Batzarrean parte hartzeko gonbidapena bidali da. Gonbidapen eskutitza jaso zuten herritarren artean bigarren zozketa egin zen eta aleatorioki 32 gipuzkoar aukeratu ziren, horiek izan dira Herritarren Batzarrean parte hartu duten Batzarkideak.
Herritarrekin saioak:
Informazio-fasea: jorratzen den galderaren arabera, askotariko ikuspuntuak eta ezagutza jasotzen dute herritarrek.
Deliberazio-fasea: herritarrek gaiaren inguruko solasaldiak egiten dituzte eta adostasuneko puntuak identifikatzen dituzte.
Gomendio-amankomunak aurkezteko fasea: Batzarrean parte hartzen duten herritarrek amankomuneko gomendioak idatziko dituzte eta horiek guztiak lehenesteko ariketa egingo dute. Hautatuko gomendioak erakunde publiko komanditarioari aurkeztuko dizkiote.
5. Erakunde publiko komanditarioak erantzuna emango die proposatutako gomendioei.
Gipuzkoako Herritarren Batzarrean emandako urratsetan sortutako informazioa web-orri honetan "Zer gertatzen ari da?" atalean jaso da.
Nola egiten du lan herritar batzar batek?
Nazioarteko adibideak: Herritarren Batzarrak
Herritarren Batzarrak ez dira berriak nazioartean; 70. hamarkadatik aurkitu ditzakegu hainbat herrialdetan, azken urtetan indarra hartu badute ere. Jarraian kasu batzuk:
Irlanda - hainbat Herritar Batzar egin dira 2012tik; besteak beste, abortuaren gaiarekin zerikusia duen Konstituzioaren artikulua edo genero berdintasunarena jorratu dira.
Australia - aitzindaria da Herritarren Batzarrak abian jartzen. Hona hemen adibide bat: Yarra Valley-n (Victoria Estatuan) uraren prezioa eta kudeaketari buruzkoa.
Kanada - prozesu asko antolatu dituzte azken 20 urteetan. Azkenekoan, Adierazpen demokratikoa landu dute.
Azken urte hauetan, hainbat Herritarren Batzarrek klimaren gaia landu dute:
Knowledge Network On Climate Assemblies (KNOCA) sareak Klima Herritar Batzarren ezagutza jaso eta partekatzen du.
Batzar gehienak gai zehatz bati erantzuteko antolatzen dira. Hala ere, badago sakoneko mugimendu bat batzar horiek instituzionalizatzeko lanean diharduena; nazioarteko bi adibide dira Ostbelgieneta Paris.