Errenta kanpainan, aukeratu euskara harremanetarako hizkuntza
Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuarekin harremanak euskaraz izan ditzakete herritarrek eta eskaera hori egiteko une egokia izan daiteke errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina. 2023an 92.173 herritarrek egina zuten hizkuntza hautu hori eta helburua 100.000 herritarretara iristea da.
- 197
Errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina une egokia da euskara Ogasunerakiko harremanetarako hizkuntza moduan aukeratzeko eta urtez urte gora doa harreman horiek euskaraz nahi dituzten herritarrak. Gaur-gaurkoz 92.173 dira aukera hori egina dutenak, 2021ean baino ia 9.000 herritar gehiago eta, beraz, goranzko joera du harremanak euskaraz nahi dituzten herritarren kopuruak.
Izan ere, Gipuzkoako Foru Ogasunak gizarte garapenari egiten dion ekarpen nagusietako bat da bere zerbitzuak kalitatez ematea eta, zentzu horretan, funtsezkoa da herritarren hizkuntza hautua errespetatzea. Hala, Ogasunak bermatuta du herritarrei ahoz zein idatziz harremanak euskaraz emateko zerbitzua. Izan ere, Ogasunaren helburua da harremanak euskaraz nahi dituzten herritarren kopurua 100.000 pertsona fisiko izatera hurbiltzea. Tamaina horretako euskarazko erabiltzaile multzoa lortzeak zentzua ematen dio azken hamarkadetan herritar, enpresa eta entitateek hizkuntza berdintasunaren alde egindako ahaleginari.
Errenta aitorpenari dagokionez ere, euskaraz egiteko aukera ematen du Ogasunak, noski. 2023ko errenta kanpainan (2022ko ekitaldiari dagokionean), Gipuzkoan, 77.7738 zergadunek aurkeztu zuten euskaraz errenta aitorpena. Hori aitorpen guztien %19.22 da. Hala ere, kontuan izan behar da zergadun horiek familia unitatearen izenean aritzen direla eta, beraz, kopuru horren atzean jende gehiago dago.
Errenta aitorpenaren kanpainan hizkuntza aukeratu
Bide hauek erabil daitezke hizkuntza aukera egiteko:
- Errenta mekanizatuko bulegoak: aitorpena egiten lagunduko duen langileari Ogasun eta Finantza Departamentuarekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adieraziz.
- Autolikidazio proposamena telefonoz edo internetez onartzean.
- Foru Ogasunaren Zergabidea plataformaren bitartez, errenta aitorpenean sartzean eta errenta aitorpena bidaltzean.
- Errenta aitorpena egiteko gestoria bat erabiltzen bada, errenta aitorpena euskaraz egin eta Ogasunarekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adieraziz.
Kanpainatik kanpo hizkuntza aukeratzeko beste modu bat (030 eredua)
- Internetez. Foru zerbitzu telematikoen Gipuzkoataria gunean, identifikazioarekin sartuta: Online tramiteak > Hainbat departamenturen zerbitzu erkideak > Herritarren datuen foru errolda > Harremanetarako aukerak.
- Ogasuneko herritarren arretarako bulegoetan.
- Aldundiko erregistro zentralean.
Ogasun arloko hiztegia ezagutu