Heziketa eta lana euskaraz garatzeak duen garrantzia lantzen du LH Duala euskaraz egitasmoak

Lantokiko Prestakuntza eta Duala euskaraz eskaintzen duten lantokien komunitateko esperientziak aitortzea da helburu nagusia. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketa Sailburuordetzak eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak eta LANEKI elkarteak LH DuaLa Euskaraz egitasmo berria aurkeztu dute. Euskaraz, balioa erantsi lanari lemapean, Lanbide Heziketan euskarak duen balioaren kontzientzia eta jarrera piztea nahi da. Helburu nagusia da, heziketa eta lana euskaraz garatzeak duen balioa ikusaraztea eta Lantokiko Prestakuntza eta Duala (LP-Duala) euskaraz ari diren lantokien komunitateko esperientziak aitortzea.

Lanbide Heziketarako euskarazko baliabideez arduratzen den LANEKI elkarteak eta Lanekiren elkartekideak diren Ikaslan eta Hetel elkarteek, erakundeekin elkarlanean dihardute euskarazko LP-Duala sustatzen.

Egitasmo berri honek bere marka propioa du, LP-Duala euskaraz burutzeko hautuari nortasun propioa emate aldera, horretarako EUS laburdurarekin euskara nabarmentzen duen eta zigilu itxura duen irudi berria aurkeztu da. Euskaraz lan egiteak produktu edo zerbitzu profesionalei balioa eransten diela nabarmentzen du egitasmoak, eta aldagai horrek, lehiakorragoak eta lurraldearekin lotura handiagoa izaten laguntzen diela Gipuzkoako lantokiei.

Horrez gain, datuei erreparatuz, azken urteetan Lanbide Heziketan euskaraz matrikulatutako ikasleen kopuruak gora egin du, 2020-2021 ikasturtean Gipuzkoan matrikulatutako 16364 ikasletatik 7948 ikasle euskaraz matrikulatu zirelarik, ikasleen %48a. Iazko urtean %41a izan genuen eta beraz, aurtengo ikasturtean gorakada izan du. Hori dela eta, gaur aurkeztutako proiektuak ikasgeletako errealitate horrek, lantokietan segida izatea du helburu, hezkuntzan egindako inbertsioak isla izan dezan Gipuzkoako lantokietan. Gainera, egitasmoaren nondik norakoak jasoko dituen webgune berri bat argitaratu da, www.lhdualaeuskaraz.eus atarian aurkituko dena. Orain martxan jarritako egitasmo hau iaz landutakoaren jarraipena dela, Euskaraz talentua gara! lema izan zuena. Web atari berrian informazio erabilgarria eskuratu ahal izango da, eta horrez gain Autodiagnostikorako tresna eta Geomapa kontsultatzeko aukera eskainiko du, sarbide zuzen bitartez.

LH DuaLa euskaraz egitasmoa ez da bere horretan gelditzen, komunikazio aktiboaren aldeko apustua duen egitasmoa baita. Izan ere, LH DuaLa euskaraz-ek bere komunikazio kanal propioak izango ditu, sare sozialak eta buletin digitala besteak beste, eta informazio-eskuliburu fisikoa ere eskuratu ahalko da. Egitasmoa 2021 urtean zehar garatuko da, eta amaiera ekitaldi bat antolatuko da parte hartu duten lantoki, ikastetxe eta ikasleak egindako lana aitortzeko. Gainera, egitasmoarekin bat egiten duten pertsonak protagonista bilakatzea da helburua, eta horretarako testigantza ezberdinak jasotzen dituzten bideo pilulak ikusgai egongo dira.
 

Aurkezpen prentsaurrekoaren albistea: https://www.gipuzkoa.eus/eu/-/heziketa-eta-lana-euskaraz-garatzeak-duen-garrantzia-nabarmenduko-du-lh-duala-euskaraz-en-kanpaina-berriak