Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Nor gara?

Euskararen erabilera normalizatzeko VII. plangintzaldia

Aldundiaren 2023-2027 urteetako jardun linguistikoa arautzen du

Eusko Jaurlaritzaren aginduz, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko guztiek euskararen erabilera normalizatzeko bost urteetako planak egin behar izaten dituzte eta, tartean, noski, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bai. Jaurlaritzak irizpide batzuk zehazten ditu eta horietan oinarrituta erakunde publiko bakoitzak egin behar izaten ditu plan horiek, erakunde bakoitzaren errealitate linguistikoa kontuan hartuta.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren kasuan, Euskararen VII. Erabilera Planak ezartzen duen xedea da foru administrazioa epe laburrean euskararen ezagutza unibertsalizatu eta erabilera lehenetsiko duen erakundea izatea lortzea. Horretarako, Aldundiak lehentasunez erabiliko du euskara, eredugarria eta erreferentziazkoa izateko administrazioari dagokion ardura betez. Hein berean, lau erronka nagusi ezartzen ditu:

  • ​​Erakundean euskararen ezagutzan izan diren aurrerapenak sortze hizkuntzan islatzea, hau da, euskarak foru erakundearen lan hizkuntza gisa duen pisua areagotzea.
  • Aldundiko arduradun politiko eta teknikoen lidergoa bultzatzea, langileen, herritarren, udalen eta eragile sozioekonomikoen aurrean euskararen aldeko jarrera proaktiboa izan dezaten.
  • Kudeaketarekin lotutako lan tresna eta lan prozedura guztietan hizkuntzen kudeaketa zehar lerro gisa txertatzea.
  • Kontratazio publiko arduratsuaren bidez, hizkuntzaren normalizazioan eragingo duten hizkuntza klausula egokiak garatzea eta txertatzea.

GFAren plan estrategikoa 2024-2027

Plan estrategikoaren 2.5 helburuan jasotzen dira hizkuntza helburuak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2024-2027 plan estrategikoan hizkuntza helburuak berariaz daude jasota eta 2.5 atalean aipatzen da transmisioan, kontzientziazioan, gizartearen aktibazioan, lankidetzan eta berrikuntzan lan egingo dela euskararen erabilera areagotzeko, biziberritzeko eta hizkuntza berdintasunean aurrera egiteko.

2.5 helburu estrategikoa: Euskara bizitzako arlo guztietan lehentasunez erabiltzea

  • 2.5.1: Euskararen transmisioa eta erabilera bermatzea, euskara gizartea kohesionatzeko hizkuntza bilakatuz.
  • 2.5.2: Euskara biziberritzeko euskara, arlo sozioekonomikoa eta lurraldea lotuko dituen paradigma berria sortu eta bultzatzea, eraginkorrak diren ekimen esperiemtalak elkarlanean sustatzea eta eskalagarriak direnak abian jartzea.
  • 2.5.3: Hizkuntza estrategia berriak proposatzea, ulermen unibertsala landuz, hizkuntza teknologiak sustatuz, komunikazio kanal berriak euskaraz bermatuz eta teknologia berrietaz baliatuz.

Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak eta zereginak

Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak eginkizun orokor hauek ditu:

  • Gipuzkoako bi hizkuntza ofizialen berdintasuna sustatzeko helburuarekin, euskararen aldeko neurri bereziak hartzea.
  • Euskararen ondare eta kultura balioaz jabearaztea.
  • Euskararen erabilera soziala normalizatzearen aldeko konpromisoa indartzea gipuzkoar guztien artean.
  • Euskararen erabilera soziala normalizatu eta sustatzearekin zerikusia duten ekintzetan gainerako administrazio publikoekin elkarlana sakondu eta sendotzea.
  • Gipuzkoako Foru Aldundian euskararen erabilera normalizatzeko jarduera planifikatzea eta erakundearen kudeaketa orokorraren baitan txertatzea, departamentuek eta zerbitzuek izan dezaten plangintza betetzeko ardura, horretarako behar adina aholkularitza, lankidetza, partaidetza eta prestakuntza, eskainiz.
  • Itzulpen politika eraginkorra gauzatzeko oinarrizko irizpideak zehaztu eta ezartzea, euskararen erabilera normalizatzeko planaren barruan; eta, zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundian hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duten xedapenen arabera.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontratazio eta diru laguntza espedienteetan hizkuntza ofizialen erabileraren araudia betetzen dela bermatzea, Gipuzkoako Foru Aldundian hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duten xedapenen arabera.      
  • Euskararen erabilera normalizatzeko prozesuan herritarren parte hartzea bultzatzea.

