Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Harrera-protokoloa

Zergatik harrera-protokoloa

XXI. mendeko gizartearen ezaugarri behienetakoa da aniztasunarena. Pentsamendu, ideia eta mundu-ikuskera askotarikoak dituzte mendebaldeko edozein lurraldetan gaur egun bizi diren biztanleek, eta baita bizitzeko era desberdinak ere. Iragan mendean abian jarri eta egunez egun areagotzen ari da globalizazioa, eta bere eraginez gizarte-aniztasuna are eta dibertsitate handiagoarekin ari da garatzen;  komunikazioak errazten ditu elkarren ezagutzak eta harremanak, eta horrela, pertsonen mugimenduak biderkatuz, migrazio-mugimendu askotarikoak gertatzen ari dira, gehientsuenak arrazoi ekonomikoek eraginda, bizimodu hobearen bila.

Migrazio-mugimendu horrek Gipuzkoan sortzen duen dibertsitateak ez ditu ezaugarri homogeneoak; bertaratzen den pertsona orok du bere bizitza-ibilbide propioa, asmo, amets eta esperantza partikularra. Baina, denek dute batzen dituen ezaugarri bat ere, hain zuzen, harrera-protokolo honen zergatia azaltzen duena: Gipuzkoan berriki lekuturik, bertako gizartearekin harremana ahalik eta egokiena izan dadin informazioa, koordinazio eta harreman hurbilaren beharra. Herri Administrazioak, batez ere Udalek dute horretan eginkizun ordezkaezina, etorri berrien eta xede-gizartearen arteko harremana ahalik eta azkarren izan dadin gizarte kohesionatuaren mesedetan, eta justizia sozialaren izenean.

HELBURU NAGUSIA

 

Gipuzkoako Administrazioari hizkuntza-aniztasunaren zaintzan migrazioaren kudeaketarako tresna aurreratua eta integrala eskaintzea da HARRERA-PROTOKOLOaren helburu nagusia.

Zehazki, udal-mailako politikari eta teknikariei bertara etorri berri diren biztanleei harrera egiteko jarraibide egituratu eta praktikoa eskaintzea.

Nolanahi ere,  proposatzen diren ildo nagusiak gizarte-eragile eta norbanakoek ere baliatu ditzaten espero izatekoa da.

 

Harrera-protokoloa honako ideia nagusi hauetan oinarritzen da:

  • Biztanleria etorri berriaren eta bertakoen artean gizartea eraikiko bada beharrezkoa da kudeaketa-eredu aurrerakoi eta partekatua garatzea.
  • Elkar ezagutzea funtsezkoa izango da elkar ulertzeko: hizkuntza, kultura, beharrak, betebeharrak, eskubideak.
  • Bizikidetza, justizia soziala eta aukera-berdintasuna ziurtatzea gizarte aurrerakoien ezaugarri bereizgarria da.

HELBURU ZEHATZAK

Helburu nagusia erdiesteko, ordea, zehazki honako xedeak ere kontuan hartzea komeni da:

  • Harrera pertsonalizatua eta osatua eskaintzea hiritar etorri berriari.
  • Teknikariak eta arduradun politikoak trebatzea, elkarbizitzarako oinarriak finkatzeko.
  • Gizartea sentsibilizatzea.
  • Kultura eta hizkuntza desberdinen aitortza bermatzea eta euskara kohesio hizkuntza izan dadin sentsibilizatze-programak burutzea.
  • Baliabideen (pertsonal zein ekonomikoak) erabilera egokia ziurtatzea.
  • Kultura- eta hizkuntza-aniztasuna aitortzea, balioa ematea, zabaltzea,  eta aukera-berdintasuna eta justizia soziala bermatzen dela zaintzea eta ebaluatzea.
  • Erakundeak, eragileak eta hiritarrak bizikidetza-plangintzan eta kudeaketan inplikatzea.

PRINTZIPIOAK

Harrera-protokoloaren definizio zehatza eta bere inplementazioa gidatuko dituen printzipio nagusiak ere kontuan hartzekoak dira. Honakoak dira, besteak beste:

