NATURBAROMETROA

Hainbat ikerketak frogatu dute naturarekin dugun harremanak, batez ere haurtzaroan, eragin positiboak dituela neska-mutilen hezkuntzan, osasun fisikoan, ongizate emozionalean eta trebetasun pertsonal eta sozialetan.  Gainera, harreman horrek herritar arduratsu bihurtzen laguntzen die: naturarekin harremana badute, litekeena da ingurumenarekiko interesa sentitzea eta hura gozatu, zaindu eta kontserbatzeko jardueretan parte hartzea.

Gipuzkoako neska-mutikoek ba al dute harremanik naturarekin? Bai? Ez? Harreman handia? Harreman txikia? Nahikoa?

Zaila da pertsonek naturarekin duten harreman maila neurtzea, baina ez da ezinezkoa.  Hegaztiak Babesteko Errege Elkarteak eta Essexeko Unibertsitateak (biak Erresuma Batukoak) zehaztutako metodologiari jarraituz, ikerketa bat egin dugu Gipuzkoako 8 eta 12 urte bitarteko ikasleen artean, lurraldeko 1.860 haurren parte-hartzeari esker.  Emaitzak ondorioen dosierrean aurki ditzakezu, edo azterlanaren dokumentu oso ikus dezakezu.

Helduen gaineko Naturbarometroak horiek naturarekiko duten lotura-maila eta harremana ezagutzea du helburu, eta, horretarako, hainbat alderdiri heltzen dio, besteak beste hauei: natura-inguruneekiko estimua, naturarekin kontaktua duten maiztasuna, kontaktu horren ondorioz beren osasun fisiko eta mentalerako hautematen dituzten onurak, eta naturaguneetan egiten dituzten jarduera motak.

Horretarako, azterlan soziologiko bat egin dugu Gipuzkoako 16 urtetik gorako biztanleen artean, telefono bidezko elkarrizketa pertsonalak eginez biztanleriaren lagin adierazgarri bati —600 pertsonari—. Elkarrizketa horietan, hainbat galdera egin dizkiegu naturarekiko duten lotura eta estimu mailari buruz.

Helduen gaineko Naturbarometroak, gainera, Gipuzkoako herritarrek naturaren kontserbazioaz duten pertzepzioarekin lotutako alderdiak jorratzen ditu, hala nola naturaren degradazioak sortzen duen kezka-maila, natura kontserbatzeko arrazoien artean garrantzitsutzat jotzen direnak, eta herritarrek gehien estimatzen duten natura-mota.

Era berean, naturaren dibulgazioak oro har eragiten duen interesarekin lotutako hainbat alderdi aztertu dira, baita zabalkunderako erabilitako kanal eta jarduera motak ere (zinema eta dokumentalak, liburuak eta gidak, bidaiak, interpretazio zentroak, eta abar). Hori guztia, Gipuzkoa Naturaldiaren dibulgazio jarduerak hobetzeko eta naturaren ezagutzan eta kontserbazioan herritarren proportzio handiago baten interesa pizteko