Besteak beste, Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren lan programak esparru hauetara zabaltzen dira:

  • Informazioaren eta jakintzaren teknologien eremuan euskararen erabilera hedatzen laguntzea.
  • Euskarazko ikus-entzunezkoen eta eduki digitalen sorkuntza eta hedapena bultzatzea partaidetzazko ikuspegi batez eta kultura produktuen kontsumoa eraginez.
  • Euskal kulturaren eta hizkuntzaren esparruan estrategikotzat jotzen diren kultura industriak sustatzea eta inbertsioak suspertzea, batez ere ahozkotasunaren transmisioari, aisiari eta euskarazko literatura sorkuntzari dagokienez.
  • Kulturaren, aisiaren eta kirolaren esparruetan euskararen erabilera soziala hedatzeko programak antolatu eta laguntzea.
  • Gipuzkoako udalerriekin koordinazio eta lankidetza egonkorreko programak ezartzea, Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera soziala sustatzeko onartuak dituen irizpideen eta plan orokorren arabera.
  • Euskararen udal arduradunen eta normalizazioko udal teknikarien lana laguntzea.
  • Gipuzkoako Lurralde Historikoaz kanpoko eremuetan euskararen erabilera sustatzen duten administrazio publikoekin eta bestelako erakundeekin elkarlana bultzatzea.
  • Gipuzkoako Foru Aldundian euskararen erabilera normalizatzeko plana zehaztea departamentu eta zerbitzuekin lankidetzan, eta haiei laguntzea plana ezartzen, betetzen eta ebaluatzen.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren barne zerbitzuetan euskararen erabilera garatu, sustatu eta arrazionalizatzeko urteko planak egiten laguntzea departamentuei eta zerbitzuei.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren mende dauden erakunde publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko planak egiteko lankidetza eskaintzea.
  • Langileen hizkuntza trebakuntzarako programak (ALET programa) planifikatu, kudeatu eta ebaluatzea.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu eta zerbitzuei nahiz Gipuzkoako Aldizkari Ofizialari eskaintzen zaien agirien itzulpen eta zuzenketa lana, eta hizkuntza aholkularitzakoa planifikatu eta kudeatzea.
  • Itzulpen eta interpretazio lanak kanpoko enpresekin kontratatzeko urratsak modu zentralizatuan definitu eta kudeatzea Foru Aldundiko departamentu guztientzat.
  • Foru Aldundiko departamentuek hedabideen aurrean egiten dituzten aurkezpenetan eta gisakoetan hizkuntza irizpideak txertatzea eta interpretazio zerbitzua eskaintzea.
  • Kanpoko enpresek Foru Aldundiko departamentuentzat egindako dokumentu elebidunen hizkuntza kalitatea gainbegiratu eta ziurtatzea, batik bat administrazio kontratuen alorrean.
  • Euskararen erabilera sozialaren normalizazioarekin zerikusia duten epaimahai, batzorde eta lan taldeetan parte hartzea.

Hausnarketa estrategikoa

Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak 2020-2023 aldirako Plan Estrategikoa landu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Plan Estrategikoak ezarritako ikuspegi orokorraren barruan.

Jakina denez, Aldundiak Gipuzkoa ezberdintasun ahalik eta txikienak dituen lurraldea izatearen alde egin du, ekonomia, gizarte eta genero ikuspegitik bezala, hizkuntzaren esparruan ere. Horrela, ideia honi jarraituz eta hizkuntzen arteko oreka handiago bat lortzeko bidean, Aldundiaren jardunean euskarak izango du lehentasuna, eta helburu hori bera sustatuko du lurraldeko beste eragileengan.

Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak, 2020-2023 Plan Estrategikoarekin, lortu nahi du, alde batetik, hiztunen arteko berdintasun giroa indartzea Gipuzkoako gizartean; eta, bestetik, Foru Aldundiaren departamentuetan eta langileen artean ahalduntze prozesua sendotzea, euskara izan dadin Aldundiaren zerbitzu hizkuntza eraginkorra eta ohiko lan hizkuntza.

 

Jaso ezazu hemen Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa

Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren 2020-2023 Plan Estrategikoa