  • OSOTASUNA. Harrera-protokolo honek hiritar guztiak izango ditu xede, ez soilik lurraldera etorri berri diren biztanleak, soilik horrela ziurtatuko baita dibertsitatearen onarpenean oinarritutako aukera-berdintasuna.
  • ZEHAR LERROTASUNA. Arlo guztien inplikazioa lortzea ezinbestekoa da, harrera-protokolo hau arrakastatsua izan dadin. Beraz, berariaz landuko dira sail guztietako kideen sentsibilizazioa, formazioa eta koordinazioa.
  • ANIZTASUNAREN AITORTZA eta ZAINTZA ziurtatzea helburu goren du protokolo honek aberastasun-iturri bezala. Arreta berezia jarriko zaio, batez ere, kultura- eta hizkuntza-aniztasunari.
  • ELKARBIZITZA. Harrera-protokolo honen nahia da elkarren errespetuz, eta  mesfidantzen gainetik bizikidetza sendotzea.
  • PARTE-HARTZEA. Protokolo honek gizarte osoaren inplikazioa proposatzen du  proiektu partekatu bezala. Beraz, ahaleginduko da bertako jatorria duten biztanleen sentiberatasunarekin batera parte-hartzea ere aktibatzen.
  • AUKERA-BERDINTASUNA. Biztanle guztiek dituzte eskubide eta betebehar berak; beraz, justizia sozialaren izenean, saiakera berezitua egingo da ziurtatzeko egoera zaurgarrian egon daitezkeen pertsonen aukera-berdintasuna.
  • GENERO IKUSPEGIA. Egungo gizarteak duen egiturazko emakumeenganako desberdintasunak eskatzen du ekimen publiko guztietan diskriminazioa eragin dezaketen jardueretan erreparatzea, are arreta handiagoarekin diskriminazio-mota desberdinak uztartzen direnean (erlijioa, jatorria, kultura, sexu-joera etab.). Harrera-protokolo honek, beraz, hurbiltasun esplizituarekin tratatuko du genero-ikuspegia eta beharrezko diren neurri zuzentzaileak aplikatuko ditu bertan proposatzen diren ekimen guztietan.
  • EUSKARA hizkuntza erdigunera ekartzea. Gipuzkoan hitz egiten diren hizkuntza guztiak aitortzeko eta zaintzeko borondatea du protokolo honek. Ezinbesteko egitekoa du, ordea, euskara jardueraren erdigunera ekartzea, bertako jatorrizko hizkuntza izanik, abian duen biziberritze-prozesuak biztanle guztien parte hartzea inplikatzen duelako.  Horrela, euskarak gizarteko parte izateko duen balio ordezkaezina dela eta, guztion arteko kohesioaren balioa ere aitortuko zaio;  eta, beraz, protokoloak ziurtatuko du harrera-prozesu osoan presente egongo dela.

INPLEMENTAZIORAKO ARDATZAK

Harrera-protokoloa arrakastatsua izan dadin, ziurtatu beharko litzateke bere inplementazioan parte hartuko dutenek bere diseinuan ere parte izatea, baita tokian tokiko egoerari egokitzerakoan ere.

Ondoren proposatzen dira lau arreta-ardatz nagusi inplementaziorako lagungarriak izango direnak, beti ere, tokian tokiko ezaugarrien araberako egokitzapenekin baliatu beharrekoak.

 

1) UDAL-MAILAKO ARRETA KOORDINATUA ZIURTATZEA

Funtsezkoa da arreta koordinatua eskaintzea udalerrira etorri berriaren herriratzerakoan. Beraz, udal-mailako artatze-mapa marraztea lagungarri izango da, gutxienez, ondoren zehazten diren zerbitzu eta arreta-guneen kasuetan.

  • Erroldatze-prozesua;
  • Orientazio  orokorra, formazioa eskaintzen den zerbitzua;
  • Berdintasuna eta aniztasunaren lanketarako berariazko arloa;
  • Gazteria, hezkuntza eta kirola saila;
  • Euskara eta kultura garatzeko zerbitzua;
  • Enplegua eta garapenerako informazio-guneak;
  • Gizarte eta ongizateko zerbitzua;
  • Etxebizitza eta udaltzaingoa saila.

 

2) ARRETA BEREZITUA BERMATZEA

Harrera-protokoloa udal-mailan eraginkorra izan dadin, gutxienez hiru giza talderen inplikazioa bermatu beharko da, hirurak izango direlako, kasu gehienetan, ezinbestekoak. Arrazoi hori tarteko, hiru taldeekin sentiberatasuna eta parte hartzea esplizituki sendotzea komenigarria da:

  • Arduradun politikoak, ezarritako helburuak bete daitezen behar diren giza baliabideak zein ekonomikoak abian jartzen direla eurek ziurtatu behar baitute;
  • Teknikariak eta beste langileak, hartzen diren erabakiak inplementatzeko eurak direlako inplikazio nagusiena dutenak;
  • Gizarte eragileak gizarte kohesioa erdiesteko elementu katalizatzaile ordezkaezinak direlako.

 

3) DINAMIZAZIO SOZIALA ETA LANKIDETZA SUSTATZEA

Udal-zerbitzuetatik harago, herri-mailako dinamizazioak lagungarriak izango dira harrera-protokoloak dituen kohesiorako xedeak betetzeko. Horrela, tokian tokiko egokitzapenekin, honakoak dira diseinatu eta bideratu daitezkeen ekimenak:

  • Gune partekatuak sortzea erakundeen, eragile sozialen edota norbanakoen artean.
  • Harrera fisikoak, sozialak edota kulturalak prestatzea jatorri, kultura eta hizkuntza-aniztasunaren presentzia hurbiletik ezagutu eta konfiantzazko gune publikoak sortzeko.
  • Elkarren aitortza ezagutzatik etor daitekeelako, sentibera lantzeko ekimen ludiko-sozialak prestatuko dira izaera askotarikoak izango direnak: herriko festak, kirol-esparrukoak, kultur ekintzak.

