Arnasguneen garapena, "Lurraldea eta Hizkuntza" jardunaldian hizpide
Arnasguneen prebentziotik garapenerako jauzia aztertuko dute "Lurraldea eta Hizkuntza" jardunaldien laugarren edizioan. Ikastaroa urriaren 10ean izango da, Azpeitian, eta irekita dago izena emateko epea
- 499
Urriaren 10ean izango da "Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen Prebentziotik Garapenera" jardunaldia, Azpeitian. Jardunaldiaren laugarren edizio honetan, udalerri euskaldunen garapenean zentratuko dira eta hizkuntzaren eta garapen soziokultural eta ekonomikoaren arteko lotura aztertuko dute. Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalen arabera, garrantzitsua da arnasguneak babestu eta horren aldeko politikak bultzatzea eta hori da, hain zuzen, jardunaldi horretan landuko dutena. "Arnasguneetan modu naturalean eta kolektiboan gertatzen da euskararen transmisioa eta gune horiek zaindu eta bereziki ondo kudeatzen jakin behar dugu". Jardunaldiaren antolaketan Aldundia, Kontseilua, UEMA, Gaindegia, Azpeitiko Udala eta UEU aritu dira eta irekita dago izena emateko epea.
Aldundiarentzat gai garrantzitsua da lurraldea eta hizkuntza uztartzearena, izan ere, Aldundiak ez du etorkizuneko Gipuzkoa euskararen presentzia sendorik gabe ulertzen. Hori dela eta, hizkuntzaren gaia zeharkakotasunez zaindu beharreko aldagaia dela adierazi du Mendizabalek, euskara politika orokorretan txertatzea lortuz gero bultzatuko baita benetan hizkuntza. "Asko dira zuzenean edo zeharka euskarari eragin diezaioketen alorrak eta, beraz, gainontzeko esparru horietan hartzen diren erabakietan ere oso kontuan hartu behar da hizkuntza". Hori dela eta, euskara zerbitzuetako langile eta arduradunez gain, gainontzeko esparruetako langile eta arduradunak ere jardunaldian izena ematera animatu ditu.
Ildo beretik mintzatu da Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao ere eta, haren esanetan, arnasguneek euskararen normalizazioan betetzen duten rolak berebiziko garrantzia du. Udalerri euskaldunen garapenean euskarak izan behar duen presentziaren garrantziaz jakitun, garapen horrek jasangarria izan behar duela adierazi du eta aurtengo jardunaldia jasangarritasun horretara bideratuta dagoela nabarmendu nahi izan du. "Garapen jasangarria eredu hartuta, garapenerako jauzia egingo dugu aurtengo jardunalditik aurrerako bidean. Oinarri batzuk jarriko dira, norabidea markatuko da".
Jardunaldi honen garrantzia azpimarratu nahi izan du, halaber, UEMAko lehendakari Josu Labakak. "Guretzat benetan garrantzitsua eta pozgarria da gai honen inguruan honelako elkarlana sentitzea, euskalgintzaren, unibertsitatearen eta erakunde publikoen artean". Jardunaldia elkarlanean antolatu izanak balio handia duela iritzi dio, izan ere, kontua ez da herri euskaldunen babesa eta zaintza, gakoa garapena da eta horrek euskara etorkizunera begira jartzen du. Beraz, jardunaldia mugarria izan daitekeela iruditzen zaio, euskarari eragiten dioten erabakiak euskara zerbitzuetatik kanpo ere hartzen baitira eta gune horietan euskararen aldagaia barneratzea pausoa bailitzateke. "Udalerri euskaldunak benetan garatzea da arnasguneen izaerari eusteko bide bakarra eta horrek ildo berriak zabaltzea eta alor ugaritan ekitea eskatzen du". UEMArentzat, beraz, lehentasuna da horiek nabarmentzea eta lanerako ildoak zehaztea.
Horrez gain, oso kontuan izan behar da aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari direla gure bizimoduan eta horrek arnasguneetan eragin nabarmena du. Gaindegiaren arabera, bizitzeko modu berriak gazteen mugikortasuna areagotu egiten du, jarduera ekonomikoetan egiturak aldatu egiten dira, herrien antolaketa aldatu egiten da... eta horrek guztiak hizkuntzari ere eragiten dio. Beraz, aldaketa horien aurrean, arnasguneak ondo kudeatu behar dira eta egitasmo soziokultural eta sozioekonomikoak ikuspuntu integral eta holistikoz pentsatu.
Azpeitia. Arnasgune garrantzitsua da Azpeitia, herri hori baita 20.000 biztanle inguru dituen herrien artean euskaldunena. Hala, bertako alkateak aitortza modura ulertzen du aurtengo Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldia Azpeitian antolatu izana. "Azpeitia herri euskalduna da oso, baina gure ardura da horrela izaten jarraitzeko neurriak hartzea. Ziur asko ikastaro honek lagungarri zaigun giltza edo pistaren bat emango digu".