Mintzalagun ekimena - 2011

Euskal Herrian, mintzapraktika saio antolatuen programa Donostian sortu zuen lehenik, 1993. urtean, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak. Ikusirik euskaraz ikasteko ahaleginetan ari ziren donostiar askok ez zuela ingurune egoki bat hizkuntza erabiltzeko, euskaldun berri haiekin mintzatzeko lagun bila hasi ziren. Bikotetan, hirunaka, batzuetan taldeka, mintzalagunak sortu ziren: euskaraz mintzatzen, lagun egin ziren asko eta asko. Kataluniako Voluntaris per la llengua ekimenetik hartua zuen argia Bagera Elkarteak.

Hizkuntza bat ikasteko, motibazioa eta erabilera ezinbestekoak dira. Donostiako mintzalagun ekimenaren sorreratik, motibazio integratzailea bultzatzea izan du helburua Bagera Elkarteak. Mintzalagun programa sortu zenetik, oso motibazio ezberdineko ikasleak izan dira mintzalagun: hizkuntza eskakizuna lortzeko beharra dutenak, lanpostu bat eskuratzeko hizkuntza jakitea garrantzizkoa dela pentsatzen dutenak, hizkuntza maite dutenak, hizkuntza berreskuratu nahi duten euskaldun zaharrak, inguruan euskaraz norekin hitz egin ez dutenak... Motibazioak oso ezberdinak izanik, ikasitakoa praktikan jartzeko ?hizkuntza erabiltzeko? aukera eman izan die guztiei mintzalagun programak.

Beraz, mintzalagunaren helburu nagusia euskararen erabilera bultzatzea izan da, hastapenetik. Hori da, euskara ikasleak euskaltegian ikasitakoa erabiltzeko ?besteak beste, beldurra eta lotsa gaindi ditzan? bideak jartzea. Bagera Elkarteak zubi-lana egin izan du, eta egiten du gaur egun ere, euskaltegiaren eta kalearen artean. Berehala, Lasartera, Arrasatera, Getxora, eta beste zenbait herritara zabaldu zen donostiarrek hasitako esperientzia. Hiztun berriei laguntzeaz gainera, aukera bat ireki zuen mintzalagun programak, euskararen erabilera gune publikoetara zabaltzeko: euskara komunikatzeko tresna ez ezik, gizarte bizitza garatzeko tresna ere badela erakutsi nahi zuten mintzalagunek. Donostiarren ereduaren indar oparoaz jabeturik, herri herriz sortutako mintzapraktika programen inguruko lehen mintegi bat egin zen Eibarren, 1998. urtean. Gisa berean, mintzalagun lanetan ari ziren talde guztien artean elkarretaratze handiago baten bila, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioan eta AEKn mintzapraktika batzordeak sortu ziren. Gainera, 2001. urtean Bizkaian zenbait eragileren artean Berbabarri egitasmoa sortu zen, mintzapraktika programak koordinatzeko xedez, Bizkaiko Foru Aldundiak, AEK-k, Uztarri euskaltegiak eta Topaguneak sustaturik. Geroztik, garabide oparo bat ezagutu dute mintzalagun, berbalagun, mintzakide, solaskide edo, herrien eta euskalkien arabera, izen desberdineko mintzapraktika programek. 2006. urtean, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat sinatu zen elkarlanean jarduteko, eta 2007. urtetik aurrera, AEK-k eta Topaguneak hitzarturik dute koordinazio lana (mintzapraktika.org), Euskal Herrian barna 78 herritan edo eskualdetan. Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen mintzalagun ekimenak Donostiako Udalak ematen duen Herritar Merezimenduaren Domina jaso zuen, 2010eko San Sebastian bezperan.