 

4) ZERBITZU BERRITUAK ESKAINTZEA

Etorri berriaren herriratze-prozesuan zerbitzu berrituak eskainiko dira kultura eta hizkuntza-aniztasunaren kudeaketari begira:

  • Aniztasunaren integrazioa xede nagusi du protokolo honek, bereziki, hizkuntza-aniztasunari dagokiona. Arrazoi horregatik, berariazko saiakera egingo da, alde batetik, etorri berrien kultur ezaugarrien eta hizkuntzen inguruko informazioa biltzeko, eta, bestalde, hizkuntza-aniztasunaren zaintzan aplikagarri diren neurriak aztertzeko eta abian jartzeko.
  • Hizkuntza zehatzetako kudeaketarako proposamenak aztertu eta landuko dira tokian tokiko hiztun-dentsitatearen arabera.
  • Hizkuntza-aniztasun handiaren aldeko jokabide zehaztua definitu eta inplementatuko da, aniztasunaren aitortza esplizitua egiteko.
  • Euskararen presentzia ziurtatuko duen protokoloa finkatuko da, hizkuntza-aniztasunaren erdigunean bere presentzia eta biziberritze-prozesua helburu komuna dela ziurtatuko duena.

 

ARDURADUN POLITIKOEN EGITEKOA ETA BALIABIDEAK

 

1. ARRETA KOORDINATUA ZIURTATZEA

Biztanleria etorri berriaren artatze-prozesuan administrazioak bere ardurapeko sail guztietako eskaintzak era koordinatuan eta elkarren osagarri antolatzea ezinbestekoa da, gutxienez honako esparrutan: erroldatze-prozesuan eta orientazio orokorra eskaintzen den gunean, helduen formazioarekin lotura duten kasuetan, berdintasuna eta aniztasuna lantzen den sailetan, gazteria, aisia eta kirolaren eskaintzetan eta, batez ere, eskolaren inguruan informazio zehatz eta zabala eman behar denean. Ildo horiek, jakina, euskara eta kultura esparruak berekin integratuta dituztelarik lantzea komenigarria da.

Horrez gain, informazioa modu koordinatuan lantzeko esparruak dira bertaratutako bizimoduaren antolaketarekin zer ikusia duten enpleguaren, garapenaren eta etxebizitzaren arlotakoak, hala nola, gizarte edo ongizate zerbitzutakoak.

 

2. ARRETA BEREZITUA EMATEA HARRERAN PARTE HARTZEN DUTENEI

Harrera arrakastatsua izan dadin garrantzizkoa izango da lekuan lekuko plangintza bertan parte hartuko dutenen artean diseinaturikoa izatea. Helburu horrekin, lehentasunezko eginkizuna izango da guztien sentsibilizazioa areagotzeko jarduerak edota formazioa bideratzea, bereziki, arduradun politikoei, teknikariei eta beste langileei, eta eragile sozialei.

 

3. DINAMIZAZIO SOZIALA ETA LANKIDETZA SUSTATZEA

Herri mailako harrera dinamizatzeko helburuarekin komenigarritzat hartu da gune partekatuak sortzea. Sortze-prozesu horretan parte izango dira udal-mailako erakundeak, herrian sentiberak diren eragile sozialak eta norbanakoak. Horrela, harrera fisikoa egiteko sor daitezkeen ekitaldi sozialak edota kulturalak antolatzeko aukera egongo da. Ekitaldi horien helburua izango da, besteak beste, aniztasunaren inguruko aitortza, ezagutza eta partekatzeko askotariko saioak egiteko plataformak sortzea, izan festa-girokoak, kultura-esparrukoak, aisia aldikoak edota kirol-esparrukoak.

 

4. ZERBITZU BERRITUAK ESKAINTZEA

Aniztasunaren integraziorako arreta berezia jarriko da hizkuntza-aniztasunaren lanketan, kontuan izanda proposatzen diren kudeaketarako irizpideak. Alegia, garrantzizkoak izango dira hizkuntza zehatzetako kudeaketarako proposamenak edota hizkuntza-aniztasun handiaren aldeko jokabide zehaztuak.

 

5. BALIABIDEAK

Harrera-protokoloaren kudeaketarako ereduaren inplementaziorako esleitu beharreko baliabideak bi eratakoak izango dira

  • Pertsonalak: a) inplementaziorako teknikarien eta langileen trebakuntza kontuan hartuko duena, b) beste eragile publikoen lankidetza sustatzeko plangintza egingo dutenak, esate baterako, eskolekin eta beste zerbitzu publikoekin, eta c) Gizarte eragileen lankidetza sustatzeko plangintza bideratzeko.
  • Ekonomikoak: Identifikaziorako ikerketa sozial berriak burutzeko esleituko direnak, euskara ikasteko finantzazio moduak ziurtatzeko baliabideak, hizkuntza zehatzak ezagutzera emateko plangintzen finantzazioa bideratzeko eta, planaren inplementazioaren ebaluazio eta zuzenketa-planen finantzazioa ziurtatzeko.