GNAT KONEKTA

 

Gipuzkoarrek naturarekin duten harremana sustatzea etengabeko helburua da Gipuzkoa Naturaldiaren ibilbidean. Maite duguna babesten dugula eta ezagutzen duguna maite dugula dioen premisatik abiatuta, Gipuzkoa Naturaldiak gure inguruko balio natural hurbilenak zabaltzen ditu, kontserbatu ahal izateko.  Baina inguratzen gaituzten ingurune naturalen kontserbazioa eta babesa sustatzeaz gain, naturarekiko harremanak onura zuzenak ere ekartzen dizkio pertsonari.

Azken hamarkadetan ugaritu egin dira naturaguneek gure osasunean eta ongizatean dituzten onura fisiko, psikologiko eta sozialei buruzko ikerketak, eta, horren inguruko argitalpen zientifiko nagusien arabera, honako hauek dira ingurune naturalekiko harremanak gure osasunean sortzen dituen onura nagusiak: osasuna eta hautemandako bizi-kalitatea hobetzea, morbilitatea murriztea, hilkortasuna gutxitzea, gehiegizko pisu- eta obesitate-tasa txikiagoak, osasun kardiobaskularra mantentzea, osasun mentalari egiten dion ekarpena, ongizatea lortzen laguntzen duen euskarri eta gizarte kohesioko efektua eta terapeuta efektua.

Baina naturaz ari garenean, zertaz ari gara? Denok pentsatzen dugu gure lurraldeko parke naturaletan, mendiko baso eta zuhaiztietan, oraindik ere ia birjinak diren ibai eta ibaiertzetan, gure kostaldeko itsaslabarretan... Baina, natura garbienetik, ondoen kontserbatutik -eta ahul eta babestuenetik- haratago, badira Gipuzkoan balio naturalez gozatzeko aukera ematen diguten beste gune batzuk, onura ugari ekartzen digutenak eta biodibertsitateari eustea ahalbidetzen dutenak, hala nola hirietako eta hiri inguruetako parkeak.   Horregatik, Departamentuak aktiboki lan egiten du Gipuzkoako Azpiegitura Berdeen Sarea mugatzeko, kontserbatzeko eta hobetzeko. Sare horrek naturaguneak lotuko ditu elkarren artean eta hain birjinak ez diren beste gune batzuekin, urbanizatuagoekin, lurralde naturala zatituz  —birmoldatuz—. Aldi berean, aukera emango du gure herri eta hirietatik gertu natura desberdin, funtzional eta interesgarri batez gozatzeko.

GNAT KONEKTAren asmoa da:

  • Gipuzkoarrek naturarekin duten harreman maila ezagutzea
  • Gipuzkoarrei naturarekin harremanetan egotea erraztea, bai hurbilen dagoen parke "berdean", bai mendi baliotsuenaren eta babestuenaren tontorrean, baita etxetik ere, horretarako baliabide ugari eskura jarriz.

                                                                                                                                           320x162