Donostiako Udaleko 14 zinegotzi osoko bilkuretan euskararen erabilera areagotzeko ikastaroa egiten ari dira

Donostiako Udalak osoko bilkuretan euskararen erabilera areagotzeko esku-hartze erronkari eutsi egin dio eta 2021eko ekainetik 14 zinegotzi, 10 emakume eta 4 gizon, ahozko jarduna hobetzen laguntzeko ikastaro teoriko praktikoan parte hartzen ari dira. Urrian amaituko da eta helburua da jendaurrean efikaziaz hitz egiteko eta ahozko azalpenak emateko gaitasuna hobetzea.

 

Ikastaroan lantzen ari diren helburu orokorrak, besteak beste, hauek dira: ahozko adierazpenak era egituratuan eta eraginkorrak egiteko gaitasuna lantzea; mezua, egitura, hizkera… arlo horien gakoak ezagutu eragina handitzeko; laneko terminologia lantzeko iturri eta baliabideak ezagutzea; komunikazio eraikitzailea eta positiboa lantzea eta autoestimua eta konfiantza areagotzea eta segurtasuna eskuratzea

 

Ikastaroaren edukierari dagokionez, laneko komunikazio-egoera errealak lantzen dituzte zinegotziek eta, urduritasuna eta beldur eszenikoa kontrolatzeaz gain, jendaurrean komunikatzen ikasteko prozesua aberatsa garatzen ari dira. Inprobisazioa, diskurtsoaren egitura, koherentzia eta kohesioa lantzen dute, gorputzaren espresioa eta ahotsaren laguntzaz.

 

2017. urteaz geroztik, Donostiako Udalak Gipuzkoa Berdinago izeneko egitasmoan parten hartzen du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta lurraldeko hainbat erakunderekin batera, eta honako erronka hau zehaztu zuen: “osoko bilkuretan euskararen erabilera areagotzeko esku hartzea”. Horrela, 2020ko udazkenean, Euskaraldiaren harira, talde guztietako ordezkari bakoitzak aukeratutako rolaren (belarriprest / ahobizi) arabera jokatzeko proposamena egin zitzaien, eta hizkuntza erabileraren bilakaera ikusteko iraila-azaroa bitarteko 4 osoko bilkuretako hizkuntza erabilera neurtu zen; emaitza oso adierazgarria izan zen, Euskaraldiko egunetan egindako saioan euskararen erabilera irauli egin zen (%65,35 euskaraz eta %34,65 gaztelaniaz).