Garabide - 2022

Munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen dituen Gobernuz Kanpoko Erakundea da Garabide Elkartea. 2005ean sortu zen eta gaur-gaurkoz hamaika hizkuntza komunitateren biziberritze prozesuetan hartzen dute parte. Hona Garabide Elkartearen webgunerako esteka: www.garabide.eus

Hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan laguntzeko, euskararen normalizazioan pilatutako jakintza hartzen du Garabidek oinarritzat. Euskalgintzak azken 40-50 urteetan egindako bidea oso garrantzitsua izan da eta estrategikoak izan daitezkeen hainbat esparrutan aurrera pauso handiak eman dira: hezkuntzan, kulturgintzan, helduen alfabetatzean... Hori dela eta, euskalgintzatik ondo egindakoak esportatzen dituzte, biziberritze prozesuetan sartuta dauden beste hizkuntza gutxitu horientzat baliagarria izan daitezkeelako.

Hori horrela, oro har, Garabidek ondoko helburu nagusiak ditu:

- Garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuen lankidetza bideratzea, euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta.
​​​​​​​- Munduko hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuetako eragileekin lankidetza proiektuak garatzea. Lankidetza proiektu horiek hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren esparruetan gauzatzea, hezkuntzaren alorrean indar berezia jarrita.
​​​​​​​- Euskararen eta euskal kulturaren garapenean ari diren erakundeek beren esperientzia eskain dezaten sustatzea, hizkuntza komunitate minorizatuetako ordezkariek Euskal Herrian zein bide egin den ikus dezaten.

Beraz, hori guztia egiteko, hizkuntza komunitate gutxituetako eragileekin lankidetza proiektuak hitzartu eta eramaten ditu aurrera. Hizkuntza komunitate horietan dauden beharrak identifikatu ondoren, euskararen esperientziatik ekarpena egiteko.