Euskararen VII. Erabilera Plana onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2024-2027 urte tarterako
Diputatuen Kontseiluak onartu du plana eta euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko tresna izango da. Hainbat erronkari erantzuteko baliagarria izatea da helburua, besteak beste, sortze hizkuntzan aurrerapausoak emateko, lidergoa bultzatzeko, hizkuntzen kudeaketa zehar lerro modura txertatzeko eta kontratazioan eragiteko.
- 368
Diputatuen Kontseiluak Euskararen Erabilera Plana onartu du martxoaren 26an egindako Diputatuen Kontseiluan. 2023-2027 epeari dagokion planak Foru Aldundian euskara lan hizkuntza izateko erronkak eta helburuak jartzen ditu eta foru erakundearen baitan indarrean egongo den zazpigarren plana da. “Aurreko urteetan egindako lanak oinarri sendo bat eskaintzen dio Aldundiari, plana garatzeko eta proposatzen diren neurriak gauzatzeko. Euskara foru administrazioan komunikazio, zerbitzu eta lan hizkuntza izan dadin lan egiten jarraitzeko tresna izango da”, aurreratu du Irune Berasaluze foru bozeramaileak.
Aurreratu duenez, langileen %96k egiaztatuta dauka dagokion hizkuntza eskakizuna eta horrek “abiapuntu sendoa” eskaintzen dio Aldundiari, behin hizkuntzaren ezagutza hedatuta, datozen urteetan euskararen erabileran “jauzia” eman ahal izateko. Horrela, foru erakundearen 2024-2027 Plan Estrategikoan jasotako helburuetako batean aurrera egiteko aukera eskainiko du Euskararen Erabilera Planak: erakunde mailan, Aldundiaren jarduera euskaratik eta euskaraz izatea.
Euskararen VII. Erabilera Planak ezartzen duen xedea da foru administrazioa epe laburrean euskararen ezagutza unibertsalizatu eta erabilera lehenetsiko duen erakundea izan dadin lan egitea eta, epe ertainera begira, berriz, “dauzkagun arauetatik abiatuta, datozen urteetan Aldundia euskararen arnasgune soziofuntzional” bihurtu dadin sustatzea. Zeregin horretan, Berasaluzek sakondu duenez, “hizkuntza eskubideen bermeak gidatuko du” Aldundiaren jarduera, “ziurtatuz herritarren hizkuntza aukera errespetatzea, bereziki, administrazioarekin dituzten harremanetan”. Horretarako, euskarak bizi duen egoera soziolinguistiko “desberdin eta desorekatua” kontuan izanda, Aldundiak “lehentasunez” erabiliko du euskara, “eredugarria eta erreferentziazkoa” izateko administrazioari dagokion ardura betez.
Norabide horretan, euskararen Erabilera Planak lau erronka nagusi ezartzen ditu adierazi du. Lehenik, ezagutzan egindako aurrerapena “sortze hizkuntzan islatzea”, hau da, euskarak foru erakundearen lan hizkuntza gisa duen pisua areagotzea. Bigarrenik, Aldundiko arduradun politiko eta teknikoen “lidergoa” bultzatzea, langileen, herritarren, udalen eta eragile sozioekonomikoen aurrean “euskararen aldeko jarrera proaktiboa” izan dezaten. Hirugarrenik, kudeaketarekin lotutako lan tresna eta lan prozedura guztietan hizkuntzen kudeaketa zehar lerro gisa txertatzea. Eta, azkenik, “kontratazio publiko arduratsuaren” bidez hizkuntzaren normalizazioan eragingo duten “hizkuntza klausula egokiak” garatu eta txertatzea, genero berdintasunean, arlo sozialetan edota ingurumenean egiten den moduan.